Foroa martxan!

2020/05/26
Portada.jpg
Ikuspegi kritikoa garatzea ezinbestekoa da mundua hobetzen jarraitu nahi badugu. Hainbeste gai daude inguruan, hainbeste aldatzen dira gure mintzaigaiak egunerokoan, gaur da klima aldaketa, bihar da errobotazazioa, beti da indarkeria eta beti botere-harremanak. Elkarrizketen eta tertulien boteprontoan ideiek forma hartu dezakete baina iruditzen zaigu denbora pausatuagoa denon mesede dela eta horrexegatik, bakoitzak nahi duen lekutik eta nahi duenean idazteko Kafekistanen Foroa sortu dugu.

Ondorengo estekan dago Foroa ikusgai: https://labur.eus/Q7nh1

Kafekistanen landuko ditugun euskarriekin hasiko gara hasiera batean, pentsatuz, gai askotaz eztabaidatzeko aukera ematen dutela, eta gerora, parte hartzaileok joango gara bideratzen nondik jarraitu nahi dugun, zein hariri heldu nahi diogun eta zeinetaz egin nahi dugun paso.

Eztabaida garrantzitsua da, ikasketa prozesu etengabea da bestearekin gure iritziak partekatu, aldatu, adostu eta osatzea, eta aspaldion jarduera hau sare sozialen espazio murritz eta konfrontatibora mugatuta dugula iruditzen zaigu. Horregatik nahi diogu Foroaren aukera zabaldu, badakigulako asko duzula esateko, eta denon artean askoz hobeak garela banaka baino.

Iruzkinak egiteko zure izen edo ezizena jarri beharko duzu, hizkuntzaren hautua norberak erabaki dezala, Euskaltzaindia ez da ibiliko iruzkinak zuzentzen, baina hori bai, errespetua Foroko ezinbesteko baldintza izango da. 

Atea irekita duzue, baimenik eskatu gabe, nahi bestetan sartu barrura! 

Kafekistan: zuk esaten ez dituzunak ezin dituelako inork esan.