Fralib: langileek kooperatiba bihurtu nagusiak itxitakoa
Pello Zubiria Kamin, Argiako zuzendariaren albokoa. (Artikulu Argia 2418. alean argitaratu da)
Maiatzaren 27an berria zabaldu du Politis astekariak bere webgunean: “1.336 eguneko borrokaren buruan, Fralibeko langileek lortu dute Unilever multinazionalarekin ituna, enpresa kooperatiba moduan berriro abiaraztea baimendu behar diena”. Biharamunean obreroek batzarrean eman dute adostasuna eta Scop T.I kooperatibaren lehen urratsei ekin. Bastamag gunean Sophie Chapellek titulatu du: “Fralibeko langileek Unilever erraldoiari irabazi diote”. Frantziako ezkerreko jende askorentzako albiste handia izan da besteren artean Lipton markako tea ekoizten zuen lantegi hau bizirik atxikitzea.
"2010eko irailean korporazioak Gémenoseko te usina itxi egin zuen eta 182 langile kalean utzi"
Sophie Chapellek “Fralib: des salariés créatifs en lutte contre une multinationale cupide” kronikan kontatua du enpresaren historia. Pastis edari gozoak famatu egindako Ricard konpainiarenak ziren Eléphant infusio marka eta Marseilla ondoko Gémenos herriko te fabrika. 1972an Unilever multinazionalak erosi zituen eta gero Lipton markakoekin elkartu enpresa berean, hori baizik ez da Fralib.
2001etik aurrera ekin zion jatorriak Holandan eta Britainia Handian dauzkan Unileverrek konpainiaren enpresa sarea berregituratzeari, benetan etekinak ematen dituzten atalak besteetatik bereizi eta urruntzen, komertziala Parisera, Europa osoko erosketen zentrala Suitzara, eta abar.
"Langileek, hasteko, demostratu zuten Unileverren argudioa ez zela egiazkoa"
2010eko irailean korporazioak Gémenoseko te usina itxi egin zuen eta 182 langile kalean utzi, argudiatuz Europan taldearentzako tea egiten duten hiru lantegietan lehiakortasun gutxiena berak zuela. Orduan ekin zioten borrokari enplegatuek. CGT sindikatukoak ziren hautatutako ordezkariak. Eta hauek ibili dira gidari 1.336 egunetan.
Langileek, hasteko, demostratu zuten Unileverren argudioa ez zela egiazkoa. 2011n landu zuten adituekin elkarlanean txosten bat non azaldu zuten, hasteko, 1.000 tonatan kalkulatzen zela Gémenoseko fabrikaren errentagarritasun maila eta itxi zutenean 2.900 ari zela ekoizten. Te kaxa 1,60-2,60 euro artean saltzen bazen, langileen kosteak 0,15 baino txikiagoak ziren.
"Te kaxa 1,60-2,60 euro artean saltzen bazen, langileen kosteak 0,15 baino txikiagoak ziren"
Mundu osoan 167.000 langile enplegatzen dituen erraldoia da Unilever, hainbat markarekin merkaturatuz: Axe, Dove, Omo, Flora, Hellmann's, Knorr, Lipton, Lux, Magnum, Rama, Rexona, Sunsilk... Frantziako adarrak, CGTren kalkuluetan, 2008an bertan 750 milioi euroko etekinak banatu zituen nagusien artean. Horietatik 200dik gora Suitzako zentralera bidali zituen, beti ere legeetan ondo babesturik. Horrelako mugimendu batek baimendu zion urte bakar batean Frantziako estatuari 67 milioi euro gutxiago ordaintzea zergatan.
Norena da Eléphant zaharra?
Fralibeko langileen apustua hasieratik izan da itxieragatik protesta egiteaz gain B plan bat antolatzea. Horren hari nagusiak 2011rako markaturik zeuzkaten, aholkulari enpresa batek lagundurik. Enpresa berria kooperatiba izateaz gain, ikusi zuten fabrikak etorkizuna eduki zezakeela Unileverrek makinak eta eraikinak utzi, Elephant marka euro bakar sinbolikoan saldu eta makinak ostera abian jartzeko diru bat aurreratzekotan.
"Frantziako adarrak, CGTren kalkuluetan, 2008an bertan 750 milioi euroko etekinak banatu zituen nagusien artean"
Azpiegiturak utzi eta dirua jartzeko prest azaldu zen Unilever, baina Elephant marka askatzeko ez. Frantziako merkatuan daukan izenaz gain langileek garrantzia ematen zioten Marseillan 1892an The de l’Eléphant sortutako markak Proventzako eskualdearentzako daukan balio sinbolikoari. Honetan ez du amore eman erraldoiak, klase guztietako boikot eta ekintzak jasan arren, eta beste marka batez merkaturatu beharko dute Scop T.I kooperatiba osatu duten beharginek.
CGT sindikatuaren Unileverreko atalak bere webean azaldu ditu Fralibeko langile ohiek lortutako akordioaren xehetasunak. Lurzorua eta eraikinak administrazioaren esku geratzen dira, eta euro bakar sinbolikoaren prezioan ekipo administratibo eta industrial guztiak ere. Unileverrek diruz lagunduko du enpresa berria abiarazten eta langileen plan alternatiboa aurrera ateratzen. Sare komertziala antolatzen lagunduko die, merkatua aztertzen eta marka berria sortzen.
"Fralibeko langileen apustua hasieratik izan da itxieragatik protesta egiteaz gain B plan bat antolatzea"
Multinazionalak onartu du ere langileen formakuntza diruz laguntzea eta Gémenosen dauden makinak modernizatzea. Kooperatiba berria martxan jartzeko bidean bere gain joango da langileen ordezkarien soldatak pagatzea.
Dena ondo badoa, duela hiru urte eta erdi enpresa ixtean ari ziren 182 langileetatik 76 hasiko dira kooperatiba berrian. Te eta infusio ekologikoen merkatuan zentratuko dira. “Ahal den neurrian inguruko ekoizleen produktuak erabili nahi ditugu, nahiago bertako ezkien lorea Errumaniatik ekarritako baino”. Tea bezalako beste lehengaiak urrundik ekarri behar direnean, Marseillako portua eta hurbileko kanalak lehenetsiko dituzte.
Kontua, proiektu berriaren arduradunek diotenez, ez da soilik ekologiko edo bio zertifikatua. Langileek ikusi dute nola 2001ean Unileverrek baztertu zituen betiko osagai naturalak, usain eta zaporeak kimikaz ordezkatzeko. “Jendeari ahaztarazi zaio gauza bakoitzaren zaporea. Orain askok bi zorrotxo ipini behar dituzte uretan zerbait dastatu ahal izateko. Lehen egiazko ezkiz, mendaz eta laranjaz egiten ziren infusioak, hemen bertan landuta”.
Maiatzaren 27ko itunarekin bizi berri bati ekin diote Gémenoseko langileek. Marrazoz beteriko merkatu batean bizirauten ikasi beharko dute infusio naturalak salduz. Lortuko duten? Usina ixtea erabaki zuen Unileverrek apustu egingo dizu ezetz, hamaika argudio ekonomiko eta komertzial erakusten ditu www.fralib.fr gunean.
Multinazionalak kaleratzeko kalte-ordain moduan pagatuko dizkien 20 milioi euroekin abiatuko dute kooperatiba berria langileek. Langileen ordezkari Olivier Leberquierrek Reuters agentziari esan dio: “Ez dugu borrokatu lortzeko txeke handiagoa baizik eta berriro lanean hasteko tresna industriala. Ezin dugu esan irabazi dugula fabrika ostera abiatu eta proiektua mamitu arte, baina lehen garaipen honek etorkizuna badugula sinestea ekarri digu”.