FTQren Ordezkari Sozialen Sarea: Quebeceko ordezkaritza sindikalaren aktore alternatiboa
Mélanie Dufour-Poirier eta Francine D’Ortun. Artikulua osoa hemen eskuragarri.
Krisi sanitarioarekin laneko arazo psikologikoak mundu guztian zehar hedatu dira; telelana oro har derrigortu izana horren lagungarri izan da agian. Hala ere, Covid-19ak sortutako pandemia baino askoz lehenago ere laneko osasun mentaleko arazoak ulertu ziren krisi sozial mundial baten epifenomeno gisa. Kanadan balioetsi zen osasun mentalaren kostua urtean 20.700 milioi dolar zela eta bajen kostua, herrialdeko soldatamasa osoaren %12. Zehazki, urtean 500.000 kanadar inguru falta izaten da lanera osasun psikikoan dituzten arazoak medio. Biztanlerien osasunari buruzko inkestaren arabera 2016an Quebecen langileen %26ak estres emozional handia pairatzen zuen, eta horietako %60ak bere lanari egozten zion, guztiz edo zati batean. Hain zuzen, ikerketa batzuek adierazi dute lotuta daudela lana antolatzeko modua eta osasun mentaleko arazo jakin batzuen nagusitasuna; honek esan nahi du lanaren krisi bat egon badagoela. Horrela, gero eta konplexuagoa da ustez lan hori egiteko baldintzen inguruko erronken errepresentazioa bermatu behar zuten aktoreen modus operandia; aktore horien artean dira, besteak beste, sindikatuak.
Artikulu honek Quebeceko lan harremanen sistemako aktore alternatibo baten erretratua marraztu nahi du, zeinak bere esku-hartzeekin lan-eremuetan dagoen gizatasun defizit iraunkorra osatu nahi duen: Fédération des travailleurs et des travailleuses du Quebec-eko (FTQ) Delegatu Sozialen Sarea. Sare sindikal honek proposatzen du kideen arteko laguntza molde bat, kasu askotan enplegu-emaileek onartua, eta beste batzuetan are babestua: esperimentazio instituzionaleko ekimen nabarmen bat da, zeinak aukera ematen duen ekintza sindikaleko ahalmen gero eta hobeto egituratuak garatzeko, laneko kalte psikologikoen prebentzioaren erreferentzia hartuta.
Gaia ezagutzen ez dutenei azaltzeko, esan dezagun FTQ dela probintziako sindikatu nagusia, 600.000 bat langile dituelarik afiliatuta, sektore pribatuan zein publikoan. Bestalde, DSak sostengurako eta osatze prozesurako agenteak dira, beren lankideei entzuteko prest eta haiekin uneoro gertuko harremana, konfiantzazkoa, izaten saiatzen direnak, lantoki barnean1: inplizituki jokatzen dute maxima honen arabera: “Besteari entzutea izana ematea da”. Bertatik bertara esku hartuz (edota lantokietako kale-langile gisa, euren burua definitzea maite ohi duten moduan), DSak saiatzen dira entzuketa aktibo eta enpatikoa egiten eta erreferentzia baliagarriak eskaintzen (mediku, psikologo, abokatu eta abarrengana bideratzeko kontzeptua) langileengan krisi-egoerei aurre hartzeko. Interbentzio- eta prebentzio-eremu anitzetan dihardute, eta hauek Sarea 1983an sortu zenetik bilakaera izan dute: alkoholismoa eta era guztietako menpekotasunak; zorpetzea; bikote barneko bortizkeria matxista; maila guztietako harreman-bortizkeria (besteak beste lankideen artekoa); jazarpena (sexual eta psikologikoa); ludopatia; ziberdependentzia; depresioa; akitze profesionala, etab. Kasu oso larrietan (esaterako, bere buruaz beste egin duen langile baten lankideen arreta, zenbait kasutan lantokian bertan), litekeena da DSek laguntza osagarria ematea, enplegu-emaileek antolatutako enplegatuentzako laguntza-programetan (PAE) proposatzen direnez gainera; hauek sarritan kanpoko enpresa batek kudeatzen ditu zeina langileen errealitatetik urrun dagoen.
Esaterako, lankide bat bajan luzaz badago, DSek langilearen izenean egiten dituzte giza-baliabideen departamenduak eskatutako kudeaketa administratiboak, aseguru-mutualitateetan jarraipena egiten dute, eta areago, lanera goizegi itzul araztea eragozten dute, aurrez ugazabarekin negoziatuz jarduera profesionalerako buelta nola egingo den. Bide batez, lankide bat luzaz falta denean batzuetan laneko giroa gaiztotu egiten da, hainbat faktoreren presioak eraginda (adibidez, ordezkatzen ez diren erretiroak, lan-gainkarga orokorra, etab.). Falta horrek talde bateko gainerako lankideentzat lan-karga handiagoa ekar dezake eta frustrazioa sortu hainbatengan: kasuotan DSek ahalegina egiten dute tentsioak baretzeko, jendea lasaitzeko, baita aurreiritziei aurre egiteko ere (esaterako, “langile hau oporretan zegoen, atseden hartzen!”), taldean ahalik harreman funtzionalena berrezartze aldera. Horrenbestez, DSek kide laguntzaileen (pairs aidants frantsesez) eskakizunak betetzen dituzte, zeintzuk borondatez baliatzen eta partekatzen duten beren esperientzia eta bizipena. DSek, gainera, era inkontzientean Ipar Ameriketan ohikoa izan den ordezkaritza sindikalaren alternatiba hedatzen dute (beronen oinarrietako bat zelarik, besteak beste, laneko arriskuen konpentsazio ekonomikoa), eta ondorioz laguntzen dute bere praktikak eraldatzen.
(...)
Testu hau hiru zatitan banatzen da. Lehenengoan azalduko dugu plano teorikoan egokia dela sindikatuek laneko kalte psikologikoak artatu eta prebenitzeko duten gaitasuna aztertzea. Bigarren zatian FTQren
Delegatu Sozialen Sarearen historia laburra aurkeztuko da. Hirugarren eta azken zatian, berriz, gogoetarako pista batzuk proposatuko ditugu lanean osasun mentalak pairatzen dituen kalteen prebentzioa kolektibizatu beharraz: era honetako paradigma aldaketa batek eskatzen du, besteak beste, batik bat Covid19aren pandemian DSek garatutako ezagutza eta berrikuntzak partekatzea, eta hau islatu nahi izan genuen xede horretarako sortutako ahalduntze-protokoloarekin: © Trans-faire.
(...)
Haien ekintzaren bidez DSek laneko eta lanaren bidezko anaitasun eta solidaritate ideiak berriro eguneratzen dituzte, behinola langile-mugimenduaren oinarri zirenak. Jakin gabe ere, sindikatuei ikusarazi nahi diete laneko osasun mentalak pairatzen dituen kalteak izan daitezkeela beren erreferentzia-eremu eta estrategiak berregituratzeko eta ekintza-eremua hedatzeko abagunea, lana, antolakuntza moduak eta hura zedarritzen duten enpresen politika birpentsatzeko (Dufour-Poirier, 2020); hau da, lana sendatzeko. Bestalde, DSak artean heldu ez diren arren lehen mailako prebentzio-agente gisa jokatzera, eskura bitarteko juridikorik ez dutelako, puntu honetaraino iritsi dira maila eta arrakasta ezberdinaz lanaren gizatasun osagaia dena gordetzera: lankidetza eta elkartasuna, zeintzuk lan duinaren oinarrian dautzan. Perspektiba piska bat irekiz gero, ikusmolde are oinarrizkoagoa hautatuz, eragozpenak gainditu eta asmo horiek gauzatzearen benetako erronka da jendarte orotan kontrabotereak gordetzea. Alabaina, horretarako azken horiei bitarteko juridiko egokiak eman beharko litzaizkieke aldarrikapenen eremuan behar bezala garatzeko aukera izan dezaten eta laneko sufrimenduaren zein lanaren gizatasuna kentzearen kontrako defentsa eraginkor eta aditu moduan joka dezaten, eta areago, Quebecen ez lukete soilik ordezkari sindikalen alternatiba izan beharko, baizik eta gizartean aldaketa sozialerako benetako eragile. Honakoa ikusi dugu: DSek ordezkaritza kolektiboaren planoan alternatiba esperimentalak iradokitzen dituzte modu ofiziosoan, betiko ortodoxia sindikalaren kanaletatik eta ordezkaritza kolektiboaren kanal instituzional ofizialetatik at, plano orokorragoan. DSen borrokak nabarmentzen du zeinen garrantzitsua den lantokietan justizia sozialaren eta demokrazia industrialaren arteko oreka zaintzea baldin eta bermatu nahi badugu iraun dezan erakundeen eta lana arautzen duten aktoreen zilegitasunak, batetik, eta guztion etorkizunak, bestetik.