Garaia 3: Zapalketatik at, ba al dugu zer esanik?
EDITORIALA
Egiten ez ditugun galderak
Iruña zaharraren oroitzapen mitiko bat badabil hor nonbait, 50eko edo 60ko hamarkadetan garaiko autobus geltokian gertatutakoa. Garraio enpresa ausart batek helduak ziren bidaiariei (hain zuzen ere, herri euskaldunetatik hiriburura zetozenei) mesede bat egiteko asmoz, ondoko kartela paratu zuen ‘Combinaciones mañana y tarde’ eskaintza euskaratuz (modu xelebrean egin bazuen ere): ‘Azpigonak, bihar eta berandu’. Pasadizoa zinezkoa ez bada, izan beharko luke.
Horrelako arrazoiengatik, azken 30 urtetan euskarak Nafarroan gora egin duela -neurri apal batean bederen- ez dago ukatzerik. Hori gertatu bada, Euskararen Legearen trabak gaindituz izan da, eta euskara ikasi eta euskaraz bizitzearen aldeko aldarrikapen soziala (gero eta indartsuagoa) Nafarroako Gobernuaren oztopoen gainetik igaro da.
Nola berritu dezakegu 70eko eta 80ko hamarkadetako militantziaren kemena (ikastolak, AEK, IKA, Euskalerria Irratia, D eredua...)?
Hala ere, egun, egiten ez ditugun galderak airean dabiltza: aldarrikapen hori handitzen doa ala eten da? Benetan lehen baino askoz gehiago gara euskaraz egiten dugunok (ez bakarrik hizkuntza ezagutu)? Nola berritu dezakegu 70eko eta 80ko hamarkadetako militantziaren kemena (ikastolak, AEK, IKA, Euskalerria Irratia, D eredua...)? Euskararen mundura nafar gehiago erakarriko al ditugu betiko irudi kexati horrekin edo beti pankartaren atzean segitzen badugu, beti kontra, beti...? Ideologia edo estetika batekin al dago lotuta euskara Nafarroan? Abertzalea izan behar da benetako elebitasuna (euskara-gaztelania) defendatzeko?
Euskara txoria balitz, ez genuke kaiola batean giltzapetu beharko, gurea (euskaldunona bakarrik) balitz bezala. Agian, ‘Jalgi hadi plazara’ edo ‘Nik txoria nuen maite’ idatzi zutenek horrelako zerbait esan nahi ziguten. Behintzat, ez gaitezen gu euskarari hegalak moztu behar dizkiotenak...
Manu Robles-Arangiz institutuak NUP-en antolaturiko mahaiinguruan, euskaraz bizitzeko helburua oso argi izan behar dugula agerian geratu zen. Gu gara euskaraz mintzatu edo bizitzea erabaki dugunak, eta horrek, behintzat, gure artean antolatzeko eta Gobernuaren inposizioak gainditzeko beta uzten digu. Eginkizun horretan, milaka nafarren borondatea gureganatu behar dugu. Zein nafarrak? Hor, gaztelaniaz egunero hitz egiten duten eta ezagutu ez baina ikasi nahi zuten euskara xarmangarri horren arteko mugan daudenak (askotan beren seme-alabek bai ikasten zuten...). Hurrengo urtetako gakoa talde horretan dago. Gure alde eror dadin, ez Gobernuarenean.