Grebek zertarako balio dute (hezkuntzan)?
Alazne Sainz Gil de Paules (artikulu hau Zuzeu agerkarian argitaratu da)
Grebek ez dutela ezertarako balio, greben ondorioak ahulenek pairatzen dituztela, krisialdi ekonomikoaren testuinguruan ezin dela zerbitzu publikoetan inbertsiorik egin, tresna politiko gisa erabiltzen direla lan munduko gatazkak, sindikatuek langileen beharrak ezagutu gabe antolatzen dituztela grebak, eta abar. Maiz entzuten eta irakurtzen ditugun argudioak denak.
Baina, zeinen ahotan?
“Greba honek ikasleak eta familia ahulenak kaltetuko ditu” Jokin Bildarratz, 2020ko irailaren 11n.
“Ez da murrizketarik egongo, baina gerrikoa estutu eta lehentasunak ezarri beharko ditugu” Idoia Mendia, 2020ko irailaren 13an.
“Kritika politikoa egin eta gobernu berria tenkatzea da sindikatuen asmoa” Iñigo Urkullu, 2020ko irailaren 14an.
Bota begirada bat hemerotekari, eta hauek ez ezik, haimaika adibide topatuko dituzue. Elite ekonomikoek, eta hauen esanetara gobernatzen duten elite politikoek argi baitute zertarako balio duten greba deialdiek. Hara, langile borroka deslegitimatu eta statu quo-a erreproduzitzeko, besteak beste.
Grebak beste garai batekoak omen dira, beste testuinguru ekonomiko eta sozial bati erantzuten diotenak. 1985. urtean, BPG osoaren %55,50a soldatapeko ordainsariei zegokien, eta %37,84a aldiz, enpresa-soberakin gordinari. Urteek aurrera egin ahala, BPGaren banaketan soldata-errentek hartzen duten zatia gero eta zenbaki estuagoa da; enpresa soberakinena aldiz, potoloagoa. Hala, 2017. urtean, BPG osoaren %47,39ak soldata errentek hartzen zuten, eta enpresa soberakin gordinenak, %42,21a. Datuetan galdu egiten gara maiz, baina ondorioa argia da: enpresen soberakinak soldatak baino erritmo biziagoan hazi egin dira urtez urte.
Baina ez gara datu makroekonomikoetan geratu behar bizi dugun testuinguru sozioekonomikoa aztertzeko. Etengabeko prekarizazioa, etxebizitza, hezkuntza edota osasunaren merkantilizazioa, pobrezia tasaren etengabeko gorakada, ezberdintasun sozialen areagotzea eta lan eskubideen galera baitira langileok pairatzen dugun egunerokotasuna. Indar korrelazioan eragiteko tresna da greba, langileriaren baliabidea. Borroka moldeek berrikuspena behar duten edo ez eztabaidagarria izan daiteke, eta nik pertsonalki, baietz esango nuke, baina horrek ez dauka zer ikusirik greben balio eta beharrarekin.
Greba tresna politikoa dela esaten dute askok. Politikoa hitza mespretxuz ahoskatzen duten bitartean. Politikoa zilegitasunaren antagonista balitz bezala. Politikaren desafekzioan sakontzea herraminta propagandistiko itzela da, dudarik gabe. Baina, gure gizarteen balio demokratikoei eutsi nahi badiogu, komenigarria litzateke ondorengoa ez ahaztea:
analfabetorik okerrena analfabeto politikoa da.
[…]
ez du gertakari politikoetan parte hartzen.
Ez daki bizitzaren balioa
indaben balioa, arrainarena,
irinarena,
jantziena,
oinetakoena edo sendagaiena
erabaki politikoen menpe dagoela.
Bertolt Brecht
Grebak politikoak dira, bai. Zer bestela?