Greziako hauteskundeei begira: Azterkea bulegoaren proposamena eta irratsaioa
Greziako hauteskundeei begira, MRA fundazioatik "Íkarorik gabe" irratsaioa egin dugu estrainekoz @97irratian. Hemen entzun dezakezue!
-------------------
Bestetik, Azterketa bulegoaren azken buletinean, "Grezia, Sistemaren logika hausteko aukera" irakurgai duzue.
GREZIA, SISTEMAREN LOGIKA HAUSTEKO AUKERA
Azterketa bulegoko 38. buletina
Azken urteetan Grezian gertatu denak argi asko adierazten du Troikaren doikuntza politikak miseria dakarrela. Europar Batzordeak, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) eta Europako Banku Zentralak (EBZ) osatzen duten talde horrek agindutako muturreko politika neoliberalak ezarrita (pribatizazioak, biztanleriaren sektore handiak osasun publikorik gabe uztea, hitzarmen kolektiboak indargabetzea...) bermatu egin nahi da negozioak egiteko eta enpresen etekinak ugaltzeko aukera, baita bankuen eta hartzekodunen interesak lehenetsi ere.
Greziar herria horren ondorio latzak pairatzen ari da. Kaleetan bizi den egoera datu bidez ikusaraztea zaila da, baina kopuru batzuk argigarriak dira:
• Langabezia tasa %23,7koa da (gazteena, berriz, %57koa). Langabeen kopurua 2,2 bider hazi da. Haatik, zenbaki latz hauek are handiagoak lirateke emigrazioa izan ez balitz.
• BGPd-a 2010 eta 2014 bitartean %17,6 urritu da.
• Pobrezia asko gehitu da. Haurren artean, 2008ko %23tik gaurko %40ra.
• Ia hiru pertsonatik bat osasun-zerbitzua izateko eskubiderik gabe utzi dute. Gainera, besteei murrizketa handiak ezarri dizkiete (eskubide gutxiago, berrordainketa, etab.).
Aipatu ohi diren Troikaren erreskateak benetan gobernuei emandako maileguak dira, hots, interes eta guzti itzuli beharreko dirua. Gainera, kreditu hauek jaso ahal izateko gobernuak hitz eman behar du erabaki jakin batzuk hartuko dituela (horri deitzen zaio “kondizionalitatea”, oro har bankuei dirua ematea eta hainbat eratako erreformak, aurrekontuak, eskubide sozial edo laboralak murrizteko). Gobernuentzako abantaila bakarra, kreditu hauen interes-tasak merkatukoak baino txikiagoak direla.
2010ean Troikak Greziako gobernuari 110.000 milioi euroko kreditu bat eman zion. 2011N 130.000 milioiko beste kreditu bat sinatu zen. Gaur, urtarrilaren 25eko hauteskundeetako emaitzen baitan, litekeena da beste kreditu bat negoziatzea. Kopuru hauek zenbatekoak diren jabetzeko, kontutan izan dezagun Greziako BPGd-a orain 182.000 milioi euro inguru dela.
“Erreskate” politika honek ondorio sozial latzak ez ezik, beste bi efektu eragiten ditu:
• Batetik, zor publikoa puzten du. NDFaren arabera, Greziaren zorra 2014an BPGd-aren %174 adina zen;
2009an %130an zegoen. Zor pribatua zor publiko bilakatu dute.
• Greziar zor publikoaren %80 honez gero gobernuen edo nazioarteko erakundeen esku dago (zeinek Troikaren kredituak ematen dituzten). Bestalde, nazioarteko banku pribatuek 2010etik hona honelako zorra %55 murriztu dute.
Edonork daki Greziako zor publikoa ordaindu ezinekoa dela. Azken urteetako erabakiekin arazoa areago okertu da, helburu batekin: Bere garaian Latinoamerikan bezala, zorra ez ordaintze horretatik salbu utzi nahi dituzte hartzekodun pribatuak (bereziki bankuak), biztanleria guztiaren lepotik.
Aipatu dugu urtarrilaren 25ean Grezian hauteskundeak izango direla. Troikak (Juncker, Merkel, Gabriel, Renzi, Rajoy, Moscovici, etab.) datorren gobernuari exijitzen ari zaizkio orain arte sinatutako konpromiso guztiak bere gain hartu behar dituela. Bestela esanda, bozkatzeko eskubidea badago, beti ere politikak ez aldatzekotan. Hori esaten dutenek ez dute, prezeski, demokrazia zer den aintzat hartzen.
Greziako hauteskundeok oso garrantzitsuak dira Troikaren politika antisozialak amaitzea nahi dugunontzat. Syrizaren balizko garaipenak aukera emango luke zalantzan jartzeko Grezian eta Europar Batasun guztian zehar ezartzen ari diren politikak.
Europar agintarien beldurrik handiena da Greziako gobernu berriak alde bakarreko erabakiak hartu eta sistemaren status quo-a hankaz gora jartzea (alegia, beren sistemak ezarritako arauak haustea: aurrekontu-kontrola, osasungintza eta hezkuntzari zorraren ordaina lehenestea...). Esate baterako, Syrizak bere
programan dioenean zorraren auditoria bat egin behar dela, erabakitzeko beraren zein zati den zilegizkoa eta zein ez, aukera sortzen da zilegizko ez den zatia ez ordaintzeko, edota gobernuak ordaintzeko prest dagoen zatia berregituratzeko. Haatik, hau ezarritako sistemaren mugetatik harago joatea litzateke.
Kapitalaren zerbitzura daudenen beldurra da gure itxaropena. Status quo-arekin eten beharra aldezten dugunoi sarri esaten digute proposatzen duguna ezinezkoa dela. Alabaina, Greziak erakuts dezake, Ekuador, Argentina edota Islandian gertatu zen bezala, sistemaren logika baztertzea egingarria dela, eta gainera erabaki ona. Areago, hori Europar Batasunean ere gerta litekeela.
Horregatik, jendea beldurtu nahi dute. Grezian eta Europa guztian. Beren burua demokratzat hartzen duten horiei gauza bat exijitu behar diegu: greziar herriaren erabakia errespeta dezatela, eurek nahi dutena ez bozkatuagatik ere. Ez litzateke hain zaila izango.