Gure esku dagoelako
Anjel Oiarbide, Gure Esku Dago ekimenaren bozeramailea (Artikulu hau Gorka Quevedok idatzi du eta Landeian 195 zk. argitaratu da, 2014ko martxoan)
Gure Esku Dago dinamika Ondarroan aurkeztu aurretik egin dugu hitzordua Anjel Oiarbiderekin. Irribarrea ahoan agertzen da zitara. Goizetan eraikuntza alorrean lanean aritzen da Oiarbide; arratsaldeetan, berriz, Gure Esku Dago dinamika bultzatzen dihardu, buru belarri. “Erabakitzeko eskubidearen aldeko Euskal Herri mailako ekimen bat da.Orain arte norabide horretan joan diren proiektu ezberdinen batura izan nahi dugu. Oinarri sinplea duen komuneko ados-gunea izan nahi dugu, hiru puntutan oinarriturik: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarren garaia da”.
2013ko ekainaren 8an eman zitzaion hasiera proiektuari, Irungo Ficoba erakustazokan egindako aurkezpenarekin. Egun horretan bertan antolatzaileek iraungipen data jarri zioten: 2014ko ekainaren 8a. “Entsegu moduko bat da. Badakigu bakoitza bere aldetik zer den gai egiteko. Ez dakiguna, zera da: minimoen hiru puntu horiek hartuta elkarrekin norabide berean zer egiteko gai garen. 2014ko udazkenean, aldez aurretik jarritako iraungitze-data pasatuta, euskal herritarren bilgune edo batzarra egin beharko da; bertan urtebetean zer egin dugun aztertu eta aurrera begira zer egin nahi dugun erabaki beharko dugu”.
“Oinarri sinplea duen komuneko ados-gunea izan nahi dugu, hiru puntutan oinarriturik: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarren garaia da”
Orain arte egindako lana oso positiboki baloratzen du Oiarbidek, eta aurreikuspen guztiak gainditu dituztela onartzen du. “Ekimena aurkeztu zenean sinatuko genuke orain gauden bezala egotea. Lehen egunetik dinamika bultzatzen dugun lagunok Euskal Herri osoan zehar ekimena zabaltzen hasi ginen. Dagoeneko 100 aurkezpen publikotik gora egin ditugu, eta hasieratik gure eskema guztiak hautsi dira. Ez bakarrik parte hartu duen jende kopuru handiarengatik, erakutsi diguten babes eta emandako bultzadagatik baizik. Agerikoa da jendearen ilusioa”.
Ilusioaren indarra. Herrietan sortu diren talde autonomoak dinamika honen indarraren adibiderik argiena dira. “Gure Esku Dagok irizpide batzuk bota ditu, bat egiten gaituzten hiru puntu, eta ez dugu beste aldarrikapenik sartzen. Oinarri horietatik herrietan dinamika autonomoak sortu dira. Orain artekoa zirimiri bat bezalakoa izan da; tanta pila jaso dira, baina termometroa berriz ere jartzeko ordua da.
"Dagoeneko 100 aurkezpen publikotik gora egin ditugu, eta hasieratik gure eskema guztiak hautsi dira. Ez bakarrik parte hartu duen jende kopuru handiarengatik, erakutsi diguten babes eta emandako bultzadagatik baizik. Agerikoa da jendearen ilusioa”
Zenbat tanta, zenbat konpromiso jaso ditugun neurtzeko garaia da. Martxoan zehar horretarako aukera izango dugu: 23an giza-kateari begira zenbat atxikimendu jaso diren zenbatu eta publiko egingo dira; 29an, berriz, jasotako babesak irudikatzeko nazio mailako ekitaldia egingo dugu Bilboko Casilla kiroldegian”.
Lau hilabete geratzen dira ekainaren 8rako. Egun horretan Iruñea eta Durango lotuko dituen giza-katea antolatu dute. Erronka handia da: bi gune horietan dagoen distantzia ikusirik –123 kilometro– gutxienez 50.000 lagun beharko dira katea etenik gabe osatzeko. “Aurkezpen egunean batek baina gehiagok ohartarazi zigun oso zaila izango genuela helburua betetzen. Hura zen duela zortzi hilabete geneukan termometroa. Orain egoera oso bestela ikusten dugu.
Hasieratik argi izan genuen geure buruan sinisten bagenuen gai izan behar genuela 50.000 lagun kalera ateratzeko. Kataluniara begiratu eta 2013ko irailean osatu zen giza-katea ikusita –milioi bat lagunetik oso gora 400 kilometro pasatxo osatzeko– argi genuen kapaz izan behar ginela helburua lortzeko. Orain kontrako norabidean datozen mezuak heltzen zaizkigu, hots, motz gelditu ez ote garen esaten digute”.
“Herritarrok guk geuk uste duguna baina eragiteko gaitasun gehiago daukagu, eta hori sinistea funtsezkoa da"
Herritarron eragiteko gaitasuna. Ekimenaren erronka aztertzeko orduan, herritarren garrantzia azpimarratzen du Oiarbidek. “Herritarrok guk geuk uste duguna baina eragiteko gaitasun gehiago daukagu, eta hori sinistea funtsezkoa da. Gizartean dagozkigun ardura gehiegi gure ordezkariei, gure delegatuei, pasatu dizkiegu. Hori epe motz batean ondo egon liteke, niri ere dagozkidan lan batzuk beste batek egitea suposatzen duelako. Baina, epe ertain-luze baterako zeharo kaltegarria da, ahaztu egiten garelako geure gaitasuna zenbatekoa den. Eta, ahazteaz gain, menpeko bihurtzen gara, gure ardurak beste batean delegatu ditugulako.
Dinamika honekin herritarroi dagozkigun ardurak berreskuratu nahi ditugu. Gure Esku Dago ez da inolako alderdi politiko, instituzio edo posizio defendatzen duen inoren kontrako ekimena, gizartea osatzen dugun guztion arteko elkarlana sustatzeko egiten dugun lana baizik”.
"Gure Esku Dago ez da inolako alderdi politiko, instituzio edo posizio defendatzen duen inoren kontrako ekimena, gizartea osatzen dugun guztion arteko elkarlana sustatzeko egiten dugun lana baizik”
Urte berezia. Anjel Oiarbide ziur da 2014. urtea berezia izango dela. Horregatik giza-katearen eta horrek sortuko lukeen mobilizazioaren arrakastaren garrantzia azpimarratzen du. “Autodeterminazioa kontzeptu politiko gisa XIX. mendearen amaieran sortu zen Europan. 1905. urtean Norvegiak Suediatik eskubide horren egikaritzaren ondorioz lortu zuen independentzia. Mende eta erdian Europa ekialdean aldaketa ugari eman dira ariketa demokratiko hau praktikara eramanaren ondorioz. Hura mugarria izan zen Europaren ekialdean, baina Europaren mendebaldean ematen zuen gauzak ez zirela aldatzen.
"1905. urtean Norvegiak Suediatik eskubide horren egikaritzaren ondorioz lortu zuen independentzia. Mende eta erdian Europa ekialdean aldaketa ugari eman dira ariketa demokratiko hau praktikara eramanaren ondorioz"
Aurten, ordea, beste mugarri bat gertatuko da: XXI. mendeko potentzia handi batek –Erresuma Batuak– bere eskualde bati –Eskozia– etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzen utziko dio. Aukera ezin hobea da adibide hori gurea bezalako gizarte batean barneratzeko”.
Eskozia gutxi balitz, Katalunia. Bertan, Eskoziakoa eta bi hilabete geroago, erabakitze erreferenduma deituta dago. “Urte askotan Quebec edo Groenlandia izan ditugu adibide; 2014. urte honetan, berriz, adibideak Eskozia eta Katalunia izango dira. Munduko begi asko horra begira egongo dira, eta guk, euskal herritarrok, gai izan behar dugu giza-katea bezalako ekintza indartsu batekin bere nortasuna duen eta erabaki nahi duen herri bat garela munduari zabaltzeko. Ekainaren 8an aukera paregabea dugu panorama politiko horretan ere azaltzeko. Ezin dugu Eskozia eta Kataluniaren errobera galdu, bestela etorkizunean zailtasun handiak izango ditugu eskubide demokratikoen gurpila ez galtzeko”.
"Ezin dugu Eskozia eta Kataluniaren errobera galdu, bestela etorkizunean zailtasun handiak izango ditugu eskubide demokratikoen gurpila ez galtzeko"
Aldarrikapen demokratikoa. Gure Esku Dago dinamikako arduradun honek argi utzi nahi du egiten den aldarrikapena demokratikoa dela, ez abertzalea. “Gure helburua demokraten arteko indar metaketa garatzea da, gure helburua demokratikoa delako. Ez dugu erabakitze eskubidea helburu politiko bezala hartzen, helburu pre-politiko gisan baizik. Printzipio bat. Printzipio demokratikoa. Edozein norabide politiko hautatu ahal izateko beharrezkoa den aurre-eszenatoki demokratikoa lortu nahi dugu. Hori txertatzea eta horretan sinistea da asmoa”.
“Ziur gaude gaur, orain eta hemen posible dela erabakitze eskubidearen egikaritza. Noski, horretarako sinetsi behar dugu posible dela, ezin dugu olatu hau pasatzen utzi. Gure Esku Dago ez da lelo hutsa, jarrera bat da. Horma eta harresi handienak ez daude 500 edo 800 kilometrotara, norberaren buruan baizik. Askotan gerora izan genezakeen horma handiaren zailtasunaren ustean, momentu honetan ez gara gai bi pauso emateko. Eskema hori hautsi nahi dugu. Noski ez dakigula nolakoa izango den ustezko horma hori. Igual egia da, balizko horma horretara heldu eta, kontxo, ba bai, handia da. Baina ez dakigunez aurrean zer izango dugun, hasi gaitezen martxan, hasi gaitezen aurrera joaten, urteetan pilatutako herdoila kentzen... Gure etorkizuneko protagonistak izan nahi badugu jarrera bat izan behar dugu, eta aprobetxatu dezagun”.