Hamar minutu
Aiala Elorrieta Agirre, Manu Robles-Arangiz fundazioko kidea, Landeian argitaratuta.
"Lana eta sindikalismoa XXI. mendean" kongresuan parte hartzeko komunikazioak aurkezteko epea ireki genuenean ariketa hori praktikara eraman genuen: Hamar minutuz lana eta sindikalismoaz hitz egiteko zein gai aukeratuko zenuke? Zer kontatuko zeniguke?
Hasiera horretan ez genekien zer-nolako erantzuna jasoko genuen. Egun osoko jardunaldia osatzeko nahikoa jasoko ote genituen? Bada, egun bateko jardunaldia nahikoa ez eta azkenean egun eta erdikoa antolatu dugu. Horixe, aditu duzuena. Egun eta erdi lana eta sindikalismoaz hausnarrean aritzeko. Gainera, bina ponentzia nagusik emango diete hasiera egun bakoitzari: Pastora Filigrana eta Yayo Herrerok egingo dute azaroaren 28koa, eta Miguel Martínez Lucio eta Martí López Andreuk azaroaren 29an.
Parte hartzaileon artean, sindikatuetako kide eta militanteez gain, mundu akademikotik datozen ikertzaileak, kazetariak, ekintzaile feminista eta ekologistak, lan-munduko profesionalak, kazetariak... Argi dago: sindikatuak ez gara sindikalismoan interesa dugun bakarrak!
Kongresua EHUko Leioako Kanpusean izango da, eta nazioartekoa denez, lurralde anitzetako gonbidatuak izango ditugu: Euskal Herria, Galiza, Herrialde Katalanak, Espainia, Quebec, Erresuma Batua eta baita Kolonbiakoak ere. Beharbada, kongresuaren bereizgarri garrantzitsu bat zera da: ikerketa akademikoekin batera praktika sindikal ezberdinen bizipen eta testigantzak ere izango ditugula. Eta praktika sindikalez harago, Iparraldeko ALDAtik, etxebizitza mugimendutik edo mugimendu feministatik ere ekarpenak egongo dira. Berrikuntza sindikalean edota egungo erronka nagusien azterketari ere irekiko diogu tartea.
Finean, gure interesekoak diren eta bereziki motibatzen gaituzten kontuez arituko gara. Zeintzuk dira sindikalismoaren kezka eta erronka nagusiak? Zeintzuk dira sindikalismoaren egungo praktikak? Zeintzuk dira sindikalismoaren aliantza posibleak gizarte mugimenduekin edota gizarte zibileko beste elkarte batzuekin? Zein esperientzia ditugu enpresa berreskuratzearekin?
Jardunaldi erabat poliedrikoa antolatu dugu, hiru ardatz nagusiren bueltan: Ordaindu gabeko lana eta prekarietatea; Estatua eta lan merkatuaren arautzea: eta, azkenik, Ekintza sindikalerako eta eraldaketa produktiborako estrategiak.
Zuek jakin-mina nolabait asetzeko, spoiler txikiren bat egingo dizuet. Praktika sindikal batzuen artean, hauxei buruz arituko zaizkigu: Nissan Barcelona-ren itxiera, Amazon eta bere azpikontratak, Eroski-Cecosa biltegiko greba, Novaltia, Etxez-etxeko zerbitzuetako langileen antolakuntza... Esperientzia sindikalekin baterako, askotariko hausnarketa eta ikerketak ere adituko ditugu: robotizazioa, sindikalismo ekosozialistari buruz, grebaren ikuspegi psikosoziala, eta abar luze bat.
Gainontzeko informazioa webgunean kuxkuxea dezakezue. Bertan elkartuko garenak gozatzera goaz! Oharra: saioan zehar bukaerako galderak prestatu.
* Kongresuko behin betiko egitaraua hemen duzue.
* Kongresuan izena emateko email bat idatzi behar da congresosindicalismo@gmail.com posta elektronikora.