Hauspoari eraginez
Aiala Elorrieta, Manu Robles-Arangiz fundazioa (artikulu hau Argia astekarian argitaratu da).
Bost urte bete ditu Euskoak eta dagoeneko gutxi falta zaio Europako lehen tokiko moneta izateko. Euskal Moneta Euskal Herri kontinentalean arrakasta ikaragarria izaten ari den ekimena dugu eta pozgarria iruditzen zait prozesu horrek izan duen behetik goranzko norabidea. Gainera, alternatibak eraiki eta abian jartzeko bidean, urrats oso garrantzitsua izan da: jendartetik abiatuta beronen zerbitzura prestatzen den tresna erabilgarri bat. Pentsatu globalki eta ekin lokalki leloari denboraren dimentsioa gehitzerik badago: orain. Etorkizuneko plan estrategikoen martxa itxaron gabe, orainean bertan ekiteko erreminta bat ere badelako.
Euskal monetaren helburuak anitzak dira oso eta horretan datza hein handi batean bere arrakasta: birtokiratzea, euskara, trantsizio energetikoa, ekologikoa, gertuko merkataritza... Helburuak bezain anitzak dira baita ere euskoaren erabiltzaile eta defendatzaileak. Errealitate horretatik abiatzen da Dante Edme Sanjurgo, elkarteko zuzendari orokorra euskoaren emaitzetako bat goraipatzerako orduan: jendarteko sektore oso desberdinen artean zubiak eraikitzeko gaitasuna du monetak.
Honekin batera, euskoaren beste ekarpen handi bat nabarmendu nahiko nuke: tokiko monetaren bitartez, ekonomia gizartera gerturatu egiten dela. Hau da, ekonomia berriz gizartean txertatzen laguntzen duela: moneta, merkatua eta ekonomia bera jendartearen zerbitzura ekarriz.
Euskal Herriko zenbait udaletan, Hendaian edo Uztaritzen esate baterako, tokian tokiko administrazioek ekimen honekin bat egin dute euskoaren kide eginez. Are gehiago, beraien aldetik ere urratsak eman dituzte, hala nola igerilekuek eta mediatekek euskotan ordaintzeko aukera eman ere. Udalerrien arteko aliantza honek, zalantzarik gabe, balioz bete egiten du Euskal Moneta.
Moneta burujabetzaren aldeko urrats batek posible egiten du burujabetzaren beste hainbat dimentsiotan ere aurrera egitea.
Euskoa izaten ari den ibilbidea ikustea zirraragarria da. Maila teorikoan defendatzen duguna, praktikan badabilela ikusteak bizipoza ematen du. Baionako Udalak euskoarekin akordio bat sinatu zuen 2017ko udan. Hitzarmen horren bitartez, udalerriak zenbait gastu eusko bidez ordaintzeko aukera eman zuen: hautetsien ordainsariak, elkarteentzako diru-laguntzak edota zenbait faktura. Baionako Udalak hartutako erabaki hau ongi baloratu beharra dago. Are gehiago, Jean-René Etchegaray auzapeza Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakaria ere badela kontuan hartzen badugu.
Baionako Udalak urrats hori eman baldin badu, Euskal Monetari dagokion balioa antzematen diotelako izan da. Edo bestela, euskoak indartu nahi dituen baloreekin bat egiten dutelako.
Zorionez edo zoritxarrez, ez dakit, Frantziako Estatua ere ohartu da euskoaren botereaz: Hexagonoko zaindariek Baionako Udala eta euskoaren arteko hitzarmena Paueko epaitegietara eraman dute. Ez da harritzekoa: batzuontzat garaipena dena, beste batzuentzat deserosotasun iturria da. Zorionez (orain bai) euskoa garaile irten da, Paueko jujeak baieztatu berri duelako akordioaren legezkotasuna. Oraingoz, badago zer ospatua baina Paueko prefetak kasua Bordeleko epaitegietara eraman nahi du.
Bitartean, euskoak egunetik egunera bere bidea egiten jarraitzen duen heinean, asko ari gara ikusi eta ikasten. Moneta burujabetzaren aldeko urrats batek posible egiten du burujabetzaren beste hainbat dimentsiotan ere aurrera egitea. Noiz gertatzen da hori? Moneta oztopo baino hauspo bilakatzen denean.