Gainditu ez dugun mugarik ba ote dugu?
Gaur, hiru urte igaro direlarik, laugarren greba orokorrera deitu dugu. Politikak berehala aldatu ezean, langabezia eta txirotasuna gehitu egingo da. «Doikuntza estrukturalak» egin diren tokietan horixe izan da emaitza: pobreziak hazkunde izugarria izan du.
Horrelako erabakiak hartzen dituen klase politikoa egundoko harrapaketa babesten ari da. Bost axola egia zein den; helburuak edozein bitarteko justifikatzen du. Gezur eta hipokrisiaz egindako sare itzela sortu dute. Hauteskunde kanpainan erretorika hutsala medio bereizten dira, eta isilpeko akordio bat dute: agintzen duenak gauza bera egingo du. Ez gara ezer puzten ari. Greziako gobernuan, sozialistekin batera, zentro-eskuina eta eskuin muturra daude. Alderdi politiko greziarrek Europako Batzordearekin agiri bat sinatu dute, non hitz ematen duten «hauteskundeak irabazita ere ez dituztela murrizketak bertan behera utziko, edozein dela ere hauteskunde-programa». Harrigarria. Botoa erakartzeko makina hutsak dira, eta ez dute alternatiba politikoetan inongo eraginik. Hori dugu Europa, praktikan sozialdemokrazia desagertu denetik. Grezia, baina ez soilik Grezia, salbuespen-egoera bat pairatzen ari da arlo ekonomiko zein politikoan, eta horrek ez dauka demokraziatik ezer; izan ere, agintzen duenari demokraziak bost axola baitio.
Modu injustuan sortu ziren defizitaz eta zor publikoaz baliatzen dira kapitalak eskatzen dituen erreformak eta murrizketak bermatzeko. Ba ote da gainditzera ausartuko ez diren mugarik? Ez, euren esku badago. Gobernuan alderdiak ez dira aldatzen politika alternatiboak eskaintzen dituztelako, agintean egon dena erre delako baizik. Horren ondorioa: aberastasunaren banaketa zuzenagoa euren praxi politikotik desagertu da. «Ohiko politika» hauteskundeetako lehiaz kezkatzen da, eta esparru instituzional oso mugatu eta antisozialak onartzen ditu. Guztiek dute aje bera.
Lan-legediaren eta negoziazio kolektiboaren azken erreforma basatia da, sekulako astakeria. Atzo PSOEk (besteak beste EAJren babesarekin) eta gaur PPk, bere gehiengo absolutuarekin, eskuin ekonomikoari lehenago lortu ezin izan zuena ematen diote. Uzta garaia kapitalismorik zaharkituenarentzat.
Eta hara, berriz ere enpleguaren aitzakia erabiltzen ari dira. Hain zuzen, erabakitzen dituzten politikekin enplegua eta soldata hondatzen dituzten berberek. Enplegua jarduera ekonomikoaren fruitu da, baina jarduera kolapsatuta dago finantza-sistema zulo beltz bat bilakatu delako; sistema hortatik ez da krediturik jaulkitzen —EBZtik azken hiru hiletan bilioi bat euro jaso duen arren—. Ez dago krediturik, eta ez da laster egongo. Erreformak ugazabei soldatak jaisteko ahalmena ematen die, lan-baldintzak okertzekoa, defentsa kolektiboa ahultzekoa... Kaleratzeko kalteordainak zeharo murriztuko dira; langilea salgai bihurtu da; lan duina lanpostu prekarioez ordezkatzeko aukera errazten da (laguntza publikoekin) eta hitzarmen kolektiboa soldatak doitzeko tresna bilakatzen da —dagoeneko ez da aberastasuna banatzeko bitartekoa—.
Patronalak nahi zuena lortu du. Patronal guztiek lortu dute. Eta sindikalismoak erronka handi bati aurre egin behar dio, bere jendearentzat erabilgarri izango bada. ELAk erronka hori onartu du. Arrazoia genuen iragarri genuenean Confebask karta markatuekin jokatzen ari zela, eta bazekiela gobernuaren hurrengo oparia zein izango zen. Patronal horretxek eskatzen zuen «banakako askatasuna gailentzea negoziazio kolektiboak dakarren bortxari».
Gizarte-eredu gero eta bidegabeagoa ezartzen digute, eta gure jendeak laguntza sozialak eta zerbitzu publikoak behar ditu. Defizita ez du sortu daukagun gizarte-gastu urriak. Zerga-politika bidezko eta progresiboa behar da, «ingeniaritza fiskala» desagerraraziko duena, eta iruzur fiskalari jazarriko zaiona. Gizarte-gastua gehitu beharra dago politika neoliberalek pobretu duten gizarte baten beharrizanak asetzeko. Bada, euskal ogasunak notario huts bihurtu dira: gaztigatzen digute «diru-bilketa murrizten ari dela». Baina guk ez ditugu notarioak behar; erabakiak hartu behar dituzte, lehenbailehen. Interes espekulatiboei komeni zitzaienean, espainiar Konstituzioa asteburu batean aldatu zuten —zor publikoa ordaintzea aurrekontuen lehentasun izendatzearren—. Azken urteotan erabaki diren zerga-politika horiek salatzeko ere mobilizatu ginen.
Askoz gehiago ari dira prestatzen. Erreforma konstituzional horrekin —zeina PSOEk eta PPk babestu baitzuten— eta Aurrekontuen Egonkortasun Legearekin, administrazio guztietan murrizketa gogor gehiago zehazteke daude oraindik. Zertan da gure autogobernua? Horrek guztiak atzeraldia larriagotzen du, eta langabezia gehitzea dakar. Hori, hitz bitan, politika eroa eta gizabiderik gabea da.
Mobilizazioa da alternatiba bakarra. Greba orokorrak zentzua ba al du? Noski. Esparru sozialak ez dira erabat itxiak, eta gurea babesten ez badugu, erreferentzia baztertuz gero, galdu egingo dugu. Botere ekonomikoak ez du gizarte-akordiorik nahi; «elkarrizketa sozial» delako antzezpena ere ez du behar; bere antzezleak kaleratu egin dituzte. Jaramonik ere ez diete egiten. Ez dituzte aintzat hartzen, orain arte zerbitzua egin badiete ere. Mobilizazio handiek —eta greba orokorra halakoa da— aski dela esateko balio dute; «kontsentsu politiko» madarikatu hori gogaituta eta kezkatuta egon dadin; gure alternatiba soziala plazaratzeko, bai baitaukagu zer esana; eta garrantzi handia duen beste eragin bat, esparru sozial eta sindikalean egiten ari den ezinbesteko hainbat borrokari arnasa emateko, ezezagunak diren arren. Martxoaren 29an ez da ezer amaituko.
Azkenik, esan beharra dago alde bakarreko politika horri erantzuteko kritika ez dela aski. Zerbait gehiago behar dugu. Erreforma hauen helburua defentsa kolektiboa eta mugimendu sindikala ahultzea da. Bada, sindikatua defentsa kolektibo antolatua da. Sindikatua lehentasun bat da. Erreformak negoziazio kolektiboko egitura negargarri bat ezartzen du, eta horren baitan negoziazio kolektiboa bakar-bakarrik esparru sindikalizatuetan egingo da. Hori da gure erronka.
Gehiago behar al da greba orokor bat egiteko? Ez. ELAk animatu nahi zaitu greba egitera, kalera irtetera, kutsu ideologiko handia duen ekitaldi zibil eta demokratikoa egitera, aski dela esateko eta esparru sozial alternatibo bat indartzeko, menpeko izango ez dena eta guk ezinbesteko irizten dioguna.
Adolfo Muñoz Sanz, Txiki, ELAko idazkari nagusia