Helburua: Petrotrafikanteen goi-bilera galaraztea!

2016/04/01
LightDSC_1312.jpg
Apirilaren 5etik 7ra Pauen elkartuko dira petrolioa eta gasa ustiatzeko miatze, zulatze eta ustiapen lanak egiten dituzten konpainia handiak (Total, Repsol, Shell, Exxon, BP, OneSubsea, ABS, Technip, Vallourec, Halliburton, etab.), COP21 gertatu izan ez bailitzan. Badirudi bost axola zaiela enpresa hauei pasa den abenduan munduko estatu guztiek Parisen emandako hitza, klimaren berotze prozesua +2ºC edota +1,5ºC azpitik mantentze aldera.

TxetxTxetx Etcheverry, Bizi! mugimenduko militantea

Ozeanoen eta klimaren lurperatzaileak geldi ditzagun

COP21 burutu zenetik lau hilabete ere igaro ez direlarik nazioarteko beste goi-bilera bat izango da Frantzian. Quest Offshore elkarte amerikarrak antolatuta, hitzordu honek Pauen apirilaren 5etik 7ra bitartean petrolioko multinazional eta offshore enpresa nagusiak bilduko ditu, helburu batekin: aztertzea nola lor daitekeen "kostuen murrizketa handia iristea itsaso sakonetan diharduen industriak lehiakorra izaten jarrai dezan (...) efizientzian eskala aldaketa baten bidez, zeinak lankidetza industrial handiagoa eta teknologia berritzaileak eskatzen dituen"; horrela "sakonera handiko uretan petrolio eta gasaren erauzketa garatu" nahi dute, petrolioaren prezioa oro har gainbehera etorri delarik. MCE Deepwater Development (MCEDD) izeneko konferentzia honen bideorrian ez da hitzik aipatzen klimari buruz, ezta COP21ari edota Pariseko Akordioan finkatu ziren konpromisoez ere.

Energiaren Nazioarteko Agentziak kalkulatu duenez, 2100 urterako +2ºCko muga gaindituko ez bada erauzi gabe utzi behar dira, lurpean eta itsasoan, ezagutzen diren energia fosilen erreserben 2/3

Beraz, hiru egunez Pauen elkartuko dira petrolioa eta gasa ustiatzeko miatze, zulatze eta ustiapen lanak egiten dituzten konpainia handiak (Total, Repsol, Shell, Exxon, BP, OneSubsea, ABS, Technip, Vallourec, Halliburton, etab.), COP21 gertatu izan ez bailitzan. Badirudi bost axola zaiela enpresa hauei pasa den abenduan munduko estatu guztiek Parisen emandako hitza, klimaren berotze prozesua +2ºC edota +1,5ºC azpitik mantentze aldera.

Eta hain zuzen korporazio hauek dira klima arazo honen arduradun nagusiak, energia fosilak erretzeak eragiten baitu munduko CO2 isurien %80tik gora, hots, berotegi efektuko gas isurien %62.

Bestalde, Energiaren Nazioarteko Agentziak kalkulatu duenez, 2100 urterako +2ºCko muga gaindituko ez bada erauzi gabe utzi behar dira, lurpean eta itsasoan, ezagutzen diren energia fosilen erreserben 2/3. Eskura ditugun energia fosil guztiak ustiatuz gero, tenperaturak 9ºCtik gora igoko dira; alarma jo zuen 2015eko apirilaren hasieran Michael Greenstone Chicagoko unibertsitateko irakasle eta Etxe Zuriko ekonomista-buru izandakoak.

Nola juzkatuko genuke mundu guztitik etorritako narkotrafikante saldo batek Pauen goi-bilera egitea, prezio apaletan daudelarik ere heroina eta kokaina ekoizteko eta banatzeko lankidetza eta teknologi berriak aztertze aldera?

Alabaina, COP21 itxi eta lau hilabete igarota, petrolio eta gas negozioko "erraldoiek" biltzeko asmoa dute Lurreko energia fosilen erreserbak, baita eskuratzeko zailenak ere, ustiatzeko teknikak areago garatzeko asmoz. Beraz, argi dago MCEDD goi-bileraren xedea Parisen munduko estatuek adierazitako konpromisoak lehertzea dela, eta han ezarritako helburuak hutsean geratzea.

Klimaren eta itsasoen hiltzaileak geldiarazi behar ditugu!

Beren eta akziodunen sakelak betetzen jarraitzeko, petrolio eta gas multinazional hauek inolako arazorik gabe zigortu nahi dute gure planeta bizitza ezinezko egingo duen klima bilakaera bat pairatzera. Nola juzkatuko genuke mundu guztitik etorritako narkotrafikante saldo batek Pauen goi-bilera egitea, prezio apaletan daudelarik ere heroina eta kokaina ekoizteko eta banatzeko lankidetza eta teknologi berriak aztertze aldera? MCEDD konferentzia antolatzea gauza berbera da. Ñabardura litzateke apirileko goi-bileraren ondorioak gizadiarentzako askoz handiagoak eta larriagoak direla.

Nazioarteko biltzar honek Euskal Herriari ere zuzenean eragiten dio, guregandik ordubetera izango baita. Gainera, hainbat petrolio-konpainiak Bizkaiko Golko guztian miaketa eta ustiapena egiteko baimenak eskatu dituzte. Baionatik Bilbora, gure kostalde guztia petrolioa erauzteko zulaketen mehatxupean dago.

Hortaz, ozeanoen eta klimaren adiskideok hitzordua ezarri dugu Pauen, apirilaren 5etik 7ra bitartean; klima eta itsasoa hondatu nahi dutenen bilera hau salatu eta galarazi behar dugu. Paueko MCEDD goi-bilera eragotzi behar da; hau izango da gure ekarpena etorkizunean ere gizadiak bizitzeko aukera ukan dezan.