Henri Etchetoren handinahikeriak
Ia 15 urtez, ez dut inoiz esku hartu hauteskunde-kanpaina edo alderdien bestelako ekitaldietan, lan egiten dudan egituren (kasu honetan, langile sindikatu baten) independentzia politikoa eta borondatez militatzen dudan taldeen (zehazki, klimaren eta ekologiaren alde) autonomia errespetatzeko. Eskaera ugari izan dudan arren, inoiz ez diot publikoki nire babesa adierazi ezein alderdiren zerrendari, eta ez naiz, hautagai honen edo haren aurka agertu ere.
Baionako udal aldizkarian Henri Etcheto buru duen Bayonne ville ouverte artikuluak salbuespen bat egitera behartzen nau. Difamaziozko testua hau pertsonalki zuzentzen da nigana, baina berariaz nire izenik aipatzeko adorerik gabe. Luze erantzungo dut, ahalik eta zehatzena izaten saiatuz eta galdera guztiak barne hartuz.
Eraso bat, argi eta garbi
Imajinatzen dut Henri Etcheto dela eraso honen egilea. Nolanahi ere, baimena jasota "Bayonne Ville Ouverte" izenpean argitaratu zuen. Atalante zaharraren leku historikoa "Jr Etchegarayrekiko hurbiltasunagatik ezaguna den tokiko pertsonalitate baten gidaritzapean presaka bildutako talde baten" esku geratuko dela adierazten du artikuluak. Gaineratuz, "Printzearen egitatea eta hauteskunde-bezeroak lortzeko asmo ezkutuak, adostasun politiko baten” erakusle direla. Hutsune intelektual eta moralaren usaina ere sumatzen ei da, beste elkarte-egitura batek "hirugarren leku" arrakastatsuagoko lehen proiektu bat aurkeztu duelako, baina haren edukia, neurri handi batean, alkatearen lekaioak berreskuratu eta birziklatu duela dirudi. Teilatu bera, independente eta eredugarri izan nahi duen elkarte bateko buruzagiarentzat, gardentasun eta praktika demokratiko izugarria! (...) ".
Gertakariei buruzko xehetasun batzuk:
Henri Etchetok nire kontra egindako idatzi pozoitsu honetaz zer pentsatzen dudan hemen esan aurretik, xehetasun batzuk eman nahi nituzke gertakariei buruz:
1) Bai, "Etxea-La Maison" elkartearen Zuzendaritza Batzordeko kide naiz, eta Atalante zaharraren gune historikoari buruzko kultura-proiektu bat egikaritu baitu. Ez dut inolako interes pertsonalik harengan. Borondatezko dinamika da. Ez dut inondik inora inolako diru sarrerarik edo etekinik lortzeko asmorik, ezta nire lana egiteko asmorik ere, Catach elkartea zuzentzen duten pertsonek ez bezala. Leku bererako beste proiektu bat aurkeztu zuten. Pertsona horiek proiektuaren aurka agertu ziren, eta zurrumurru asko zabaldu nahi izan dituzte, Henri Etchetok gaur udal aldizkarian azaltzen dituenak baino faltsuagoak.
2) Pertsona horiek geure elkarteak bezala, Etxea-La Maisonek bezala, jardun zuten, udalari espediente bat bidaliz. Gu bezala, Baionako hainbat funtzionario hautetsi eta teknikarik osatutako batzorde batek entzun zituen. Gure aldetik, Zuzendaritza batzordeko hiru kidek (lehendakaria eta diruzaina barne) aurkeztu zuten proiektua. Ni ez nintzen horietako bat izan. Ez genuen udalaren akordio formalik jaso, alkatearen gutun bat salbu pasa den uztailean, gure presidenteari zuzendua. Gutun horrek gure proiektuarekiko nolabaiteko interesa adierazten zuen aurkezpenaren ondoren, eta, besterik gabe, "orain arte egindako lanarekin jarraitu ahal izatea" opaz.
3) Catach elkartearen proiektuaren bi sustatzaile nagusiek nirekin bat egiteko asmoa azaldu zidaten Etxea-La Maison taldeko partaide nintzela jakin ondoren. Gure kolektiboari bidali nion euren proposamena. Baztertu egin genuen bi proiektuek dituzten ezberdintasunengatik. Catacheko liderrek apustu handia egin zuten euren proiektuan, bai maila pertsonalean eta baita profesionalean ere, eta atsekabetuta daude ez dituztelako onartu. Baina etsipen horrek prozedura bera jarraitu duen beste elkarte-proiektu bat mindu eta iraintzeko zilegitasunik ez die ematen.
Bi proiektuak ezberdintasunak, bereziki, ikuskizun-aretoaren kudeaketan eta programazioan daude, tabernaren erabileran eta gobernantza-moduan. Antzekotasunak ere badaude bi proiektuen artean, baina Catach elkarteak ez zuen proiektua udal zerbitzuen parte izaterik nahi. Ez dago inongo "hutsune intelektual eta moralik". Bi proiektuek atal hauek dituzte: ikuskizun-areto bat (gure kasuan, guztientzat irekita egongo da, eta tokiko elkarteentzako bilera-areto gisa ere balioko du), bilerak egiteko eta lagunarteko trukeak egiteko leku bat, taberna (gure kasuan, praktika ekologiko eta solidarioak ere bultzatuko ditu), goiko apartamentuak eta lan partekaturako (coworkingerako) balioko duten eremu bat. Lan gune hori herriko elkarteentzat eta hainbat kultur ekitaldi eta ekimenentzat egongo da eskuragarri, trantsizio herritar, sozial edo ekologikorako.
4) Bi elkarteetako zuzendaritza-batzordeen osaketetan ere diferentziak daude. Etxea-La Maison elkarteko Zuzendarien Batzordea 21 lagunek osatzen dute (Elkartea zabalik egongo da hiritar ororentzat akordio ofiziala izan bezain laster. Gure helburua orduan zehaztuko da, Saint-Esprit, Baiona eta Euskal Herriko ahalik eta lagun gehienen parte hartze aktiboarekin).
Etxea-La Maisongo Batzarreko 21 kide horiek, egitura eta ekitaldi kultural zein sozial ugariren sortzaile eta/edo administratzaile jardunak dira: musika, jazza, rocka, dantza, zinema, literatura munduko jaialdiak; musikariak, artistak, diseinatzaile grafikoak, kontalariak, ekonomia sozial eta solidarioko enpresetako gerenteak, kultur elkarteetako buruak, trantsizio sozial, solidario, herrikoi edo ekologikoan lan egiten dutenak, milioiak kudeatu behar izan dituztenak.
5) Transmititzen dituzten balioek eta egunero egiten duten lanak Baionako eta Euskal Herriko hainbat biztanlerengan dauka eragina. Henri Etchetok bere lerro lauso bakanetan zalantzan jartzen du hauen lana. Honek gauza asko esaten ditu Henri Etchetok bizitza zibikoaren inguruan duen usteari buruz. Bereziki kezkatzen du egunen batean Baiona nola administratu ahalko lukeen, eta, ondorioz, nola kudeatu beharko lituzkeen harremanak elkarte eta kultur ingurune hauekin.
Jean-Rene Etchegaray eta Henri Etchetorekin ditudan harremanak:
Gaur nire izenean erreakzionatzen dut, eta inola ere ez Zuzendaritza Batzorde honen izenean, aurrekari askotarikoak eta sentsibilitate pluralak baititu. Henri Etchetok "Jr Etchegarayrekin dudan hurbiltasunagatik" eraso egiten didalako, besteak beste, "alkatearen lekaio" deituz, idatzi ditut lerro hauek.
Errespetu handia diot Baionako egungo alkate eta Euskal Herriko Elkargoko presidentea den Jr Etchegarayri. Beste hautetsi batzuei ere errespetu handia diet, Baionako udal oposizioko kide asko barne. Jean-Rene Etchegaray duela 20 urte baino gehiagotik ezagutzen dut eta lanean aritu gara Renaud d 'Elissagaray, Pierre Ospital, Colette Capdevielle, Marie-Christine Aragon, Bernard Causse, Xabi Larralde, Martine Bisauta ordezkariek osatutako taldean. Abokatu boluntario gisa ere estimatu nuen Etchegaray, eta bereziki, nekazaritzaren alde, bidezkoa, iraunkorra, eta elikadura osasungarria zein tokikoan lan egiten duen Laborantza Ganbararen defentsan aritu zen. Era berean, Euskal Herrian bake prozesu integral eta iraunkor baten ekinean ere jardun dugu. Horrek guztiak humanismoa eta berau bultzatzen duten uste aurrerakoiak ulertzeko aukera eman zidan, baita bere hiriarekiko eta Euskal Herriarekiko duen konpromiso irmoa erakutsi ere. Hala ere, inoiz ez diot eskatu ez Baionako alkateari ez Euskal Herriko Elkargoko presidenteari inolako zerbitzu pertsonal edo mesede berezirik! Ez beste edozein herritarrek baino gehiago behinik behin.
Jean-Rene Etchegarayri diodan estimuak eta errespetuak ez dute inoiz eragotzi gure arteko konfrontazio demokratikoa. Adibide zahar edo berriago asko aipa nitzake. Bat bakarrik hartuko dut, gertaera honekin lotua-edo: multiplex proiektu baten aurkako borrokan aktiboki parte hartu nuen, Pelletier Chaho zabalgunean eguneko argia ikustean eta bere barnean Atalantea xurgatzean zetzana. Jean-Rene Etchegarayrekin aldi berean Euskal Herriko sail baten alde lan egin izanak ez zidan eragotzi haren aurka gogor borrokatzea, alkateorde zela eta hiriaren plangintzaren kargu zegoela. Gure borroka irabazi genuen, eta Atalantek Atalante izaten jarraitzen du. Paradoxikoki, garai hartako desadostasun honek hautetsi honenganako nire estimua indartu zuen. Konfrontazioaren puntu gorenean, ez dugu inoiz geure buruarekiko begirunea galdu, eta ez dugu eraso maltzurrik izan. Eta kasua itxi ondoren, Jean-Rene Etchegaray ez nuen sekula ikusi mobilizazio horren aurkako erresumina indartzen. Aitzitik, gerora oso hartu-eman ona izan zuen Atalanteren proiektu berriarekin. Henry Etchetoren artikulu iraingarri eta oldarkorrak, hauteskundeak berak irabazi izanbalitu, egoera oso bestelakoa litzatekeela uste izatera narama.
Henri Etchetori buruz ezer gutxi dakidala esan behar dut. Paradoxikoa da, baina Baionako aktibismoan 35 urtetan nabil, eta uste dut inoiz ez dudala topo egin PS militante honekin. Ekologia, klima, migratzaileak, LGV, kultura, garraioa, finantza etikoak edo birkokapena, OMG, Euskal Herriko bake prozesua edo nazioarteko hainbat kausatan lan egin dut, bere alderdiko kide askorekin edo ezker klasikoko beste alderdi batzuekin, baina inoiz ez berarekin. Oso gutxi ezagutzen dut, eta ideia bakarra izan dezaket bere hitzak eta bere ekintza publikoa aztertzean. Irudipena dut mugimendu abertzalearen gorroto kolosala izan dela nire kontra aritzeko arrazoia.
Henri Etchetok mundua zuri-beltzean ikusten duela iruditzen zait, inolako ñabardurarik gabe. Bere errepertorioa oposizio frontal eta sistematikoa, oldarkortasuna eta erabateko demagogia da. Luzaz gogoratuko naiz, Bus zerbitzua hobetzeko lanen garaian, Baiona autoz mugitzen zirenentzat infernu bilakatu zela kexatzen zen garai hartaz. "Dena autoa da" hamarkadetan sorturiko saturazio egoera hobetzeko beharrezko moldaketek eragindako arazoak baliatu zituen.
Herri honen historiak gogoratuko du Jean-Rene Etchegaray Baionako alkate, Henri Etchetorekiko 26 botoko aldearekin hautatu zutela, eta hautu hori erabakigarria izan zela Euskal Herriko Elkargoa sortzeko. 26 boto gehiagorekin, Henri Etchetok horrelako gertaera erabakigarri bat egikaritzea saihestuko zukeen. Euskal Herriko Iparraldeak oraindik ez luke existentzia instituzionalik izango, eta pisu gutxiago izango zuen egungo testuinguruan: globalizazio efektuak, Akitania Berriko eskualde mega, tokiko agintarientzako aurrekontu murrizketak, eta abar.
Amaitzeko ….
Niri dagokidanez, proiektu kolektibo eta boluntario honetan parte hartzeko dudan motibazio bakarra zera da: leku enblematiko hori, baionar askok atxikimendu berezia dioguna eta hainbeste oroitzapen esanguratsu elikatzen dituena, ez dadila bihurtu bere buruaren gainean tolestutako eta elite kultural baten “zurikeriarako” leku bat.
Aitzitik, denentzat eskuragarri dagoen tresna bat izatea nahi du, kultura herrikoi, unibertsal eta lokalen zerbitzura, bizitza eta ekintza zibikoaren eta trantsizio sozial eta ekologikoarentzat. Bihar kudeatuko den Elkartearen osaketa edozein dela ere, espero dut leku honek bere hormak hainbeste urtez mantendu dituen espirituan ainguratuta irautea.