Historikoa

2018/10/02
37846428604_19dfc8af21_k.jpg
Joan den irailaren 20an, politika orokorreko osoko bilkuran, Joseba Egibarrek EH-Bilduri eskaria egin zion: “baietz esan behar da, busti egingo naiz, ELAk kargu hartuko badit ere”. Bozeramale jeltzaleak esan nahi zuen ezen, autogobernurako oinarrien akordioan aurrera egitekotan, EH-Bildu busti egin behar zela, horretarako DSBEaren (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta) erreforma onartuz (noski, PSErekin batera laguntza murrizte aldera adostuta dagoen moduan) eta aurrekontuei babesa emanez. Bide batez, Egibarren hitzaldiko pasarte hori El Correon eta Deian jaso zuten, baina ez Garan eta Berrian. Deigarria da.

Xabi AnzaXabi Anza, ELAko trebakuntza arduraduna

Egibarrren esaldiak badu bere mamia, zenbait egitate oso nabarmen utzi baitu.

Lehena. EAJren ikuspuntutik erabakitzeko eskubidearen inguruko akordioak bere prezioa du, haren politika neoliberala babestea.

Bigarrena. EAJk bere aliatuari irain egin eta umiliatu egin du, latza bota diolarik: ez zara autonomoa, sindikatu nagusiaren menpekoa baitzara.

Nire ustez, baztertu egin behar da ameskeria bat: gehiengo instituzionala ez da benetakoa; zeruari ezin zaio eraso egin; ezkerrik ez dago prekaritatearen infernura jaitsi ezean; ez dago subiranismorik pobretzen ari diren gehiengo horiek irabazi gabe

Hirugarrena da homologatzeko beste irizpide bat ezartzen duela: urtetan, baita orain ere, ezker abertzaleari leporatu izan diote homologazio etikoa falta zitzaiola. Asmatu duten azkena da benetan fidatzeko modukoak izango direla gobernu honen politika babesten dutenean, hots, ELAk jasan ezin duen politikari men egiten diotenean.

Ziurrenik interpelazio horren alderik mingarriena ez da agerikoa: Egibarrek EH-Bilduri irain egiten dio EAJk benetan ez duelako aintzat hartzen oinarriei buruzko akordioa, zeina ezker abertzaleak “historiko”tzat jo duen. Izan ere, ez baitzaio irain egiten, are gutxiago plazan, bidelagun izatea nahi duzunari. Irainak agerian uzten du bide horretatik joateko asmorik ez dagoela; hain zuzen, Urkulluk osoko bilkura berean etengabe errepikatu zuena: estatutu berri bat %60aren babesarekin (EH-Bildurekin) onartzea hankasartzea litzatekeela, erabakitzen den testu artikulatuak Madrilen ate irekia behar duela...

Ez dakit ezker abertzaleak egingo ote dituen Egibarrek eskatutako etxeko lanak. Baina kontua da oinarrien inguruko akordioa lozorroan dagoela, behin legelari batzorde baten eskutan utzi dutelarik (euren artean, Del Burgo bezalako morroiak). Antza, lana bukatuko dute maiatzeko udal-, foru- eta europar hauteskundeen ondoren (bitartean “demokraziaren festa” gehiago sortzen ez bada). Gero gerokoak.

Politika orokorreko bilkuran gertatu zenak berriro ere agerian utzi du EAJren jokabidea, burujabetza estatusak zenbat axola dion, ezkerraren aurka bere hegemonia erakitzeko duen modua, parlamentuko eta gobernuko ekintzan manca finezza dabilela

Horregatik oso deigarria gertatu zait Berrian Igor Arroyok idatzi duen artikulua: LABeko idazkari nagusiaren albokoak EAJ eta EH-Bilduren arteko oinarrien inguruko akordioa goraipatzen du. Hitz gaiztorik ez dago Egibar aliatuari buruz. Bai, ordea, sindikatu nagusiaz, Arroyoren esanetan nori eta EAJri mesede egiten omen diolako.

Nire ustez, honek guztiak gauza batzuk agerian utzi ditu, aurrez ere ezagunak zirenak: ELA oztopo objektiboa da euskal ezkerrak politika instituzionalean homologa daitezen eskuinaren politikak lagunduz. Eta ELA oztopoa da jeltzaleek saldu nahi duten euskal oasiaren istorioa behin betiko finka dadin; istorio edo diskurtso honi oihartzun egokia ematen dio goizetik gauera sare klientelar eta mediatikoak, non murgilduta gauden.

ELAn harro gaude geure gain hartu dugun rol horrekin. Arnaldo Otegik esanagatik kritikatzea gauzarik errazena dela, nik zin egiten diot ez dela halakorik. Ez da erraza oposizioa eraikitzea, diskurtso alternatiboaren pedagogia egitea, egunez egun eraldatze-proiektu baterako eta botereei aurre egiteko militanteak erakartzea. Aitzitik, zaila da, eta nekagarria. Are okerrago: garaipena ez dago ziurtatuta. Egin beharrekoa besterik ez da.

Nire ustez, baztertu egin behar da ameskeria bat: gehiengo instituzionala ez da benetakoa; zeruari ezin zaio eraso egin; ezkerrik ez dago prekaritatearen infernura jaitsi ezean; ez dago subiranismorik pobretzen ari diren gehiengo horiek irabazi gabe; onartu behar dugu hegemonia neoliberalaren garaiotan basamortuko zeharkaldia egin behar dela, “bloke” berri bat osatu arte (halakorik lortzen badugu). Bloke hori bai litzatekeela “historikoa”, eta ez oinarrien inguruko akordioa, zeinari trufa egiten dion ez ELAk, baizik sinatzaileetako batek.

Igor Arroyok aipatzen du orain dela urtebete ELAk eta LABek plazaratu zuten agiria. Ni ere bat nator hura garatu beharrarekin; hain zuzen testuan adierazitako konpromisoa aintzat hartuz: Ezkerreko aliantzak sustatu eta elkarlanean aritu. Horretarako, beharrezkoa da ezker politikoak agenda soziala lehenestea agenda soberanistaren oinarri gisa”.

Manifestazioetan elkartuko gara.