Hitzak haizeak daramatza, baina ez beti

2014/12/19
unai.jpg
Guztiak gara demokratak. Inor ez da arrazista, baina… Enpresariek sortzen dute aberastasuna eta enplegua. Hemen lehergailuak soilik dira esplotatzen dutenak, mendi azpian, AHTa egiteko. Beste esplosioak, biolentoagoak, urrun gertatzen dira, baita esplotazioak ere.

Unai Oñederra, Manu Robles-Arangiz Institutua, Emeki Kunama

Unai Oñederra

Si no te presentas en la lista de ELA, te aumento el sueldo, le doy trabajo a tu mujer y a tu hijo, y traigo a tu familia de Senegal”. Halako eskaintza baten aurrean zer egin?

Guztiak gara demokratak. Inor ez da arrazista, baina… Enpresariek sortzen dute aberastasuna eta enplegua. Hemen lehergailuak soilik dira esplotatzen dutenak, mendi azpian, AHTa egiteko. Beste esplosioak, biolentoagoak, urrun gertatzen dira, baita esplotazioak ere.

Aberatsa, dotore jantzia, garbia, atsegina, hezia, barea, demokrazia zalea. Langilea, pobrea, zarpail jantzia, zikina, gaizki hezia, zikina eta biolentoa. Ai! Zein erraz ahantziak gorbatadunaren demasiak eta ankerkeriak! Baina kontaezinak dira halako gertakariak.

Nafarroako enpresa bat. Langile gehienak etorkinak. Baldintza penagarriak. CCOO eta UGTko ordezkariak. Langileak, kokoteraino, ELArekin aurkeztu nahi. Nahi eta ezin. Zerrendan sartzen direnak presio, mehatxu eta “opariekin” amore ematen dute. Baina Modou (izena asmatua) desberdina da. “Izena eman dizuten hauek atzera botako dira. Nik hitza ematen dizut, eta hitza ematen dudanean bete egiten dut.”

Halaxe izan zen, erori ziren berekin zerrendan zeuden beste asko, baina bera ez. Bera ez, hauteskunde bezperatan enpresako jabeak bere bulegora deitu zuen arte. Orduan eskaini zizkion intsentsua, urrea eta mirra. Orduan bota zion hasieran paratu dudan harribitxia.

Hiru egun falta ziren hauteskundeetarako. Ostiraletik astelehenera doan bidea. Normalean ziztu bizian pasatzen zaiguna. Normalean kalean pasatzen ditugunak. Baina zer luzeak egin ziren bat, bi, eta hirugarren eguna. Modou ez zen etxetik atera, herri txiki batekoa baitzen enpresa. Herri txiki batean bizi baitzen. Eta presioa jasangaitza, pertsona arrunt batentzat.

Asteleheneraino iraun zuen Unaik, telefonoa ondoan zuela, deitu gabe. “Ez naiz astuna izango”. Baina astelehenean, hauteskunde egunean, atzera bueltarik ez zegoenean, telefonoa hartu eta deitu egin zuen.

Hauteskundeak egin ziren. Modouren hitza ez zuen haizeak eraman: bozkatuena izan zen bere lankide esplotatuen artean