Ingurumen buletina: alternatibak han eta hemen
29. Ingurumen buletina, dokumentu osoa eskuragarri
Justizia klimatikoaren aldeko militantea da Maxim Combes eta “COP21az zer itxaron eta COP21a arte zer egin: erronkak eta perspektibak” izan zen bere hitzaldiaren izenburua. Klimak nazioarteko itunetan izan duen presentzia aipatu zuen, 2009ko Copenhageko goibilera aipatuta. Gaur egun, orduan ez bezala, inork ez du zalantzan jartzen aldaketa klimatikoa gizakien jardueraren ondorio dela. Goibilera hau porrot moduan definitu zuen eta azken bospasei urteetan porrot honetatik eratorritako eztabaidek hartu dutela lekua.
“Paris 2015 klimaren Seattle bat bihurtu beharko genuke”
Klima aldaketaren gaianfuntsezkoa da estatuen konpromiso politikoa. Hala ere, kontuan hartu beharrekoa dela zaila izango dela estatuei eginbeharrak zehaztuko dizkien akordiorik lortzea. Gas isuriak berehala eta drastikoki mugatu beharra dagoela aipatu zuen. Copenhage 2009ren ondoren, 100.000 milioi euro agindu ziren aldaketa klimatikoari aurre egiteko. Egun, kopuru horren %10a ere ez da martxan jarri. Irailean, mundu mailako liderrei gai honetan ekiteko deia egingo dute hainbat ingurumen-eragilek. 1999An, Seattlen, Merkataritzaren Munduko Erakundea blokatzea lortu zen, altermundialismoaren sorrera eta indartzea eman zelarik. Combesen hitzetan “Paris 2015 klimaren Seattle bat bihurtu beharko genuke”. Gizarte mugimenduak indartzearen garrantzia aipatu zuen, defentsibatik ofentsibara pasatuz.
Aldaketa klimatikoaren aldeko borrokak sistema aldatzea suposatzen du. Sistema aldatzeko, aliantzak saretu behar dira sektore desberdinen artean. Honekin lotuta, bi motatako prozesuak bereizi zituen. Batetik, Blokadia. Borroka lokalak energia fosilen bilaketa eragozteko, proiektu txikitzaileen kontra… Bestetik, Alternatiba. Tokian tokiko alternatiba indibidual eta kolektiboen lanketa, utopia gaurdanik eraikiz, saretuz… Justiziaren aldeko mugimendua da eta borroka hauetan sindikalismoa funtsezko eragilea da. Beste gizarte eragileekin batera, Parisko COP21en negoziazioetan ikusle izatetik eragile edo aktore izatera igaro beharko dugu.