Ipar Euskal Herrian ere euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko manifestazioa, azaroaren 21ean Baionan

2026/11/18
Argazkia: Bob Edme
Argazkia: Bob Edme
Euskal Konfederazioak manifestazioa deitu du azaroaren 21erako Baionan, euskararen larrialdi egoerari erantzuteko eta Ipar Euskal Herrian ere euskaraz bizi, ikasi eta lan egiteko eskubidea bermatuko duten neurri politiko eraginkorrak aldarrikatzeko. Deialdiak euskararen biziberritzea lehentasun politiko eta sozial bihurtzeko beharra azpimarratzen du.

Euskararen egoera bereziki kezkagarria da Ipar Euskal Herrian. Euskal Konfederazioak ohartarazi duenez, azken datuek hiztun kopuruaren eta erabileraren ahultzea berresten dute. Hala ere, egoera iraultzea posible dela azpimarratu du, horretarako euskara lehentasun politiko eta sozial bihurtzen bada, hiztun berriak sortzeko politikak indartzen badira eta eguneroko bizitzako arlo guztietan euskaraz aritzeko baldintzak bermatzen badira.

Horretarako, erakunde publikoek euskararen biziberritzean duten erantzukizuna azpimarratu du, eta euskararen aitortza juridikoa eta hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezko lege aldaketak aldarrikatu ditu. Era berean, Ipar Euskal Herriko erakundeei hizkuntza politika eraginkorrak garatzeko deia egin die, helburu zehatzak, baliabide nahikoak eta euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko neurri konkretuak izango dituen plangintza baten bidez.

Manifestuaren sustatzaileek gogorarazi dute euskarak hiztun komunitatearen konpromisoari esker iraun duela mendeetan zehar, baina norbanakoen hautua eta ahalegina ez direla nahikoak hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko. Horregatik, euskaraz bizitzeko hautua errespetatua izan dadin, erakundeen erantzukizuna eta hizkuntza eskubideen aitortza aldarrikatu dituzte.

Azaroaren 21eko mobilizazioarekin, euskararen aldeko atxikimendu sozial zabala erakutsi eta hizkuntza politiketan benetako aldaketak eragitea dute helburu. Euskal Herri osoko euskaltzaleei egin diete Baionako manifestazioan parte hartzeko deia.

Irakur manifestua eta eman atxikimendua hemen:
https://euskalkonfederazioa.eus/manifestua/Euskararen-garaia-da