Irudikatzen ez dugun indarkeria
Azaroaren 25a izan da ordutik Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Eguna. Gaia lantzeko Tania Martinez Portugal politologoaren hitzaldia izan genuen Donostian, bere ikerketa aurkeztu eta biolentzia sexistaren iruditegiaren analisia egin zigun Martinezek. Biolentzia, gizonezkoek emakumeen gain egindako indarkeria bezala definitzen zuen, baina bere lanean ez du indarkeria oro aztertzen; komunitate aktibistetan dabiltzan emakumeen testigantzak biltzen ditu Mugimendu Sozialetan ere iruditegi heteropatriarkalak nola jokatzen duen aztertzeko. Izan ere, aktiBista izateak, ez ditu bistarik aktibatzen landu ezean. Diskurtsiboki bai, noski baietz, ni feminista naiz, ba ni gehiago; nik bandera moreak ditut, ba nik odola ere morea daukat!. Garrantzitsua da diskurtsoan feminismoak eta balore feministek lekua hartzea, baina derrigorra da diskurtsoak indar-harremanetan eragitea, hegemonia heteropatriarkalak plastilinak baino moldatzeko gaitasun gehiago baitu.
Politikoak zuzenetik gutxi dutela diogu eta era berean politikoki zuzena darabilgu ahotan. Gizonak ez du boterea galdu nahi. “Beno, nik nire lankide emakumeak berdin tratatzen ditut, eta garbitzailea egunero ez bada ia egunero agurtzen dut”. Oso ondo. Genero-harremanei etengabe begiratu behar zaie, eta Martinezen arabera, ez dugu indarkeria sexista continuum batean ulertu behar, ez da botere desoreken muturra indarkeria, genero-harremanen ondorioa baizik. Askotan entzuten dugu feminismoa aspaldian ez ote den gehiegi azpimarratzen, aurrera goazela eta izugarri hobetu dugula egunero marmar berdinarekin ibiltzeko. Bada batzuek egunero izan behar dute emakume, eta egunero jasan behar dute emakume izatea.
Martinezen ustez erraz xamar detektatzen ditugu Che Guevararen bizarra duten Torrenteak. Baina zer gertatzen da gizon “normal” horiekin? Ikerketan bildu dituen emakumeen testigantzen artean, publiko eta pribatuaren arteko dikotomia aipatzen zuten parte-hartzaileek. Talde aktibista bateko bi kideek harreman gatazkatsuren bat izan badute, euren esku uzten da konponbidea, eta gizona zapaltzailea izan bada, harreman horren markoan soilik izan dela sinestarazten dugu. Erasotzaileen tipifikazioan errepikatzen diren lau ezaugarri azpimarratu zituen Martinezek: supermilitante izaera (buah, denean dago, denean eta beti!), nagusitasun intelektual/fisiko/soziala adierazteko beharra (bai, nire ustez akatsa III. Internazionaleko Leninen perpaus kausaletan egon zen), biktimismoa eta auto-induljentzia (enee, ez nuen uste... nik ez nuen nahi...) eta borroka sozialean lortutako identitatea galtzeko beldurra.
Testigantzetan “ahazdura” da aipatzen den beste elementu bat. Batetik, defentsa-mekanismorako modu izaten liteke berau, eta bestetik, anekdota zehatzak baino tratatzeko era bat izaten da indarkeria askotan, eta hortik kontakizuna egiteko zailtasuna. Puntu honetan askotan egiten da herren. “Zer gertatu da?” galdera da arazoari heltzeko erabiltzen dugun lehena, eta batzuetan gertatu dena ez da gertakarian bertan hasi, edo akaso ez da ezer gertatu eta indarkeria egon badago.
Sexismoa eta indarkeria identifikatzeko dauden erresistentzia eta oztopoen adibideak jarri zizkigun Martinezek, eta soluzio zehatzik ez duen formula honetarako gako bat aipatu: ardura. Ardura kolektiboa, gure espazioetan indarkeria sexistari indarkeria politikoaren statusa aitortzeko, despolitizatu gabe, agenda politikoan lekua emateko. Horretarako garrantzitsua da erreflexibitatea, zalantzan jartzea egiten ari garen hori, problematizatzea, egiten ari garena perfekzionatu baino, bere ezaugarriak eta mugak kontuan hartzeko. Sindikatuak baditu bozeramaile mixtoak, Genero Saila zein barne-prozesu estrategikoa. Betaurrekoak aldatzen, eta momenturako egokiena zein den pentsatzen aritu baino, (orain morea, gero berdea, biharko gorria sartu poltsikoan), hobe, bista aktibatzea. Mirabal abizenak ere gordetzen du sekretutxo hori bere miran.
Hitzaldian erabilitako diapoak:
Hitzaldia osorik hementxe: