Irungo liburutegian prekarietateari aurre egin zioten grebara iritsi gabe
Aitzo Urkiola, Irungo liburutegiko langilea (testu hau Tabakaleran Ubik-eko bitartekariek antolatu zuten mahai inguruan kontatu zuenaren laburpena da)
BItxia dirudien arren Irungo CBA Kulturguneko liburutegiko langileei urteetan zehar Madrid erkidegoko bulego eta despatxuen hitzarmena aplikatzen ziguten. Horrek ezin zuen hala jarraitu, eta 2016ko maiatzean iritsi zen "honaino!" esateko unea: hau ez da bulego bat, ez da despatxu bat eta hau ez da Madrid, zerbait egin beharko dugu beraz. Eta lanean jarri ginen.
Agintarien erabakiak baldintzatzeaz ari garenean, garrantzitsua da jendeak ongi ezagutzea liburutegiko zerbitzua ematen dugun langileen egoera. Jendeak ez daki azpikontratatuak garela
Grebara iritsi behar izanik gabe lortu genuen Gipuzkoako esku hartze sozialeko hitzarmena aplikatzea. Nolabait esateko, beste esparru batzuetan borrokatu behar izan genuen ELA sindikatuarekin batera, baldintza plegu bat eta lehiaketa publiko bat atera zelarik, lizitazioa irabazi zuen enpresak hasiera batean uko egin nahi ziolako zerbitzuari. Arazoak izan zitzakeela argudiatu zuen. Guk badakigu udalak enpresa honi presioa egin ziola baiezkoa eman eta zerbitzua har zezan.
Hau entzunda, pentsa dezakezue hasieratik bertatik gure arazoa konpontzeko borondate politikoa izan zuela udalak, baina ez da hala. Ez zuten beste aukerarik izan. Gure egoera salatu genuen sindikatuarekin batera. Horrek eragin zuen, une batean Eulen, lehiaketa irabazlea, atzera botatzea. Hortik aurrera garaipenera eraman gintuen prozesua abiatzen da, baina izerdia botata lortu genuen... Prozesu luzea izan zen, eta grebara iritsi aurretik, liburutegiaren irudia ez zikintzeko asmoz,auzia konpontzea erabaki zuten, beren erabakia baldintzatzeko gelditu gabe lanean ibili ginelako.
Jendearengana iristea lortzen badugu, jendeak ulertzen du; ez gara lan baldintza kaskarrak ditugun bakarrak
Udalaren jarrera aldarazi zuen beste gako bat izan zen Bildu eta Podemoseko bi zinegotzik egin zituzten adierazpenak. Sare sozialetan oihartzun handia izan zuen gaiak, gauzak azken punturaino kontrastatu gabe hitz egin zutelako eta esan zutena ez zelako %100ean zuzena. Horrek udalaren erantzun ofiziala ekarri zuen, dezenteko kalapita sortuz.
Prozesu honek erakutsi digu, agintarien erabakiak baldintzatzeaz ari garenean, garrantzitsua dela jendeak ongi ezagutzea liburutegiko zerbitzua ematen dugun langileen egoera. Jendeak ez daki azpikontratatuak garela, nahiz eta administrazioek duten oso joera hedatua izan. Instituzio batek 365 egunez, goiz eta arratsalde eman behar duen egiturazko zerbitzu bat azpikontratatzen duen momentutik (ez naiz hitz egiten ari atea konpontzeko deitzen duzun arotzaz), berdin du bertan 6, 8, 10 edo 25 pertsona dabiltzan lanean, onartzen ari zara pertsona horiek etekin ekonomikoak besterik bilatzen ez dituen enpresa baten menpe jarriko dituzula.
Nire enpresak ez daki zer egiten dudan nik. Dakien gauza bakarra da zenbat ordaintzen dioten nigatik eta, ondoren, niri zenbat ordaindu behar didan. Instituzioek emaitza ekonomikoak soilik begiratzen dituzten enpresen esku uzten dituzte beren zerbitzuak. Kontuak berde ikusten badituzte jarraitzen dute, baina gorri ikusten badituzte ospa egiten dute. Instituzioie eskatu behar dizkiegu kontuak.
CBAko liburutegian jende askorekin jarduten dugu, pertsonekin egiten dugu lan, eta "honaino!" esatea erabaki genuenean ez genekien zer gertatuko zen. Tentsioa egon zen. Une batean grebara deitu genuen, eta espazioa erabiltzen zuen jendearen erantzuna oso positiboa izan zen, ulertzen zutelako lan baldintza duinak eman behar zizkigutela. Jendearengana iristea lortzen badugu, jendeak ulertzen du; ez gara lan baldintza kaskarrak ditugun bakarrak.