Itsusi(ok)

2015/05/04
Chavs.jpg
Internazionalaren letrarekin -eta are gehiago espirituarekin- bat ez datozen ehunka gertakariren lekukoak gara, egunero eta etengabe. Egon badaudelako -beti izan diren bezala- gure artean, enpresari justuak eta solidarioak; langile egoskorrak eta alperrak; Belen Estebanenak Txiki Muñozenak baino gehiago estimatzen dituztenak; edota matrimonioaren barneko berdintasunaren debatea eta tirabira konplikatu horiek etxeko langile etorkin baten enplegu ilegalaren bidez isiltzen dituztenak… Hori guzti hori horrela da, eta zaila egiten da Langile, Klase, Sindikatu, Justizia bezalako hitzekin idaztea, Maiatzak Lehenaren bezperatan.

Xabier Anza, ELAko Formakuntza arduraduna, De Re Publica

Xabi Anza

Hori horrela da baina, kontua da inguratzen gaituzten gehienak, oraindik ere, soldatapekoak direla, soldatapekoak garela, eta izan nahi dute eta nahi dugu gure bizi asmoak garatu ahal izateko. Eta soldatapekoak izateagatik egunaren ordurik onenak -aztien, garbien, indartsuen gauden ordu horiek hain zuzen- saldu behar ditugu, maite ditugunon bizia bermatu ahal izateko. Soldatapekoak izateagatik ez dugu erabakitzen zer egiten dugun, nola egiten dugun, zer baldintzatan egiten dugun, zer bitartekoekin egiten dugun, norentzako egiten dugun, zertarako egiten dugun… egiten duguna. Soldatapekoak izateagatik, eta soldatapekoa izaten jarraitu ahal izateko, isiltasunaren zurrunbiloan murgildu izan gera gehienetan, geuri edota aldameneko kideari kalte egin diotenean, “virgencita, virgencita, que me quede como estoy” izkutuan errezatzen genuen bitartean. Orain bezala, Internazionalaren abestia egin zenean, gutxiengo txiki zen antolatzen eta borrokatzen zuen langile kopurua, beti izan den bezala.

Badira ordea antolatzen asmatu dutenak. 2008 eta 2010 urteen artean, bi urte, bederatzi hilabete eta hamazazpi egunez greba egin zuten laurogeita hamar langilek. Denak emakumeek ziren. Eta Gasteizen gertatu zen. Baliteke hori izatea langile mugimenduaren historian gertatu den lan gatazka luzeena. Eta beraiek bezala, oraindik ere, mundu osoan, kontradikzioz eta miseriaz beterik, milaka emakume eta gizon goian aipaturiko otoitza egiteari uko egiten diote egunero, isilean, eta informatiboetan agertu gabe. Gizon emakume hauek ez dira zintzoenak, ez guapoenak, ez inteligenteenak. Eztaukate inolaz ere estetika progresistarik. Telezaborra ikusten dute gauetan eta Belen Esteban miresten dute, Txiki Muñozen kaltean.

Antolatzen diren hauek Internazionala zailtasun handiz tarareatzen dute baina ez dute behar, Internazionala ez delako beraientzat errealitatearen deskripzio bat, betebehar bat baizik. Urtean, egun bakar batez, itsusi hauetako batzuek burua altxatzen dute, esateko, beraiek egiten dutela mundua, mundua egiteko bitartekoak beraienak ez badira ere. A ze nazka ematen duen, ematen zuen, eta emango duen beti, ikusteak itsusi hauetatik datozela aldaketak mundura! A ze nazka gure estetika postmarxista eta postmodernistarentzat! Itsusiok!