Kapitalismoaren ondorioak ingurumenean: zor ekologikoa

2012/05/25
ingurumen buletina.jpg
Aurreko buletinetan mundu mailako ingurumen krisiaz hitz egin dugu, zein krisi ekonomikoarekin eta sozialarekin estuki loturik dagoen. Egoera hau sistema kapitalistaren ondorioa da. Daukagun alternatiba bakarra sistema aldatzea da, baina horretarako kapitalismoak suposatu duena aztertu behar da.

Ingurumen Buletinetik hartua

Sistema honen hitz gakoetako bat hazkundea da. Ekonomia baliabide natural mugatuen esplotazioan, eraldatzean, kontsumoan eta hondakin bihurtzean dago oinarrituta. Kapitalismoak hazkunde mugagabearen aukera saldu nahi digu, baina hau ezinezkoa da, esan bezala, baliabideak mugatuak direlako. Planetak izan duen bidegurutze zailenean gaude eta oraindik ere irtenbidea hazkundean dagoela esaten digute. Ez, irtenbidea aberastasunaren banaketa justuan eta ditugun baliabideekin funtzionatzean dago eta ez ezer aldatzen ez duen hazkundean.

Kapitalismoak ingurumenean eragiten dituen kalteak begi-bistakoak dira ingurura begiratuz gero. Arnasten dugun airea, edaten dugun ura, jaten ditugun elikagaiak,... kutsatuta daude. Sufritzen ditugun gaixotasun asko kutsadura honen ondorio dira. Azpiegituren eraikuntzak eta hirigintza bortitzak lurraldea suntsitu dute, paisaia naturalak desagertzen ari dira, hitz batean, bizi kalitatea galtzen ari gara. Hondakinen gehiegi sortzearen arazoa ere oso gertutik ikusten ari gara erraustegiak eraikitzearen mehatxua dela eta. Eta egunero datozkigun beste arazo pilo bat. Ondorio hauek dira urrats ekologikoa deritzoguna, lurraldean uzten dugun urrats ekologikoa.

Baina badira beste ondorio batzuk zuzenean ikusten ez ditugunak, oso urruti agertzen baitira, eta ikusten ez duguna ez dugu kontuan hartzen.

Guk gure lurraldean ez ditugu nahikoa baliabide natural bizi garen bezala bizitzeko, horregatik beste herrialde batzuetatik ekartzen ditugu, gehienetan hegoaldeko herrietatik (Latinoamerika, Afrika,...). Baliabide hauek modu guztiz jasanezin eta miserablean esplotatzen dira ondorio izugarriak eraginez: kutsadura, ondare naturalaren suntsitzea, nekazariei lurrak kentzea, pobrezia, gosea, gaixotasunak, hilketak, nahitaezko migrazioak, eskulanaren esklabotza, herrialde aberatsenekiko menpekotasuna, kanpo zorra,... Hau eragiten duten enpresa transnazionalak estatubatuarrak, Repsol YPF bezalako europarrak, edo Iberdrola bezalako euskaldunak dira. Enpresa hauek baliabide naturalak oso prezio baxuan ateratzen dituzte herrialde hauetatik, ez baitira eragiten dituzten kalte ekonomiko, sozial eta ingurumenekoez arduratzen. Eta ekiditen dituzten ardura eta kalte horiek dira zor ekologikoa deritzoguna.

Zor ekologikoa zera da: Iparraldeko herrialde industrializatuek eta bertako instituzioek, elite ekonomikoak eta enpresek duten ardura baliabide naturalen jabetze eta kontrolagatik , eta baita beraien produkzio eta kontsumo ereduak eragindako planetaren suntsiketagatik ere. Honek eragin zuzena du tokian tokiko garapenean eta gizon-emakumeon etorkizunean. Definizio honetan oinarriturik, Hegoaldeko herrialdeak dira hartzekodunak eta herrialde aberatsenak gara zordunak. Zor honen oinarrian daude gure eredu industriala, gehiegizko kontsumoa, hondakinen gehiegizko sorrera, berotegi efektuko gasen emisioak, eta halaber, kapitalismoa eta merkatu librea. Gu ere, herrialde hauetako hiritar bezala eta baliabide hauen kontsumitzaile bezala, zor ekologikoaren arduradun eta zordun gara. gure ongizatea beste batzuen ongizatearen kontura. Errealitate honek gure garapen eredua berriz pentsatzeko eta aldatzeko balio behar digu.