Klase garaipen feminista ... IMQ hori saihesten saiatu arren!

2022/05/06
imq eus.jpeg
Joan den martxoaren 1ean, ELAren Bilboko egoitzan, ospakizun oihuak entzun ziren. Ez zen gutxiagorako. Zerbitzuen federazioako arduradunak IMQk kaleratutako garbitzaileei buruzko epaia irakurtzen ari ziren; aurrekaririk gabeko epaia, sindikalismoarentzat eta feminismoarentzat, historikoa. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak IMQren kaleratzeak baliogabetzat jo zituen bi arrazoi desberdinengatik, eta langileak beren lanpostuetara itzultzeko agindu zuen. Epaileak sindikatuari arrazoia ematen zion puntu guztietan. Epaia haratago doa, genero begirada nabarmenarekin emanda dagoelako. IMQk epaia Gorenean errekurritzea erabaki duen arren, emakumezko langileak ahaldunduta daude eta lan-karga eskatzen jarraituko dute.

J. Jaio, Landeia aldizkariko 245. alean argitaratuta.

Sententzia feminista

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren arabera, Bilboko IMQ Zorrozaurre eta Virgen Blanca kliniketako garbitzaileak, 90 guztira, legeari iruzur eginez eta eskubide-abusu argiz kaleratu zituen enpresak. Sententziak kaleratzearen aurretik zeuden baldintza berberetan berriz onartzera eta kontratuak amaitu zirenetik izapidetze-soldatak ordaintzera kondenatzen ditu.

IMQk 2021eko azaroan erabaki zuen garbiketa-zerbitzua internalizatzea (Gizatzen enpresaren bidez azpikontratatua) eta langileak ez subrogatzea. ELA era adostuan enpresak atzera egin zezan saiatu zen, baina ez zuen lortu. Horregatik, kaleratze kolektibo horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen auzitegietan.

EAEANk frogatutzat jo du langile-kolektibo hori ez onartzeko erabakia urteetan egin duten jarduera sindikal eta juridikoaren ondorio dela, eta, beraz, IMQ kondenatu du 40.000 euroko kalte-ordaina ordaintzera ELAri eta langile bakoitzarentzari kalte-galerengatik 1000 euro ordaintzera.

Epaiak adierazten du, halaber, IMQk argi eta garbi urratzen dituela langile horien oinarrizko eskubideak, eta askatasun sindikalaren eta grebarako eskubidearen aurka egiten duela; greba hori, kasu honetan, azaroaren 23an deitu zen, oso feminizatuta dagoen kolektibo batean soldata-diskriminazioa (soldata-arrakala) ezabatzeko.

Lehen aldiz, epai batek garbiketaren sektorean dagoen soldata-arrakala aitortzen du. Epaiak "eremu ahulak" aipatzen ditu,"prekarietatera eta ezegonkortasunerako joera dutenak" edota "% 20 inguruko genero-arrakala duen lanpostuak". Gizarte-araudia eta errealitate berriak ere aipatzen dira, eta baliogabetzat jotzen dira, besteak beste, "sexuagatiko diskriminazioagatiko kaleratzeak".

Epaiak argumentazio hori onartzen du zuzenbideko bederatzigarren oinarrian, eta bertan, hitzez hitz, honako esaldi hauek irakurtzen dira: "Eragindako kolektiboa, funtsean, emakumeek osatzen dute"; "enpresa-erabakiek ondorioak izan ditzake eremu ahuletan, prekarietatera eta ezegonkortasunerako joera duten eremuetan"; " %20 inguruko genero-arrakala duen lanbidea da"; eta, azkenik,"Kaleratuek gizonen eta emakumeen arteko aldea murrizten duten eskubideak aldarrikatu nahi izan badituzte, eta kaleratzeak emakumeen kolektiboan eragiten badu, kaleratzea baliogabetzat jotzen da bide berri horretatik. Sexuagatiko diskriminazioa dago." Hau da, kaleratzeak berriro eta bigarrenez baliogabetzat jotzen dira, "sexuagatiko diskriminazioa" dagoela uste baita.

Aurrekari garrantzitsua eta jurisprudentzia

Maite Leizegi, Bilboko Zerbitzuetako arduraduna, pozarren dago epai honen edukiagatik eta ondorioengatik, baita beste kolektibo feminizatu eta prekarizatu batzuentzat aurrekaria izan daitekeelako: emakume langileak greban ari diren sektoreetan, halanola, adinekoen egoitza, etxez etxeko laguntza-zerbitzua edota eguneko zentroetan.

Ildo horretatik, arduradun sindikal honek azpimarratu du epaiak lehen aldiz aitortu duela garbiketaren sektorean soldata-arrakala dagoela, eta ELAk urteak daramatzala hori eztabaida sozialaren eta negoziazio kolektiboaren erdigunean jartzen saiatzen.

Epaiaren baloraziora itzuliz, Leizegik nabarmendu du beharrezkoa dela borroka sindikalaren eta sindikatuko zerbitzu juridikoen arteko koordinazio estua. «Guztion garaipena da, eta aukera ona sindikatuaren zerbitzu juridikoek egiten duten lan eskerga nabarmentzeko, epai garrantzitsuak lortzen ari baitira. Horretarako balio du ELAren kuotak: langile klasea antolatzeko, zerbitzu juridiko indartsuak mantentzeko, Erresistentzia Kutxa bat izateko... ELA langileek langileentzat egin eta pentsatutako tresna da».

Leire Gallego ELAko Berdintasun Arloko arduradunak esan zuen bezala,  «egun hauetan asko dugu ospatzeko, baina baita eskerrak emateko ere: langileei, antolatzerako orduan ELArengan konfiantza izateagatik; ELAko zerbitzu juridikoei, eta feminismoari, sinesten irakasteagatik. Emily Dickinson poeta estatubatuarrak esan zuen bezala, ez gara gure benetako garaieraz jabetzen, zutik jartzen garen arte».

IMQk epaiaren aurkako errekurtsoa jarri du

Ikuspuntu logiko batetik ulertezina bada ere (epaia suntsitzailea da), IMQk epai horren aurkako errekurtsoa aurkeztu du Gorenean, eta langileak berriz ez onartzea erabaki du. Praktikan, horrek esan nahi du bi langile-talde ordaintzen ari direla: batetitk, etxean jarraitzen duten kaleratuak; eta, bestetik, langile "matxinatuak" bota ondoren kontratatzea erabaki zituenak.

Haimar Kortabarriak, kasua eraman duen abokatuak, nahiagoko zukeen IMQ epaia onartu eta betetzera mugatu izan balitz, baina baikora da helegite horren aurrean. «Irabazitako epaia ondo oinarrituta zegoen, oso argudio sendoekin, eta, beraz, oso zaila iruditzen zaigu IMQk oinarrizko eskubideen babesarekin eta subrogazioarekin lotutako gaiei buelta ematea, epaian oso agerian geratzen baitira», dio. Edonola ere, orain Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salari dagokio errekurtsoa ebaztea. Kalkulatzen da urtebete igaro daitekeela erabakia hartu arte eta epai irmoa izan.

Ahaldunduta

Pentsa zitekeena gorabehera, IMQk epaiari errekurtsoa jartzeko eta kaleratutako langileak lanera ez itzultzeko hartutako erabakiak, soldata ordaindu arren, ez die kalte handirik egin. «Nik esango nuke alderantziz.», dio Maite Leizegik. «Are gehiago ahaldundu ditu, eta berretsi egin du beren botere ekonomiko eta politiko guztia nahi bezala egiten eta desegiten saiatzen den enpresa bati buruz zuten iritzia. Ez dira gai beren porrota onartzeko; klasismotik eta botere-abusutik hartutako erabakia da, eta horretara ohituta daude», azaldu du.

«IMQko kaleratuak benetako borrokalariak dira, eta haien erreakzioa ez da frustrazioa izan, haserrea baizik, eta enpresari aurre egiten jarraitzeko gogoa. Soldata kobratzen etxean lasai geratzea erabaki beharrean, mobilizazio-egutegi bat onartzea erabaki dute, IMQri lan-karga eskatzen jarraitzeko eta amaierara iritsi ez den gatazka ikusarazteko.»