Klima aldaketaren aurkako ALTERNATIBA Tourrari harrera urriaren 5ean Donostian

2018/09/28
Kartelatxiki.jpg
Urriak 5 ostiralean, Donostiara iritsiko da klima aldaketa salatzeko bizikletan 5.800 kilometroko ibilbidea Aldatu dezagun sistema, ez klima! lemapean egin duen Alternatiba Tourra. Ekainaren 9an Parisetik abiatu zen Alternatiba Tourra eta mobilizazio eredu berri bat da hau: lau hilabetetan 200 etapa egin ditu bost herrialde zeharkatuz, eta iritsi den toki bakoitzean proiektu kaltegarrien aurkako borrokan nahiz alternatiba eraldatzaileak sortzen ari diren tokian-tokiko mugimenduekin elkartu da.

Alternatiba Tourra Donostia eskuorriaPariseko COP21 gailurrak klima aldaketaren arazoa ez zuenez konpondu, intereses ekonomikoen mende dauden soluzio faltsuak salatzeko eta benetazko aldaketak bultzatzeko herri mugimenduak martxan jartzea beharrezkoa da. Hori dela eta, Donostian Alternatiba Tourrari ongi merezia duen harrera egiteko asmoz hainbat talde eta erakunde sozial elkartu gara, eta egun hortan Zubietako errauskailuaren nahiz Donostiako Metroaren kontrako salaketak izango dira aldarrikapen nagusiak, Donostialdean ekonomia solidario eta eraldaitzailearen bidetik abian diren ekimenekiko sostenguarekin batera. Donostiatik igaro eta hurrengo egunean, Alternatiba Tourrak Baionan helmuga izango duen azken etapa beteko du,  urriak 6-7 asteburuan oso jendetsua izango den Alternatiba Eguna ospatuko delarik Lapurdiko hiriburuan (info guztia hemen:  http://tour.alternatiba.eu/).

Klima aldaketa gelditzeko pintura berdea baino zerbait gehiago behar da. Honi dagokionean, Zubietako errauskailua eta Donostiako Metroa zentzugabekeria larriak direla salatu nahi dugu:   

   > Errauskailua, Gipuzkoan aldaketa klimatikoa eragiten duten gasen igorle nagusia izango delako. Errausketak klimaren beroketa larriagotzen du eta hondakinen birtziklapen eraginkorra nahiz kudeaketa arrazionalago bat ahalbidetzeko ezinbestekoa den gaikako bilketa sistema zabaltzearen kontrakoa da. Alternatiba hori Gipuzkoako herri askotan eta zenbait mankomunitatetan dagoenekoz egia bilakatu da ordea.  

   > Donostiako Metroaren pasantea, egungo garraio publikoko sare osoaren aprobetxamenduan eta hobekuntzan oinarrituriko alternatibak sustatu ordez, jendartean desadostasun zabala pizten duten behar gabeko azpiegitura-lan handien inposaketaren adibide biribila delako. Gainera, Donostiako Metroak ez du autoen trafikoa gutxituko, egitasmoak hiriko autobusen linea eta zerbitzuen murrizketa garrantzitsua bultzatzen duelako –hain zuzen ere energia gutxien behar duen garraio-bideari kalte eginez.

Tour Alternatiba Donostia

Horrenbestez, Donostiak duen Klima 2050 Ekintza Planean ekonomia zirkularra soluzioaren erdigunean kokatzen bada ere, erakundeek ekologikoki jasangaitza den eta sozialki zalantzan jarritako garapen eredua sustatzen segitzen dute. Horra Alternatiba Tourrak apurtu nahi duen logika maltzurra.

Urriak 5erako plana Donostian:

Hori denagatik, urriak 5 ostiralean Alternatiba Tourrari egingo diogun harreran partehartzeko dei egiten dugu. Honako ekintza hauek antolatu dira:     
   >18:00etan Katalunia Plazan: Donostiara iristen denean Alternatiba Tourrera bilduko gara. Merezi duen harrera beroa egiteko bizikletak hartzera eta hirian zehar txirringaz 3-4 kilometroko ibilbidea egitera animatzen dugu.

   > 19:00etan etaparen amaiera Gipuzkoako Plazan: Bizikleta martxa Diputazioaren aurrean amaituko da eta ekitaldi txiki batekin ongi etorria egingo diogu.

   > 12:00etatik 20:00etara erakusketa informatiboa Diputazioaren aurrean: Bestalde, eguerditik aurrera erakusketa informatibo bat jarriko da Alternatiba Tourrari eta Zubietako erraustegiaren nahiz Donostiako Metroaren auziei buruz. Halaber, informazioa eskainiko da ekonomia solidario eta eraldaitzailearen arloan MapaSaretuz-en dauden alternatibak erakusteko.

DEITZAILEAK:

Ekimen honekin jadanik bat egin dute: Errausketaren  Aurkako Mugimendua, Satorralaia bizilagunen mugimendua, Ekologistak Martxan, Eguzki, TRADENER (Trantsizio Energetikoa eta Demokrazia), Etxalde, Olatukoop, Gipuzkoa Zutik, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, Eleak-Libre Taldea, Zubieta Lantzen, Zubietako Herri Batzarra, Uliako Lore-Baratzak eta  Hondarpe Groseko Auzo Elkartea.

Deialdia zabalik dago atxikimendua eman nahi duten talde eta erakunde sozial guztientzat. Sostenguak honako helbidera bidali behar dira: alternatiba.tourra.donostian@gmail.com