Alternatiba Baionan: Klimaren aldeko herritar mobilizazioa
Autobusak antolatzen ari gara Hegoaldetik: idatzi emaila mrafundazioa@elasind.org helbidera
Milatik gora lagun lanean aldaketa klimatikoaren alternatiben herria instalatu eta animatzeko; hain zuzen irailaren 27an IPCCren 5. Txostena plazaratuko da (agintarientzako I. atalaren laburpena) :
-100 hizlari, besteak beste ospe handiko hainbat (Christophe Aguiton, Iñaki Antigüedad, Geneviève Azam, Joseba Azkarraga, José Bové, Eva Joly, Hervé Kempf, Pierre Larrouturou, Christophe Cassou CERFACSeko klimatologoa, Espainiako Greenpeaceko zuzendari ohia den Juan Lopez de Uralde, zeina Kopenhageko goi-bileran espetxeratu egin baitzuten, Amaia Muñoa, Paul Nicholson, Thierry Salomon NégaWatt erakundeko presidentea, Patrick Viveret filosofoa, etab.).
-200 artista
-200 erakusle
-500 bolondres
Alternatibarako deialdia egin dute 60 erakunde eta sarek, besteak beste honakoek: Amis de la Terre-France eta Espainiako Amigos de la Tierra, ATTAC-France, Bizi, Collectif Roosevelt, Confédération Paysanne, EHLG, ELA, Enercoop, Fondation Danielle Mitterrand-France Libertés, Fondation Nicolas Hulot, Greenpeace, Greenpeace-France, LAB, REAS Euskadi, REAS Nafarroa, Sortir du Nucléaire sarea, Slow Food France, Surfrider Foundation Europe, Union Syndicale Solidaires, etab.
Milaka lagun etortzea espero dugu, Frantzia osotik eta Europako hainbat tokitatik.
Ekitaldi oso bisuala izango da: Baionako hirigunea oinezkoentzako eremu bihurtuko da; kale eta plaza bakoitza erakusketa-areto bilakatuko da, baita hamabost esparrutan egun dauden alternatiba sozial eta ekologikoak azaltzeko erakusleiho ere (nekazaritza eta elikadura, eko-etxebizitza, garraioa, kontsumo eta finantza arduratsuak, energia, udal eta lurralde mailako alternatibak...). Arteak eta kaleko antzerkia, otordu herrikoiak, nekazarien merkatua, bizikleten merkatua, trukerako gunea, etab. Betiere moneta lokala erabiliko delarik.
1.000 metro koadroko karpa handi batean izango da klimari buruzko gune bat.
Omenaldi handia egingo zaio Stéphane Hessel-i, hots, Alternatiba proiektua babestu zuen gizonari; bere emaztea eta hainbat senide ere bertan izango dira; hitzaldiek erronka klimatikoari aurre egitera deituko dute. Une artistiko indartsuak ere izango dira, milaka lagunen aurrean. les Motivés taldeak (Zebdako musikari eta kantariak + gonbidatuak) eta Willis Drummondek kontzertu berezia emango dute; beste gonbidatu batzuren artean Fermin Muguruza, Fernando Sapo eta Gorka Urbizu izango dira..
Alternatibarekin berriro abiarazi nahi dugu klimaren inguruko herritar mobilizazioa, laster COP21 garrantzitsua izango baita (Nazio Batuen goi-bilera aldaketa klimatikoari buruz), Parisen 2015 amaieran.