Krisiak irtenbidea du ezkerreko ate subiranotik
Asier Blas, Zientzia Politikoetako irakaslea EHUn
Ekonomiaren tamaina handitzen bazen, soldata gordinak (kuantitatiboki) handitu ahal izango ziren, nahiz eta ekonomiaren banaketan pisu erlatiboa (portzentajea) galdu. Eta nola handitzen zen ekonomiaren tamaina? Besteak beste, kolonialismo ekonomikoarekin, herri garatuek egikaritu dutena munduan zehar.
Dena den, eredu hau aspalditik dago krisian. Azkeneko hamarkadetan soldaten eros-ahalmenak behere egin du nabarmen Europan, eta hori “konpontzeko” modu ia bakarra asmatu zuten: kreditua. Baina, zorpetzeak muga bat du egungo krisi ekonomikoak erakutsi digun moduan. Azken honek bost dimentsio agertzen ditu gutxienez:
Lehenengoa, krisia eztanda egin aurretik eman zen, orduan estatuak zergak jaitsi zizkien herritarrei, baina bereziki aberatsei eta enpresei. Ondorioz, administrazio publikoek finantzaketarako zuten gaitasuna nabarmen ahuldu zen. Bigarrena, burbuila finantzarioak eta adreiluarenak eztanda egin eta langabezia handitu eta administrazio publikoen zerga-bilketa asko txikitu egin zen.
Erabakitze guneak herritarrengandik geroz eta urrunago egon, orduan eta zailagoa da politikarien kontu emateko lana burutzea
Hirugarrena, zor pribatua publiko bilakatzea izan da, hartara, aurretik burbuila finantzario eta higiezinekin aberastu ziren horien galerak herritarren lepotik ordaintzen ari gara. Baina, hori egin ahal izateko, ezinbestekoa da laugarren dimentsioa, aurreko iruzurraren ondorio bat bezala aurkeztu digutena: Latinoamerikartze prozesua Europako hegoaldean. Honen arabera, sektore publikoa murriztu egin behar da diru publikoaren parte horrekin bankuek sortu duten anabasa ordaintzeko. Ondorioz, langile publikoak kaleratzen dira egunero, langabezia-tasa igo eta estatuaren birbanaketa politikak ahuldu egiten dira. Emaitza garbia da: jendarteratutako diru kopurua nabarmen jaisten da esku pribatu gutxi batzuetara bideratzen delako eta horrek kontsumoaren beherakada ekarri du, bosgarren dimentsioa agerraraziz: soldata eta lan baldintzen kaskartze orokorra. Kontsumoa jaitsi da eta horri aurre egiteko saldu diguten errezeta bakarra da lehiakortasuna irabaztea soldaten kontura, hau da, beste behin langileei ordaindu beharreko lana merkatuz. Beraz, ondo formatutako langileak geroz eta gehiago joango dira atzerrira lan bila eta etxean geldituko direnak baldintza kaskarretan egongo dira.
Krisiaren bost dimentsioa hauek, eta seguruenik eskapatu zaizkidan beste zenbaitek, bi legitimazio modu dituzte: sistema demokratiko-liberala eta hedabideak. Bi botere hauen kontrola jendartetik urrunago egon dadin, oso garrantzitsua da ulertzea zein eskalatan garatzen diren. Oro har, erabakitze guneak herritarrengandik geroz eta urrunago egon, orduan eta zailagoa da politikarien kontu emateko lana burutzea eta errazagoa da hauek kapitalaren esanetara jartzea. Alde horretatik, nabarmena da herrialde txikiek dituzten abantailak.
Tamainak garrantzia handia duela politika publikoen norabidea boto-emaile ertainaren gogoekin lotzeko
Estatu handietan politikariek ordezkatzen dituzten herritarrengandik urrunago daude eta, horri esker, besteak beste, hauen interesen aurkako erabakiak errazago har ditzake, urruntasunak ematen duen babesetik. Pentsa ezazue Errusian edo AEBetan, estatu hauen handitasunak ia ezinezkoa egiten du herritar soilentzat eragitea politikan eta hedabideen. Antzera gertatzen da gurera bagatoz, euskal herritar batek erabakiak Madrilen edo Parisen hartzen diren artean, hauen gainean eragiteko gaitasun txikiago izango du balizko Euskal Herria independente batean baino. Norbaitek ba ote du dudarik Gabonetako pagarekin gertatzen ari den afera hau, murrizketekin gertatzen ari direnak edo lan erreformarekin gertatutakoak errazago borrokatu genituzkeela gure esparru txikian?
Horregatik, ikuspegi demokratiko batetatik eskala txikiko erabakitze guneak hobeagoak dira. Gertutasunak dentsitate hobeagoko demokraziak ahalbidetzen ditu: herritarren interesak hobeto ordezkatzen ditu, beraien zuzeneko parte-hartzea errazten du eta hedabide handiek duten eragina txikitzen du. Baldintza hauetan ez da hain erraza herritarren gehiengoaren aurkako erabakiak hartzea dohainik. Ildo honetan, Zientzia politikoetan enpirikoki demostratuta dago estatu txikiek hobeto ordezkatzen dituztela gehiengoen nahiak.
Ezinbestekoak langile eta herritar xeheen konplizitate eta aliantzak eskala handian
Gertutik erabakiak hartzea ona da, ekonomiaren ikuspegitik herri eta eskualdeen beharretara hobeto egokitzeko modua ahalbidetzen du, baina, batez ere ikuspegi demokratiko batetik sakontasun handiagoa eskaintzen du. Izan ere, bestelakoa esan diguten arren, demokraziaren dentsitateak zerikusi zuzena du birbanatze politiken norabidearekin. Erabakiak gertutik hartzen ditugunean, kontrol demokratiko handiagoa dago eta, beraz, zailagoa da gehiengoaren nahien kontrako erabakiak hartzea. Kontu-ematea eraginkorragoa da. Horregatik, munduko erregioen aldagaia kontrolatuta, Josep Maria Colomerrek (2001, Political Institutions, Oxford University Press) demostratzen du tamainak garrantzia handia duela politika publikoen norabidea boto-emaile ertainaren gogoekin lotzeko eta, horrek, ezinbestean harremana du birbanaketa politikekin, Arend Lijphartek demostratzen duen bezala (1999, Patterns of Democracy, Yale University Press): tamaina txikiko herrialdeak dira ongizate estatu garatuenak dituztenak.
Halere, badakigu eskala txikian partida osoa ez dela jokatzen, eskala handia (globala, mundu mailakoa) oso garrantzitsua da ere bai. Azken honetan kapitala oso eroso sentitzen da eta ahal duen neurrian erabakiak hartzeko guneak eskala horretan kokatu nahi ditu. Horregatik dira ezinbestekoak langile eta herritar xeheen konplizitate eta aliantzak eskala handian (Europa eta munduan), baina horiek elikatzeko tokiko borrokak ezinbestekoak dira. Mugiarazteko erreferente nazionalak behar dira, estatalak. Hemen eta han, perretxikoak bezala, jaio behar dira alternatibak, erreferentzia izan daitezen Europan eta munduan. Posible da, egingarria da. Latinoamerikak erakutsi digu bidea. Gertuko erreferente enpirikoak izatea oso lagungarria da. Alde horretatik, Euskal Herria independente batek ez dio kalte egingo egungo Estatu espainiarreko langileei, ez da gutxiagorik ere. Gurean langileen bizi baldintzak hobeto baditzakegu, adibide horrek lagundu egingo ditu Ebrotik beherako eta Aturritik gorako langileen borrokak, ez izan dudarik.