Langile borroka ez bada feminista, patriarkala da

2017/12/20
IrantzuVarela2.jpg
Genero ekitate prozesuan murgilduta dagoela antolatu du ELAk aurtengo Emakumeen Kontrako Indarkeriaren aurkako Eguneko ekitaldia. "Zure boterea, nire jazarpena" lelopean antolatutako hitzaldian, indarkeria matxistaz hausnartu genuen Irantzu Varela Faktoria Lilako koordinatzailearekin.

Nagore UriarteNagore Uriarte, ELAren Komunikazio saila (elkarrizketa hau Landeian argitaratu da)

Zure boterea, nire jazarpena dio leloak. Biolentziak botere nahia du atzean ezinbestean?

Bai. Emakumeon aurkako biolentzia guretzako irakaspena da: ez dezazue protestarik egin, egon isilik, desberdintasunean bizitzeak suposatzen duen indarkeria iraunkorrak bere horretan jarraitu dezan. Arazoa da naturaltzat hartzen dugula, beraz, aldaezina irudi-    tzen zaigu, hortaz, onartu beharrekoa. Naturalizazio prozesu horren ondorioz, egunerokotasunean sortzen diren jarrera matxistak ez zaizkigu arrotzak egiten, ez emakumeoi, ez gizonei, ezta erakundeei ere. Gauza bera gertatzen da dominazio sistema guztietan; esklabo-    tzan adibidez, naturalizazioa erabatekoa zen.

Matxismoa gainditzen da norberaren praktika indibidualak aldatuz eta praktika kolektiboak aldatzeko apustua eginez

EEUUetako ekoizlearen jazarpen kasuak, ordea, haserrea eragin du...

Muturrekoa sexu jazarpen kasu bat izan delako. Baina alboratu dezagun ekoizle horrek sexua bilatzen zuenaren ideia, boterea zuela frogatzea zen bere benetako helburua. Eguneroko egoera xumeenetan ere gertatzen da. Kaletik goazenean, adibidez, eta gizon bat lorak botatzen hasten denean. Ez da sedukzio kontua, ez dago gurekin ligatzen, bere boterea frogatzen ari da, kalea berea dela –eta ez gurea– adierazten, alegia, zure gorputzari buruz nahi duena esateko zilegitasuna duela azpimarratzen. Oinarrian, egoera bietan dago boterea erakutsi nahia. Halere, eraso bortitz bat dagoenean bakarrik asaldatzen gara, gainontzeko matxismo egoerak naturalizatuak ditugulako.

Biztanleriaren erdia beldurrez bizitzea adibidez?

Bai. Emakumeok beldurrez bizi gara eta izua, bere horretan, zapalkuntza da, gu isilik mantendu arazteko sistema eraginkorra. Orain urte batzuk Mugimendu Feministak honako lelo hau aukeratu zuen: “Ez dut ausarta izan nahi, librea izan nahi dut”. Hori da gakoa: biztanleriaren erdia beste erdiaren beldurrez bizi da, beraz, beste erdiaren erantzukizuna da zer egiten ari den aztertzea, modu indibidualean zein kolektiboan. Emakumeok ez gara jaiotzez beldurtiak. Beldur gara hala hezituak izan garelako, izua erraietaraino sartu digutelako, baina bada garaia geure buruari aitor-    tzeko beldurra biolentzia dela. Gauez gizon bat igogailuan sartzearen beldur izatea indarkeria da, bortitza gainera.

Gatazka bukatzean ahaldundutako amazona ikaragarriak ziren, espazio publikoa konkistatua zutenak, korbatadun gizonekin aurrez aurre negoziatzeko beldurrik ez zutenak

Beldurra ematen digu beldur garela aitortzeak?

Bai, noski. Opresio sistema batean bizi zarela eta zu zapaldutakoen aldean zaudela jakitea putakeria bat da, baina gainera, horretaz jabetzen zaren momentuan badakizu zerbait egin beharko duzula egoera iraultzeko, ezin izango duzula jarraitu ezer gertatuko ez balitz bezala. Halere, bada horrela bizitzen jarraitu nahi duen emakumerik, bere burua engainatzen jarraitzea errazagoa delako.

Errazagoa oprimituta bizitzea?

Bai. Simone de Beauvoirrek ondo azaldu zuen: emakume guztiok aldi berean desobedituko bagenu, heteropatriarkatua segituan bukatuko zen; patriarkatuak ezingo luke biziraun emakumeen konplizitaterik gabe.

Orduan zergatik ez da planto egiten?

Desobedientziarik txikienak ere zigor soziala dakarrelako: depilatzeari uko egitea, loditzea, lesbiana izatea, gizonentzat erreserbatutako lanpostuetan aritzea… denak du zigor soziala. Hori jakinda, zenbait emakumek nahiago dute heteropatriarkatuaren konplize izateak ematen dizun sari kaxkarra hartzea, aske izateak eragingo dizun zigorra pairatzea baino. Baina kontuz! Emakume hauek ez dira inondik inora euren buruak saltzen ari, argi euki hori! Biziraun nahian dabiltza, biziraupen estrategia hutsa da. Horregatik da hain garrantzitsua feminismoa; emakume guztioi gainditze kolektiborako estrategia eskainiko digulako.

Irantzu Varela eta SorayaFeminismoak askatze kolektiborako tresnak ematen badizkigu, sindikalgintzak ere bai?

Bai. Bizkaiko Erresidentzietako gatazka horren adibide argia da. Zahar egoitzetako langileek euren rola zalantzan jarri dute, lan merkatuan ezezik, etxean ere. Gatazka bukatzean ahaldundutako amazona ikaragarriak ziren, espazio publikoa konkistatua zutenak, korbatadun gizonekin aurrez aurre negoziatzeko beldurrik ez zutenak.

Izan zaitezke sindikalista feminista izan gabe?

Langile borroka ez bada feminista, patriarkala da. Borroka guztiek izan behar dute feminista, bestela, opresio jakin baten kontra arituko zara, baina aldi berean zapalkuntza heteropatriarkalean sakontzen lagunduko duzu. Langile borrokak, definizioz, feminista izan behar du: Euskal Herriko pobreen %70 emakumeak gara, %27 gutxiago kobratzen dugu, datu horrekin bakarrik nahikoa izan beharko litzateke. Baina are sakonagoa da auzia: ezin duzu borrokatu opresio baten kontra bestelako zapalkuntzak aintzat hartu gabe. Angela Davisek Bilbon esan zuen bezala, “Feminismoak antikapitalista, ekologista eta arrazismoaren nahiz kolonialismoaren aurkakoa izan behar du, bestela, feminismo burgesa da, kaka hutsa”.

Landeia 225Gauza bera gertatzen da langile borrokarekin?

Hala da. Feminismoak ez badu zeharkatzen, klase menperakuntzaren kontra egingo du baina ahaztuko du klase horren erdia emakumeok garela, beraz, gure desberdintasunak sakontzen dituen sistemaren konplize izango da. Sindikalgintza ari da barneratzen feminismoaren agendak eta langile agendak eskutik helduta joan behar dutela. Lehen emakumeok ez ginen ezta prekarioenak ere, prekarizatuak zeuden gizon langileen emazte, arreba, alabak baino ez ginen… Gogoan daukat nire langile jatorria: diru hornitzailea zen aitaren lana defendatzera ateratzen ginen ama eta biok manifestazioetara. Feminismoari esker, hori ere aldatu da, gure eskubide propioak defendatzera goaz plazara, lehen pertsonan.

Bada pentsatuko duenik: lehenengo langile borroka, gero gerokoak...

Gizon ezkertiarrek askotan esan didate klase borroka desbideratzen dudala. Zapaltzaile baten diskurtsoa da hori, klase desorekaz arduratuta, baina bere genero pribilegioekin gustora bizi den pertsona. Enpresaburua balitz, esplotatzailea izango litzateke. Demagun emakume beltz batek guri leporatzea gure feminismoak ez duela arrazismoaren aurkako kontzientziarik eta guk eran-    tzungo geniola: goazen lehenengo heteropatriarkatua gainditzera eta ondoren konponduko dugu zurea. Onartezina ezta? Ba gauza bera da. Zenbat eta feministagoa izan, hobeto ezagutuko ditugu elkar gurutzatuta dauden opresio guztiak, dibertsitatea alboratzea beste helbururik ez dutenak, alegia, gizon zuria eta heterosexuala ez den oro zigortzen dutenak.

Hitz egin dezagun laneko “mikromatxismoez”…

Oinarrizkoenetik hasiko naiz: uneoro jatorra eta irribarretsu agertu beharra. Oso erasokorra da hori. Beste bat: itxura fisikoa. Unibertsitateko gizon ezkertiar ezagun batek esan zidan planteatu beharko nuela ea ze puntutaraino joan nintekeen lanera modu probokatzailean jantzita, eta, berdin jarraitzekotan, ondorioak onartu beharko nituela. Berdin du presidentea, garbitzailea edo soldatzailea zaren, denaren gainetik emakumea zara eta erakargarria izan behar duzu, baina betiere, neurrian.

Emakume izatea ahultasuna da lanean

Emakume izatea ez da ahultasun bat, emakumezko bezala irakurria izatea da da ahul bilakatzen zaituena.