Langile klasea paradisura doa
Hedoi Etxarte, Katakrak-eko langilea (Artikulu hau Berrian argitaratu zen 2015/05/02-an)
Baina La classe... oso ariketa pertinentea da. Film histrioniko bat, ia pertsonaia guztiak lantegi bateko beharginak dira. Poliziak kolpatzen ditu. Beharginak desatseginak dira haien bikotekideekin. Haien bikotekideek telebistan ikusten dutena desiratzen dute: larruzko berokiak nahi dituzte, ileordeak janzten dituzte. Semeek Disneyren panpinak dauzkate. Lantegiaren sarreran badira ikasle batzuk: ez dakigu nork ematen dien jaten, langileek baino gehiago egiten dute garrasi, eta langileak baino erradikalagoak dira euren kontsignak. Gaur egun ere egiten dira sindikalismoaren harri-kartoizko karikaturak, gero esateko sindikalismoa —eta emantzipaziorako edozein antolaketa saio— harri-kartoizkoa dela.
Egiten duena egiten duela, langileak gaizki egingo du, galtzen ari delako
Baina langileen arazoa ez da oihu egiten dutela, oihu egiten dute rock izarrek ere, baina ez ditu inork mespretxatzen. Langileak zikinak daude, baina zikintzen da ere zaldi gainean dabilen jauntxoa, eta ez du inork mespretxatzen. Zoroak daude La classeko behargin ohiak. Baina aberatsak ere zoro daudela diote, baina beste zoroetxe batzuetan daudela. Pertsonaia nagusiak hitza hartzen du, eta egolatra bat dirudi: ekoitz dezala borrokatu beharrean. Egiten duena egiten duela, langileak gaizki egingo du, galtzen ari delako.
Poetak esan zuen maitatu behar zela Maiatzaren Lehena, hura zelako pertsonen anaitza. Eta anai-arreba ez duzu gogoko izan behar: defendatu behar duzu.