"Lantokietan trans pertsonentzat ingurune atseginak sortu behar ditugu”

2023/06/28
LoratuzLotuIkusgune.jpg
Loratuz Lotu Euskal Herriko trans Helduen Elkarteko Mash eta Brayan eta Ikusgune Gasteizko LGTBi+fobiaren Aurkako Behatokiko Amets eta Julen-en mahai ingurua Gasteizen, ekainaren 26an, ELA sindikatuak eta Manu Robles-Arangiz fundazioak Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunaren harira antolatu zuten "Trans borroka klase borroka da" jardunaldian.

Mahai ingurua ikusi:

Loratuz Lotu kolektiboko Mash eta Brayanek nabarmendu dute Trans Legeak kolektiboaren zati txiki bat bakarrik hartzen duela kontuan, eta ez duela bermatzen hezkuntzan gaiari buruzko prestakuntza egotea. Gainera, nabarmendu dutenez, arazo bat dago. “Legea ez da betetzen. Arazo asko ditugu edozein izapide egiteko, eta lan elkarrizketetan ere entzuten ditugu honelako esaldiak: ‘enpresa hau ez da zu bezalako pertsona batentzat’. Berdintasun Ministerioaren datu ofizialen arabera, trans pertsonen %42 diskriminatuta sentitu dira, bai lan bila zebiltzanean, bai lanpostuan zeudenean. Gainera, sinatutako kontratuen % 65ek urtebete baino gutxiago irauten dute. Langabeziaren datuak, adibidez, askoz ere altuagoak dira trans kolektiboan”.

Ikusguneko Julenek eta Ametsek LGTBi+fobiari buruz ohartarazi dute. “Gorrotoaren diskurtsoa urtez urte hazten ari da. Trans kolektiboaren deshumanizazioa dago. Erasoak ez dira hitzezkoak bakarrik edo sare sozialetan, gero eta indarkeria fisiko eta jipoi gehiago daude. Beldur hori ere badago lan eremuan. Badira trantsizioan dauden bitartean lana uzten duten pertsonak, kaleratuak izateko beldurrez. Testuinguru horretan, sindikatuekiko aliantza behar dugu, lantoki guztietan ingurune atseginak sortu ahal izateko”.