"Lau handien" esplotazio-kontua

2018/10/30
aitor beste.jpg
Deloitte, PriceWaterhouseCoopers, Ernst & Young eta KPMG dira auditoretza arloan lau enpresa nagusiak eta Bilbon dute egoitza. Baina, haien milioi askoko irabazien atzean beste errealitate bat aurkitzen dugu: langileen lan baldintza gogorrak.

Aitor Murguia Esteve, Manu Robles-Arangiz Institutua. Bilboko Uriolan argitaratua.

Esplotazio-kontua dokumentu kontablea da, non denbora zehatz baterako enpresa batek bere jardueran izan dituen diru-sarrera eta gastuak era ordenatuan islatzen diren. Aitortzen dut. Kontabilitatea ez da irakurleak erakartzeko gairik aproposena. Kontable bat burura datorkigunean pertsona serio eta trajedun batengan pentsatzen dugu, aspergarria. Baina, etimologiari erreparatzen badiogu, ekonomia terminoa bi hitz grekoz osatuta dago: “oikos”, etxea edo ondasuna esan nahi duena, eta “nomos”, legea edo kudeaketa. Hau da, etxearen edo ondasunen kudeaketa. Definizio horrek, beraz, ekonomialari bilakatzen zaitu, eta, are gehiago, kontable, trajea eraman edo flanelazko bata eraman.  Aspergarria zaren edo ez zure ingurukoek esan beharko dute.

Ziurrenik zeure etxeko kontuek hainbat buruhauste sortzen dizkizute hilabetean zehar eta lehen egunetako kontu korronteko zenbaki belztuak gorrituz doaz egutegian egunak marratu ahala. Langile klasearen ito-puntua hilabetearen hirugarren astean hasten da, diru-sarreren eta gastuen etengabeko borroka horretan bigarrenak lehenengoari bere eremua jaten hasten denean. Zure kontuak desastre hutsa direla badakizu, baina, zorionez, kanpoko inork ez dizu esan behar kudeatzaile negargarria zarenik. Ez bada zure ama, aita, laguna, bikotea, gizartea, telebista,...

Enpresa arloan, ordea, ezberdina da. Tamaina batetik aurrera (aktiboaren tamaina, fakturazio bolumena, langile kopurua) derrigorrezkoa da kanpoko auditore batek enpresa bateko kontuak aztertzea. Dietista batekin izan genezakeen antzerako erlazio masokista bat da; ordaindu behar zaie (ongi gainera) eta haiek, horren truke, gaizki pasarazten dizute. Sartzen edo ateratzen den euro bakoitzak justifikatuta egon behar du auditorearen informea gainditu nahi badugu. Dietistaren analogiarekin jarraituz, dieta behar bezala betetzen badugu, ez da inongo arazorik egongo. Hori bai, beharrezkoak baino “mordida” gehiago ematen baditugu, ezin izango dugu justifikatu erregimena zorrozki bete dugula. Galdetu bestela Gürtel auzikoei, beste askoren artean.

Sarean aise aurkitu dezakegu Lau Handietan lan egin duten langileen testigantzak, blogetan, lana bilatzeko webguneetan, egunkarietako berrietan,… Ez dira lan egiteko toki idilikoak.

Enpresa askok ikuskaritza zerbitzua eskaintzen duten arren, mundu mailan lauk dute sektore honen kontrol nagusia. Ingelesez “Big Four” (“Lau Handiak”) izenez ezagunak dira eta Bilbo mundu mailako kapitala den heinean, hemen dute bere egoitzetako bat. “Lau Handiak” Deloitte, PriceWaterhouseCoopers (PwC), Ernst & Young (EY) eta KPMG dira. Enpresa erraldoi hauek IBEX-35eko enpresa guztien auditoretzak egiten dituzteeta  Espainiako merkatuaren kontrola daukate, zerbitzu profesionalen (auditoretza, aholkularitza, legala eta fiskala) fakturazioaren %76 esku artean dutelarik. Nabaria da haien oligopolio partikularra sortua daukatela. Hori ez dut nik esaten, Erresuma Batuko KPMGko presidentea den Bill Michaelek esan zuen urte honen hasieran, oligopolioa zirela ukaezina zela baieztatu zuenean. Adibidez, 2017.urtean Lau Handiek 2.088 milioi euroko diru-sarrerak izan zituzten soilik estatuan. Baina irabaziak izateko, diru-sarrerez aparte, gastuak murriztu beharra dago. Nola egiten dute hori? Erantzuna langileek daukate.

Trajez lan egiteak ez du bermatzen lan baldintza duinak izango dituzula. Hau irakurtzen duzun bitartean, Bilboko Deloitte, PwC, EY eta KPMG-ren bulegoetan langile bat egongo da lana aurrera eraman ahal izango duen kabalak egiten, gerenteak edo bazkideak balio erantsi gehiena bereganatzen duen artean. Egunen batean egoera honen aurrean altxatuko ote dira langileak? Antolatzen badira dena daukate irabazteko.

Sarean aise aurkitu dezakegu Lau Handietan lan egin duten langileen testigantzak, blogetan, lana bilatzeko webguneetan, egunkarietako berrietan,… Ez dira lan egiteko toki idilikoak. Hala ere, bakarrik interneten irakurritako testigantzekin aritzea hotza iruditzen zitzaidanez, nahiago izan dut nire ingurura begiratzea eta Bilboko Big Four-etan lan egiten duten edo zuten pertsonekin hitz egitea. Gutxi kostatu zait boluntarioak lortzea.

Erraz identifikatzen dira. Gazteak, ongi jantziak eta metroa hartzen dute goizean goiz eta gauez gau. Testiguen artean perfil anitzeko jendea dago; denbora gutxi iraun dutenak, denbora asko egon ostean erreta atera direnak, norberaren karrera profesionalerako esperientzia ona dela uste dutenak, korporatibistak... Guztiek dituzte, ordea, izendatzaile komun batzuk:

  • Lanordu kopurua: limitea infinitura hurbiltzen da. Batez ere auditoretzan sartzen den ordu kopurua neurtezina da, egun batean ere ez da ordutegia betetzen. Enpresek urtea ixten duten garaia izaten da heavyena. Peak deritzo eta abendutik maiatzera doa. Garai honetan ohiko ordutegia goizeko 9etatik gaueko 21etara izaten da. Salbuespenak badaude, aste batzuetan gaueko 23ak aldera ateratzen dira langileak, beranduago ez bada. 
  • Guinness Markak Hausten: burtsan kotizatzen duten enpresek otsailaren azken eguna baino lehen itxi behar dute urtea. Ondorioz, denbora murritza dago kontu guztiak ikuskatzeko. Kasu batzuetan goizeko 8etan lanera sartu izan da jendea eta goizeko 4etan atera, 20 ordu jarraian lan eginez. Zorionez, 4 orduko break bat zeukaten hurrengo egunean lanaldi bera egin ahal izateko.
  • Langileen errotazio tasa altua: lan baldintzak direla eta jende askok uzten du lana denbora gutxira. Pertsona batek lana uzten duenetik bere ordez beste bat kontratatu artean, beste langileen artean banatzen da lana. Baliabide gutxiago lan gehiago egiteko. Errotazioa handia dela ikusteko, sar zaitez Infojobs web orrian eta zenbatu astero zenbat lan eskaintza jartzen dituzten enpresa hauek Bizkaian.
  • Ordainsaria ez dator bat egindako lanarekin. Enpresa hauek oso hierarkikoak dira. Auditoreek eta haien laguntzaileek egiten dute landa-lana, orduak eta orduak sartzen dituzte, gero gerenteek eta bazkideek informeari onespena eman dezaten. Imajinatu dezakegu nork ateratzen duen etekin handiena eta nor den mileurista, edo okerrago.
  • Agur bizitzari eta zaintzei: goizeko 9etatik gaueko 21etara lan eginda zuk esango didazu. Etxetik lanera eta lanetik etxera. Hori gutxi balitz, kirola egitea gomendatzen dizute, burua argi izateko. Ohikoa da asteburuetan ordenagailua etxera eramatea igande goizean ere lan pixka bat egiteko. Gainera, bezeroak presa sartzen badu, gerentearen edo bazkidearen deia jaso dezakezu asteburu pasa zauden bitartean lanean jartzeko. Nola uztartu hau familiarekin, lagunekin, gurasoekin, bikotearekin, elkarteetan parte hartzearekin, janaria prestatzearekin, etxea garbitzearekin, irakurtzearekin, kirola egitearekin,… 
  • Ez dadila haria eten: lana etengabea da. Bezero bat ikuskatzeko aste bat badaukazu, hobe daukazu aste horretan amaitzea. Bezero baten ostean beste bat dator, eta ondoren beste bat. Ondorioa lehen aipatu duguna da; erlojuak baino ordu gehiago sartuko dituzu.
  • Curriculumerako aukera ona: Lau Handietan lan egin baduzu enpresek badakite zertarako zaren kapaz. Zenbat eta urte gehiagoko esperientzia, orduan eta aukera gehiago beste lan bat topatzeko. Argia dago tunelaren amaieran.

Trajez lan egiteak ez du bermatzen lan baldintza duinak izango dituzula. Hau irakurtzen duzun bitartean, Bilboko Deloitte, PwC, EY eta KPMG-ren bulegoetan langile bat egongo da lana aurrera eraman ahal izango duen kabalak egiten, gerenteak edo bazkideak balio erantsi gehiena bereganatzen duen artean. Egunen batean egoera honen aurrean altxatuko ote dira langileak? Antolatzen badira dena daukate irabazteko.

Zer esan Lau Handiei buruz. Non negozioa, han haiek. Auditoria, aholkularitza, zerbitzu legalak, fiskalak, transakzioen aholkularitza eta, nola ez, sektore publikoaren aholkulariak. Bai, Euskal Autonomia Erkidegoen ere bai. Azkarrak dira euren zerbitzuak eskaintzen, gardentasunaren eta independentziaren izenean. Baina, zenbait polemikatan ere sartuta egon dira, adibidez, Deloittek Bankiaren Akzioen Eskaintza Publikoa kudeatu zuenenean, PwC-ek AENAren auditoriagatik  jasotako isuna, KPMG-k Caja de Ahorros del Mediterraneo (CAM) kutxan egindako arau-hausteak edo EYk Martinsa-Fadesa kasuan egindako akatsak, besteak beste. Guztiak milioietako multak.

Gardentasunaren banderadunak, gero zaila da euren zenbakiak zeintzuk diren jakitea. Beltzak eta 0 askotakoak direla susmatu dezakegu. Baina, lehen lerroko definiziora itzuliz, zergatik da Lau Handien esplotazio-kontuaren emaitza hain oparoa? Izenak berak ematen digu erantzuna: esplotazioa dagoelako.