Liher Gonzalez:«Ekonomia herritarrek kontrola dezatela nahi dugu»

2014/01/08
Coop57.jpg
Norbanakoak ekonomiaren ardura bere gain hartzeko deia egin du Liher Gonzalezek. «Belaunaldi berriok ardura handia daukagu ereduari buelta emateko». Horretarako, proiektu berriak finantzatzeko Koop57 kooperatiba bat abiatzen ari da (Lander Muñagorri, Berria, 2014/01/05)

Elkarrizketa hau Lander Muñagorrik egina da eta Berria egunkarian argitaratu zen 2014/01/05ean.

Aurrezki etikoa bultzatzen duen finantzaketa zerbitzu kooperatiba bat da Koop57. Ez da banku bat, baina euren filosofiarekin bat egiten duten elkarte edo kooperatiba etikoei kredituak ematen dizkie. Horretarako, mailegua jaso nahi duen elkarteak berme emaile kolektibo bat bilatu behar du. «Kredituak lortzeko ohi baino erraztasun handiagoak ematen ditu egitasmoak», dio Liher Gonzalezek (Mundaka, Bizkaia, 1982), Koop57ko kideak. Duela bederatzi hilabete abiatu zen proiektua, eta «martxa onean» doazela dio.

Pertsonen eta taldeen parte hartzean eta erantzukizunean oinarrituta ekonomia soziala garatzen lagunduko duen tresna garrantzitsu bat sortu nahi dugu

Coop57 egitasmoa Katalunian sortu zen, eta geroztik esparru gehiagotara zabaldu da. Zein behar zegoen egitasmoa Euskal Herrira ere zabaltzeko?

Euskal Herrian gaitasun handia dago ekonomia soziala elkarte eta kooperatiben bidez garatzeko. Ikusi genuen Coop57 tresna ona izan zitekeela hemen hainbat proiektu garatzeko, eta Euskal Herriko kooperatibismoa ez dadin identifikatu beti Mondragonekin. Ez da haiei kontra egiteko egitasmo bat, alderantziz, alternatiba proposatzeko baizik. Pertsonen eta taldeen parte hartzean eta erantzukizunean oinarrituta ekonomia soziala garatzen lagunduko duen tresna garrantzitsu bat sortu nahi dugu.

Zein proposamen duzue Mondragon taldearentzat?

 

Pertsonetan oinarrituko den egitura batera bideratutako prozesua nahi dugu, interes kolektiboak eta gizartearenak ere kontuan hartuko dituena

Mondragon kooperatibismoaren erreferentea da Euskal Herrian eta munduan, nahiz eta identitate kooperatiboaren zenbait ideia garapen bidean galdu dituen. Koop57ren ekimenak lagundu dezake aipatutako identitate ikurrak berreskuratzen. Helburua ez da lehia sortzea, elkarlanaren eta ekonomia sozialaren inguruan alternatibak sortzea baizik. Nolakoa? Gizartea modu justuagoan lagunduko duena, ingurumena errespetatzen duena, edo herritarrei erabakitzeko tresnak ematen dizkiena.

Trantsizio ekonomiko ordenatu bat eskatzen du elkarteak. Nola?

Orain arte izan diren prozesu ekonomiko guztien kontra egin baino gehiago, pertsonetan oinarrituko den egitura batera bideratutako prozesua nahi dugu, interes kolektiboak eta gizartearenak ere kontuan hartuko dituena. Hori nahi dugu, aukerak badaudelako, eta gai horiekin sentsibilizatuta gaudelako hemen.

Ekonomia soziala herritarren esku uztea da oinarria, pertsona gisa ardura handia daukagulako belaunaldi berriok, ereduari buelta emateko

Hemen bederatzi hilabetean lortu duzue beste leku batzuetan urte eta erdian lortzen dena. Horren isla izan al daiteke?

Bai, alde batetik hori, eta, bestetik, prozesu hau daramagun pertsonak harremana daukagu gizarte eragileekin. Egitasmoak proiektu bat finantzatzen duenean, babesa bilatzen dugu. Ez dugu abal pertsonalik eskatzen, partekatuak izango direnak baizik. Horrek zer esan nahi du? Pertsona talde batek babesten duela proiektua. Eskatzen zaio diru hori bilduko duen jendea, eta elkarteak kreditua itzuli ezin duenean, orduan eskatzen zaie abala eman duten pertsonei itzultzea.

Finantza erakunde ez zarete, baina dirua zirkularazten daukazue. Non dago zuen bazkideen diru hori?

Koop57rekin bat egin dezaketen bankuetan dago: Fiare, Laboral Kutxa eta Ingeniarien Kutxan. Bertan gure diruaren %15 dago, eta gainerakoa zirkulatzen ari da. Koop57 ez da banku bat, kooperatiba bat baizik. Bankuek arautegi zorrotzak bete behar dituzte maileguak ematerakoan, eta ikuspuntu ekonomikoa gailentzen da. Gure egitasmoetan, bazkideek erabakitzen dute zein finantza produktu egokitzen zaion egitasmoari. Baita zein baldintza, helburu ekonomiko eta sozial bete behar dituzten ere. Horrek malgutasuna ematen du.

Mailegu pertsonalik ezin duzue eman, baina horrek abilezia handiagoa ematen dizuela diozue. Zein da abilezia hori?

Gure finantza ahalmena egitasmo kolektiboak indartzeko erabiltzea. Egitasmo horiek zenbait baldintza ekonomiko eta sozial betetzen badituzte, erraz eskura dezakete mailegua. Bestalde, enpresa honen kaudimena zein den jakitea erraza da. Azken batean, jendeak babesten du zure kreditua, eta horrela proiektua gizarteratzen da.

Katalunian, egitasmo batzuk bultzatzen ari dira zerbitzu handiak kooperatiben bidez kontrolatzeko. Proiektu horiekin parekotasunik baduzue?

Denon artean tresna batzuk eduki eta denon artean kudeatzea da gure asmoa, eta herrian gertatzen denaz arduratzeko baliabide bat da gurea. Ekonomia soziala herritarren esku uztea da oinarria, pertsona gisa ardura handia daukagulako belaunaldi berriok, ereduari buelta emateko. Orain arte, gainera, Euskal Herrian ez dugu eduki halako militantziarik. Koop57k nahi du hemengo kooperatibak saretu.

Azken finean, Euskal Herrian ekonomia soziala garatzea.

Hala da, ekonomia kapitalista garatuta dago, baina soziala ez. Eta helburua da Goiener, Energia Gara eta halako elkarte energetikoak sortzea, Iberdrolari indarra kentzeko. Energiaren kontsumo arloko egitasmo horiek, edo EHNE Bizkaiak eta Elkar Sareak elikadura subiranotasunaren inguruan martxan jarri dituztenek, erakusten dizkigute egitasmo sozialen bidez ekonomiaren kontrol eremuak irabaz daitezkeela. Oraindik egitasmo puntualak dira, baina indarra hartzen ari dira, eta jendeak horren aukeraz jabetu behar du. Elkarlanean oinarritutako gero eta tresna gehiago izanez gero, menpekotasun gutxiago izango dugu.

Helburua ekonomia herritarrek kontrolatzea litzateke, beraz.

Hori da, haiek kontrola eta sor ditzatela proiektuak. Ekonomia kontrola dezatela, nahiz eta bidea luzea izan.