M17an Greba Orokorra, dena gelditu, aldaketa eragiteko: 1.500€ko LGSa hemen erabaki

2026/01/14
Dena Gelditu, Aldaketa Eragiteko.jpg
ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuok Greba Orokorra deitu dugu martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian, aldarrikapen argi eta zehatz batekin: 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata hemen, Euskal Herrian, erabakitzea. Deialdi horren testuingurua, arrazoiak eta helburuak jasotzen dituen liburuxka plazaratu dugu, grebaren prestaketa eta lanketari begira gure ordezkari, militante, afiliatu eta egoerarekin kezkaturik eta irtenbideak bilatu nahi dituen edonor grebarako gogoz bete dadin eta arrazoiez jantzi.

[Irakurri liburuxka hemen]

Dena gelditu, aldaketa eragiteko
izeneko liburuxka honetan gaur egungo testuinguru sozial, ekonomiko eta politikoaren azterketa egiten da: langileen pobretzea eta prekarizazioa, aberastasunaren banaketa bidegabea, autogobernu eta burujabetzaren galera, zerbitzu publikoen ahultzea, krisi ekologikoa, militarizazioa eta eskuin muturraren gorakada. Testuinguru horretan kokatzen da greba deialdia, egoerari erantzuteko premia kolektibo gisa.

Liburuxkak azaltzen du zergatik den beharrezkoa Greba Orokorra: langile klasearen behar, interes eta proposamenak agenda politiko, ekonomiko eta sozialaren erdigunean jartzeko tresna nagusia delako. Grebak kapitalismoaren bihotza den ekonomia eta produkzioa gelditzea du helburu, gure aldarrikapenek oihartzuna izan dezaten eta patronalak zein gobernu eta alderdi politikoek interpelatuak senti daitezen.

Era berean, grebak zer proposatzen duen ere jasotzen da: 1.500 euroko gutxieneko soldata propioak pobrezia egoeran dauden milaka langileren bizi baldintzak hobetzeko duen gaitasuna, soldata arrakalak murrizteko duen indarra, gainerako langile guztien soldata eta lan-baldintza hobetzeko suposa dezakeen bultzada eta autogobernua eduki sozialez betetzeko duen garrantzia.

Liburuxka hau ELAko ordezkari, afiliatu eta militanteentzat, baita egoerarekin kezkatuta dagoen edozein herritarrentzat ere bada: greba eraikitzeko, geure burua lantzeko eta inguruko lankide, lagun, bizilagun edo ezagunak grebarekin konprometitzeko gonbita. Izan ere, amaieran esaten den bezala, “Greba Orokorra ez dutelako beste batzuek egiten, guk baizik”.

Martxoaren 17an, dena gelditu nahi dugu, aldaketa eragiteko. Liburuxka irakurri, elkarbanatu eta zabal dezagun, grebaz janzteko.

Gora Greba Orokorra!

Gora Euskal Herriko langileria!