Mahai ingurua: zaintzako langileen borrokak
Zaintzako langileen borrokak
Martxoak 27, asteazkena, 18:30
Bilboko Kafe Antzokia
ARGIA eta Manu Robles-Arangiz fundazioaren eskutik
Hona ekarri dugu mahai inguru honi buruz Itsaso Zubiria Etxeberriak Argia astekarian idatzitako artikulua:
Lau langile, lau borroka feminista
Orain bi aste esan genizuen txoko honetan, Bizkaiko erresidentzietako borrokari eta 378 eguneko grebari buruzko kontaketa eta testigantzak biltzen dituen Berdea da more berria liburua ez zela argitalpen hutsean geratuko, egingo zirela gaiari lotutako gauza gehiago. Hemen lehena. Liburua elkarlanean argitaratu duten Manu Robles-Arangiz Institutuak eta ARGIAk mahai-ingurua antolatu dute Bilboko Kafe Antzokian, martxoaren 27an.
Orain arte lan-gatazketan beste sektore batzuetako gizonak irudikatu izan ditugu borrokan, eta hau berria zaigu. Ez dira, tamalez, kasu isolatu bat, eta zaintzako sektore feminizatu asko dira prekarietate egoeran bizi direnak
Bizkaiko erresidentzietako langileen borrokak sektore feminizatu eta prekarizatua den zaintzako langileen egoerak atera ditu kalera. Orain arte lan-gatazketan beste sektore batzuetako gizonak irudikatu izan ditugu borrokan, eta hau berria zaigu. Ez dira, tamalez, kasu isolatu bat, eta zaintzako sektore feminizatu asko dira prekarietate egoeran bizi direnak. Borrokan ari dira garbitzaileak, Gipuzkoako erresidentzietako langileak, etxez etxe lan egiten duten emakumeak…
Martxoaren amaierarako antolatutako mahai-inguru honetan hitza hartuko dute zaintzako esparru ezberdinetan ari diren lau emakume langilek. Banan bana aurkeztuta: Arantza Arrien, baserritarra, Etxaldeko Emakumeak taldekoa: emakume baserritarrek ederki dakite zer den lana eta zaintza etxean egitea. Elena Vasconez, hoteletako gela-garbitzailea edo “kelly”a: kasu honetan emakume migrantea, sektoreko portzentaia altu bat den moduan, eta hitz egingo du bigarren zapalkuntza horrek duen eraginaz. Soraya García, Bizkaiko egoitzetako ELAko ordezkari sindikala: sektorearen egoera azalduko du. Eta egongo da etxeko langile interno bat ere (oraindik pertsona zehatza lotzen ari dira), zaintza lanetan etxean ordu asko pasatzen dituzten emakume sarri migranteen ordezkari.
Mahai-ingurua Onintza Irureta Argiako kazetariak eta Berdea da more berria liburuaren egileak gidatuko du. Gure komunitate osoari zabaltzen diogu deia martxoaren 27an, asteazkena, 18:30ean Bilboko Kafe Antzokira bertaratzeko.