Maite Asensio: "Hedabideek indarkeria matxista justifikatzen laguntzen dute"

2015/11/25
MaiteAsensioBidebarrietan.jpg
Gaur, azaroak 25, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna da, eta hedabide askok horri buruz hitz egingo dute beren orrietan edo albistegietan. Baina hedabideen rola, historikoki guztiz kontrakoa izan da, eta izaten jarraitzen du egun ere, kontrakoa dirudien arren. Izan ere, komunikabideek lagundu egiten dute indarkeria matxista justifikatzen, zigorgabe uzten eta iraunarazten. Hitzaldi honen helburua da hedabideen edukia modu kritikoan aztertzeko giltzarri batzuk ematea.

Maite Asensio, Berriako kazetaria
Gaur (2015/11/25) Bilbon eman duen hitzaldia

ZER DA INDARKERIA MATXISTA?

Has gaitezen hasieratik. Zer da indarkeria matxista? Gaur, batez ere, bikote barruko tratu txarrez hitz egingo dute komunikabideek, eta gogora ekarriko digute aurten Euskal Herrian lau emakume hil dituztela beren bikotekideek edo bikotekide ohiek, eta Espainiako estatuan jada 50 inguru direla. Hori bada indarkeria matxista, baina askoz gehiago ere bai: sexu erasoak eta bortxaketak eta laneko sexu jazarpena ere indarkeria matxista da, baina emakumeek gizonek baino gutxiago kobratzea ere indarkeria matxista da; emakumeei lanaldi partzialak eta prekarioak ematea indarkeria matxista da; lan elkarrizketa batean emakume bati galdetzea ea noiz izango dituen umeak indarkeria matxista da; hitz egiten ari denean emakume bati moztea pentsatuz ez dela gai zerbait ondo azaltzeko indarkeria matxista da; emakumeei edertasun eredu bat inposatzea indarkeria matxista da; etxeko eta zaintza lanak ez banatzea eta emakumeak lanaldi bikoitzak edo hirukoitzak egitera behartzea indarkeria matxista da; emakumeei sinestaraztea maitasuna munduko gauzarik garrantzitsuena dela, bikotekiderik ez badute inork ez dituela maitatuko, eta bakarrik ezin direla zoriontsu izan indarkeria matxista da. Hau da, emakumeen zapalkuntza eragiten edo indartzen duen oro da indarkeria matxista; eta egiturazkoa da: aurretik aipatutako jardun guztiak elkarri lotuta daude, mugimendu feministak sistema heteropatriarkal deitzen duen horretan.


Horrekin lotuta, oso interesgarria iruditzen zait Laura Gomezen hausnarketa bat, ekonomia feministan oinarrituta, indarkeria matxista logika neoliberalaren barruan kokatzen duena. Laura Gomez Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria izan zen aurreko legegintzaldian, eta mugimendu feministan erreferente bihurtu zen lau urteetan jorratu zuen berdintasun politikaren ondorioz. Berak azaltzen du neoliberalismoak eta patriarkatuak aliantza bat dutela. Horren arabera, egungo eredu sozioekonomikoan, etekin ekonomikoak eskuratzea eta pilatzea da lehentasuna, eta horretarako, pertsonen bizitzak helburu horren zerbitzura jartzen ditu sistemak: gehiengoaren bizi baldintza duinen aurka egiten du. Logika hori obedientziaren bidez mantentzen da; seduzitzen saiatzen da, baina ez badu lortzen, indarkeria erabiltzen du: eraso zuzena. Une historiko honetan, emakumeen aurkako indarkeria ere abagune horretan ulertu behar dela dio Laura Gomezek: emakumeok sistema hori sostengatzen dugu, bizitza bideragarri bihurtzen duen eta lan indarra erreproduzitzea ahalbidetzen duen doako lan ikusezina egiten dugulako; eta indarkeriaren helburua da ordena hori mantentzea. Obedientziari uko egiten dioten emakumeen aurka egiten dira erasoak batez ere.

Sistema neoliberal eta heteropatriarkal hori hegemonikoa da gure gizartean, eta hedabideak hegemonia horren barruan kokatzen dira, hau da, ez dira neutroak: indarrean dagoen ideologia erreproduzitzen dute, eta adierazten digute zein balio onartu eta zein gaitzetsi behar dugun sistema horretan. Joera hori oso kezkagarria da, hedabideek sekulako eragina dutelako pertsonen eta gizarteen iruditegian, hau da, munduari eta gizakiei buruz buruan ditugun ideietan. Familiarekin eta eskolarekin batera, komunikabideak hezkuntza eta sozializazio bide nagusienetakoak dira, eta gainera, sozializazio hori gehien luzatzen dutenak, bizitza osoan erabiltzen ditugulako. Historikoki, eta masentzako komunikabideak agertu zirenetik batez ere, ideologikoa hegemonikoa sozializatzeko erabili izan dira hedabideak. Eta ideologia horretan, emakumeek diskriminazioa eta gizonekiko mendekotasuna jasan izan dute beti. Horregatik esaten da komunikazio hegemonikoa sexista dela.

HEDABIDEEN BARRUAN, BI ATAL

Hedabideen barruan, bi atal bereiziko nituzke. Batetik, entretenimendua egiten dutenak eta publizitatea, eta bestetik informazioa egiten dutenak. Kazetariok ohituago gaude produktu informatiboez hitz egitea, baina nire ustez, gero eta garrantzitsuagoa da esparru informatibotik kanpo eskaintzen dizkiguten entretenimendurako produktuen ezaugarriei erreparatzea, eta horiekin kritikoa izatea.

Entretenimenduaren atala oso zabala da: horren barruan daude fikziozko filmak eta serieak (gaur egun hainbeste kontsumitzen ditugunak), telebistako lehiaketak edo konkurtsoak, telebistako zein irratiko magazinak, telerrealitate esaten zaiona, prentsa arrosa... Talde berean sartuko nuke publizitatea, kontsumitzaileen jarreraren ikuspegitik ezaugarri bat dutelako komunean: erlaxatuta kontsumitzen ditugula, hau da, ez ditugula kritikotasunez aztertzen, eta irizpide kritikotik aztertzen ditugunean ere, gailendu egiten dela errentagarritasun ekonomikoaren argudioa; alegia, komunikazio enpresek produktu horiek ekoizten dituztela dirua irabazteko, inolako erantzukizun sozialik edukiko ez balute bezala. Eta uste hori oso zabalduta dagoenez, ematen du entretenimenduzko produktuek nahi dutena egin dezaketela, baina ohartu behar gara garrantzia handia dutela gure iruditeria edo imaginarioa osatzen.

Edonola ere, bai informazioaren alorrean, bai entretenimenduzkoan, komunikazio hegemoniko sexista hori bi modura gauzatzen da nagusiki: batetik, emakumeak ikusezin eginez, eta bestetik, genero rolak eta estereotipoak errepikatuz eta sustatuz. Hau da, emakumeak ez dira hedabideetan agertzen dagokien proportzioan, eta agertzen direnean, feminitateari egotzitako ezaugarriei lotuta irudikatzen dituzte. [...]