Maltzaga hil da, gora Maltzaga!
Unai Oñederra, Manu Robles-Arangiz Institutua
20 urte joan dira inflexio puntu bat izan zen ekitaldi hartatik; ez alferrik. Estatuak orduan esan genuena berretsi besterik ez du egin; EAEn gehiengo osoz onartu zen estatutu berriaren proposamena baztertuz, Kataluniako legebiltzarrean ia aho batez onartu zen estatutu berria mesprezatuz, EAEn zein Nafarroan gehiengoz onartzen diren legeak aldebakartasunez balio gabe utziz… Ez dugu ikusten Espainian Euskal Herriko, zein Kataluniako, auzia modu demokratikoan eta aldebikotasunez konpontzeko aukerarik, guk hala nahi izanda ere: indar-harreman kontua da.
Ez dugu ikusten Espainian Euskal Herriko, zein Kataluniako, auzia modu demokratikoan eta aldebikotasunez konpontzeko aukerarik, guk hala nahi izanda ere
Euskal Herrian prozesu demokratikoa martxan jarri nahi badugu, indar metaketa prozesu bat abiatu beharko dugu; prozesu mobilizatzaile bat, helburu zehatz eta partekatuekin, zeinaren bidez iritsi behar dugun Estatua negoziatzera behartzera, eta ezezkoan tematzen bada, independentzia aldebakartasunez aldarrikatzera, Katalunia egiten ari den moduan.
Bide horretan, uste genuen, behin ETAk borroka armatua utzita, bi familia abertzale nagusiak gai izango zirela burujabetza prozesua abian jarriko zuen estrategia minimo bat adosteko. Ez zen horrela izan, eta denbora gelditu egin da.
EAJk, egun, ez du halako prozesu bat abian jartzeko asmorik, gogorik. Bere aurpegi soberanista lozorroan gordeta, hauteskunde emaitza bikainak lortu ditu; kaleetan ez du jendetzarik topatzen burujabetza prozesua aldarrikatuz; eta Kataluniara begiratzen duenean, bere alderdi anaiaren gainbehera ikusita, “abentura soberanistetan” sartzeko tentazio oro uxatzen zaio.
EH-Bildu saiatzen da, bai; ez da eskaintza faltagatik izango: akordio proposamen bat hemen, beste akordio proposamen bat han, EAJ erakarri nahian, bere zenbait helbururi uko egiteko prestutasuna erakutsiz, akordioren batean esplizituki uko eginez, balizko burujabetza prozesu bat martxan jartzeko esperantzarekin, Maltzaga abiapuntu bakarra bailitzan. Eta halaxe gaude, geldirik, Maltzagako geltokian, zain.
Burujabetza sozial eraldatzailea aldebakartasunez eraikitzen joan, indarra metatzen joateko, aldaketa nahi dugun mugimendu sindikal, sozial eta politikoen artean bide-orria adostuta
Argi dago: Gernikako ekitalditik 20 urte beteko diren honetan, beste inflexio puntu bat behar dugu. Gernikan “Estatutua hil da” esan genuen; oraingoan “Maltzaga hil da” esan genezake. Maltzagaren kontra gaude? Ez. Maltzagak tresna baliagarria izateari utzi dio? Ez. Orduan, zergatik diogu hilda dagoela? EAJk azken hamarkadan argi utzi duelako ez duela burujabetza prozesu bat abiatzeko inolako asmorik. Estatutuaren heriotzatik Lizarra-Garazi etorri zen. Orain galdera da: Maltzaga ondoren, zer?
Azken hamarkadan agerian gelditu da geure bizitzan eragin kaltegarria duten erabakiak hartzen ari direla, gero eta urrunago, gero eta jende gutxiagok. Burujabetza egunez egun, urtez urte, galtzen gabiltza arlo guztietan, eta multinazionalen mesedetan desberdintasunak, prekarietatea, pobrezia eta sufrimendua zabaltzen ari dira. Inor gutxik jarriko du hau ezbaian.
Dena den, batzuk diote hau dela dagoena, ezin dela besterik egin, sakrifizioak ezinbestekoak direla, austeritate politikak zintzo-zintzo eta liskarrik gabe onartuta, gauzak bere onera itzuliko direla. Esan genezake gauzak diren bezela mantentzearen aldekoak direla hauek.
Beste batzuk, ordea, aldaketaren aldekoak gara. Diogu gauzak beste modu batera egin daitezkeela, geure bizitzetan burujabetza berreskuratu behar dugula, eta Europatik datozen erabaki politikoei entzungor eginez, guri komeni zaizkigun erabakiak hartzen joan gaitezkeela.
Eliteak kezkatuta daude azken aldian aldaketaren aldekoak gailentzen ari direlako. Populista ezizena jarri diete, eta zaku berean sartu dituzte Eskozia, Brexit, Le Pen, Podemos, Katalunia eta Trump, tranpa beraiek eginez. Aldaketa nahi dugunok burujabetza berreskuratzearen alde gaude, baina bi burujabetza mota daude:
- Izuan, autoritatean, seguritatean, arrazakerian, desberdintasunean, erresistentzian oinarritutako burujabetza kontserbadorea, atzera bueltatu nahi lukeena, ezer ez aldatzeko.
- Demokrazian, parte-hartzean, aniztasunean, parekidetasunean, iraunkortasunean, itxaropenean oinarritutako burujabetza sozial eraldatzailea, herri berria, bizitza berriak eraikitzeko.
Bizi ditugun garai interesgarri hauetan, arazoa politika neoliberala da (jarraitasuna aldarrikatzea arazoan sakontzea da). Aldaketa autoritarioa ez da soluzioa, arriskua baizik (bizitzaren kontrakoa; Le Pen, Trump…). Arazoarentzako irtenbidea eta eskuin muturraren arriskuarentzako antidotoa aldaketa demokratikoa da, burujabetza sozialean oinarritua. Hain justu, hau aldarrikatzen dugu gehiengo sindikalak, mugimendu feministak eta ekologistak, aniztasunaren eta errefuxiatuen aldeko mugimenduek, ekonomia sozial eraldatzaileak, inklusioaren eta giza eskubideen aldekoek, ezkerreko alderdi eta mugimendu politikoek…
Hortaz, “Maltzaga ondoren, zer?” galderari, hala erantzungo nioke nik: burujabetza sozial eraldatzailea aldebakartasunez eraikitzen joan, indarra metatzen joateko, aldaketa nahi dugun mugimendu sindikal, sozial eta politikoen artean bide-orria adostuta.
Martxan jarri. Korrontea sortu. Denborarekin, agian, korronte horrek indar nahikoa hartuko du, eta orduan, beharbada, Maltzaga berpiztu egingo da, Katalunian bezala. Nork daki, ez gara igarleak. Garrantzitsuena, orain, prest gaudenak abian jartzea da.