Mercedes, Mercedes da? Amaitu dira aitzakiak
Sarrera: Efren kasutik abiatuta
Sei-hileko lan-kontratu kateatuak, behin-behineko egoeran, kaleratua... Hogeita hamar urteko gazte honen kasua ezagutzea argigarria da Mercedes-Benz enpresan kontratazioan dagoen fraudea ezagutzeko. Efren Cotillas, ELAko ordezkaria da gaur egun eta bi urtetik gora darama kontratu prekarioak bata bestearen atzetik kateatuz.
Gasteizen oso zabalduta dagoen datua da eta politikariek ere onartu izan digute. Baina aitzakia antzekoa darabilte denek: Mercedes, Mercedes da!
Lantegian sartu berritan UGTko ordezkariak hurbildu zitzaizkion eta sindikatuko kide eginez gero enpresan lanean jarraitzeko eta finko bilakatzeko aukera handiagoak zituela. Efrenek urtebete zeramanean lanean, bere bigarren kontratua amaitzera zihoala kalera bota zuten behinbetiko egin ordez. Kaleratu osteko hurrengo egunean, kontratu berri batekin lantegira itzuli zen bere betiko lanpostura. Horrela eman zituen bi urte!
Fraude egoera honen aurrean UGTk kanpaina oso bortitza egin zuen bere jarraitzaileen eta orokorrean langile guztien artean: sinestarazi nahi zuten kontratazioan zegoen iruzurra legearen barruan zegoela eta normala zela. Hau da,legezkoa zela bi urtetan zehar behin-behineko kontratuekin lan egitea. Efrenek ere halaxe irentsi zuen: “Legezkoa zela esaten ziguten eta guk sinetsi”. Fraudea kamuflatu nahia eta horri normaltasun itxura emateko jokaldi hori onartezina zen ELArentzat. Horregatik ELAk kontra-kanpaina bat egin zuen 2016ko udaberrian, hain zuzen ere, hain hedatua zegoen fraudea eta ebentualitate maila salatzeko.
Efrenena ez da kasu isolatua, ezta banakako ibilbide bat ere: bere salaketa aurrez planifikatu eta gidatutako lan sindikal kolektibo baten emaitza da
Une horretan hasi zen Efren harremanetan Igor Guevara ELAko ordezkariarekin. Bere begiekin ikusten hasia zen enpresan sartu berritan sinisten ez zituenak: entxufismoa zabalduta zegoela, bazirudien UGTn afiliatzen zirenak kontratatzen zituztela, eta finko egiten zituztela.
“Mercedesen jende asko kontratatzen da, eta jakina, era guztietako jendea dago horien artean. Baina UGTn afiliatzen direnek itxuraz duten mesede-tratua nabarmena da. Gasteizen oso zabalduta dagoen datua da eta politikariek ere onartu izan digute. Baina aitzakia antzekoa darabilte denek: Mercedes, Mercedes da!”. Efrenek une horretan bi aukera zituen. Batetik, UGTko edo hitzarmena sinatu zuen beste sindikatu bateko kide egin zitekeen ea horrela lanean era egonkorrean jarraitzeko aukera gehiago ote zituen ikusi. Bestetik, bere egoera salatzea erabaki zezakeen: lanean urtebete zeramanean kontratua eten ziotela ostean lanpostu berera itzultzeko.
Bigarren bidea hartu zuen Efrenek eta Lan Ikuskaritzara jotzearekin batera, bera izan zen lehenetarikoa epaitegietan salaketa indibiduala jarri zuena. Lan Ikuskaritzak errekerimendua egina zion enpresari Efrenen kontratuak behin-betikoa izan behar zuela eta. Bitartean, Efren ELAko ordezkari sindikal gisa aukeratua izan zen eta bere kontratua amaitzera zihoanean kalera bota zuten. Epaitegian ez zegoen honezkero bere konbertsioa exijitzerik baina bere kaleratzea bidegabea zela ebatzi zuen epaiak.
Horren aurrean helegitea jarri du enpresak. Igor Guevarak azaltzen digu: “ELAk bere aldetik helegitea jarri du kaleratzea nulua izan dela exijitzeko. Honek jurisprudentzia sortuko luke ELAk urteetan salatu duen fraudea frogatzeko”.
Efrenena ez da kasu isolatua, ezta banakako ibilbide bat ere: bere salaketa aurrez planifikatu eta gidatutako lan sindikal kolektibo baten emaitza da. Izan ere, milaka kontratu goitik behera aztertzeko lan xehea egin du ELAko atal sindikalak eta 500 langileren egoera salatu du, izenabizen eta guzti. Gaur egun, ia %80ak kontratu mugagabea du.
Azken urteotan atal sindikaletik egindako lana balioan jartzea ezin bestekoa da: gertaerak ez dira halabeharrezkoak izan eta ez dira puntu honetara itsu-itsuan heldu. Alde batetik, negoziazio kolektiboaren baldintza tamalgarriei buelta eman beharra zegoen: negoziazio prozesuak urtez urte gardentasunik gabekoak, opakuak, mahaitik kanpo gutxieneko edukiekin adostuak izaten ziren. “Horrek ezin zuen horrela jarraitu eta jauzi bat eman nahi izan genuen” adierazi digu Egoitz Iturbek (ELAko industria federazioko arduraduna Gasteizen). Horrekin batera, prekarietateari aurre egiteko, kontratazioan dagoen iruzurraren aurka borrokatzeko eta neurriz gorako ebentualitateari mugak jartzeko, atzetik lan izugarria egon da.
Igaro dira ia lau urte aurreko hauteskundeak ospatu zirenetik: 2014ko azaroan erronka eta estrategia zehatzak ezarri zituzten ELAko ordezkari sindikal eta langileek. Beti berdina egiteak betiko emaitzak dakartza eta egoera aldatu nahi bazen, planifikatu beharra zegoen.