Mobilizazioa alternatibak gauzatzeko

Artikulua Gai Monografikoak 44-tik hartua
Xabi Anza, ELAKo formakuntza arduraduna
Krisi hau eragin dutenak ezagutzeko ere balio izan du, merkatuak izen abizenak baitituzte, eta zorpetze deskontrolatu hau posible izan da merkatuen desarautze ikaragarria gertatu delako kapitalen mugimenduetan eta finantza munduan.
Beste galdera bati ere erantzuna topatzeko balio izan du ikastaroak: Zergatik larriagotu da krisia Europan? Eric hemen izan zen guk gonbidatua orain 10 urte. Horigarren munduko zorraren krisiaz eta Argentinako esperientziaz jardun zuen. Guk uste genuen hori ez zela inoiz Europan gertatuko, eta hementxe dugu. Zergatiaren arrazoiak: Europako Batasunaren ahultasuna (aurrekontua BPGaren %1ekoa baino ez du), EBZri estatuei laguntzeko ezarri zi tzaion debekua, euroa sortzean moneta nazionalen gainbalorizazioa, eragile ekonomikoen mesederako emandako desarautze erabatekoa, Alemaniaren hegemonia eta arazo demokratikoa. Azken honek izugarrizko garrantzia dauka, eta Eric-ek argi utzi du legezkoa dena ez dela zilegia beti. Hortik abiatzen da auditoriaren proposamena.
Demokraziarekin arazo handiak ditugu pentsatzen dugulako demokrazia dela nolabaiteko formalitate politiko eta juridikoak betetzea, baina demokrazia dago baldin eta instituzio eta indar demokratikoek boterea baldin badute. Demokrazia bera jarduera sindikalaren atal nagusienetako bat izan behar du, ez bada nagusiena.
Alternatibak ere aztertu ditugu ikastaroan. Eric-ek auditoriak proposatu ditu, alde batetik bono eta maileguen tipo eta baldintzen ikerketa egiteko, eta bestetik, jasotako diru horrekin estatuek egindako politikak aztertzeko.
Toussaint-ek lau auditoria mota azaldu dizkigu, baina arreta hiritarren auditorian jarri du, zeinak herri pedagogia ikaragarria exigitu, eta gizarte mugimendu eta sindikatuek bultza dezaketen. Zor ez zilegien iturriak ere argitu dizkigu, baita zorra gorrotagarria dela ondorioztatzeko irizpideak eman ere (konstituzioaren eta herrien eskubideen kontrakoa izan eta hartzekodunak horren jakitun direnean).
Aipatzekoa da zen tzu honetan Amaiurreko diputatuek Madrileko parlamentuan galdetu zutela zeinen esku dagoen Espainiako zorra, eta gobernuak, bi aldiz uste dut, erantzun zuen informazio hori sekretupekoa dela. Zeinek erosi du Espainiako zorra? Eric-ek esan digu sekretupeko informazio hori jasotzeko modu eraginkorrena zorra ez pagatzea dela. Orduan azalduko dira hartzekodunak bere dirua eska- tzen.
Auditoriez gain Antonio Sanabriak bestelako politikak egiteko bideak marraztu dizkigu: herrialde zorpetuen aliantza egin, egiturazko doikuntzen politikekin amaitu arazoak areagotzen dituztelako, bestelako fiskaltasuna, planto egin zorrak sortutako sorgin gurpiletik ateratzeko, diru sarrera publikoak handitu, bankuak nazionalizatu, lan erreformak atzera bota, ekonomia finantziarioari mugak eta arauak ezarri, maileguen baldintzen inguruko erreferendumak bultzatu herritarrek erabaki dezaten zer maila eta baldintzetan zorpetu nahi duten beste hartzekodunekin, paradiso fiskalekin amaitu eta dumping fiskala deuseztatu.
Badaude alternatibak, baina horretarako mobilizazioa ezinbesteko da, Islandian eta Hego Ameriketan gertatu den moduan. Bestelako politikak nahi baditugu mobilizatzea beste biderik ez dugu.