Mondragon, ELA, estatalizazioa eta esplotazioa

2016/04/28
Mondragon.jpg
Orain dela aste batzuk ELA sindikatuak Mondragon Korporazioa salatu zuen, prekarietatea hedatzen duen estatalizazioa bultzatzeagatik. Izan ere, estatu hitzarmenaren aldeko hautua egin du taldeko kooperatiba garrantzitsu batek. Salaketa egin zen egunetik, kooperatiben bueltakoen kritikak iritsi zaizkit, zeharka edo zuzenean.

Gaiarekin lotutako beste artikulu batzuk:

Negoziazio Kolektiboaren estatalizazioak eragin kaltegarria du langileentzat

Kooperatibak eta sindikatuak: helburua, arriskua eta erronka

Owen Jones:"Langile klasearen sentimendu solidarioarekin amaitu nahi dute"

Naroa ElortzaNaroa Elortza, ELAkide kooperatibista

Ulertzen dut ezinegona, mina. Eraldaketa soziala bultzatu nahian lanean dabiltza kooperatibak, enpresa eredu demokratikoa bultzatzen, langileen parte-hartzea eta egungo erronkei aurre egitea buruan. Eta min ematen du, bai, kritikak entzuteak. Gogorra da Kutxabank, Eusko Jaurlaritza eta Confebaskekin batera prentsaurreko gogorrean aipatzea.

Baina ez al da gogorragoa estatu hitzarmena aplikatzea bultzatzea? Ez al da gogorragoa sukalde eta garbiketako langileek 5 euro orduko kobratzea eta lan jardun amaigabeak izatea? Ez al da gogorragoa esklabotza praktikan jartzea, irabaziak bermatzearen truke? Eta ez soilik estatalizazioarekin, baita esplotazioan oinarritutako call center-ak edota garbiketa zerbitzuak kontratatuta ere.

Prekarietatea eta azpikontraten esplotazioa ikusezina zaigu, eta akaso horregatik ez gara konturatzen norbanakoak, pertsonak, esplotatuz lortzen dugula pribilegioak mantentzea. Langile klasearen duintasuna ez da kooperatiba barneko kontu bat soilik, duintasuna langile orok behar dugu, bazkide izan ala ez. Merezi dugu. Eta kooperatibek izan behar dute eredu, eredu kooperatiboaren oinarrietako bat delako langile eta pertsonen ongizatea, eraldaketa soziala lau paretetatik harago begiratzea ere badelako.