Mundua aztergai

2016/02/17
20160212MahaiIngurua.jpg
Manu Robles-Arangiz Fundazioa Institutuak nazioarteko egungo abagunea ulertzeko formazio jardunaldia egin zuen otsailaren 12an Euskal Herriko Uniber- tsitateak Bilbon duen Paraninfoan. ELAko nazioarteko arduradun Laura Gonzalez de Txabarrik koordinatuta, hiru arlo nagusi jorratu ziren: geopolitika, klima aldaketa eta nazioarteko merkataritza hitzarmenak.

Gorka QuevedoGorka Quevedo, ELAko komunikazio saila

Lehen interbentzioa nazioarteko gaietan aditua den Mikel Aramendirena izan zen. Aramendik gaur egungo mundua ulertzeko ezinbesteko gakoak eman zituen. Horretarako mapa eta grafiko ugari erabili zituen, azken hamarkadetan geopolitikaren alorrean egon diren gora-behera nagusiak hobeto ulertu ahal izateko. “1989. urtean Berlingo Harresia erori eta handik gutxira Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenetik nabarmen aldatu dira munduko potentzia nagusien indar harremanak, eta horrek zerikusia zuzena du gaur egungo gatazka eta orekekin. Gertakari horien ostean Ameriketako Estatu Batuak munduko potentzia bakarra izatera pasa zen. Egun, berriz, munduko potentzien arteko orekak aldatu dira, mundu multi-polar bat egoteraino”. Horren ondorio nagusiena ardatz eta lehentasun aldaketa izan dela nabarmendu zuen Aramendik. “Egun Ozeano Pazifikoa da munduko potentzia nagusien lehentasuna. Hor kokatzen dira herrialde boteretsuenen interes ekonomikoak. Honek, noski, eragin zuzena du munduko beste zonaldeetan. Obamaren bi agintaldietan zehar Ameriketako Estatu Batuen kanpo politika aztertu besterik ez dago zertaz ari garen jabetzeko. Obamaren administrazioak begiak Ekialde Hurbilean izatetik Txina eta Pazifikoan izatera igaro da. Eta begi-bistakoa da munduko etorkizuna bertan erabakiko dela datozen urteetan”. Mikel Aramendik denbora honetan Europak izan duen botere eta eragin galera aipatu zuen. “Lehen Europan pasatzen zena gero munduan pasatzen zen. Orain, alderantziz gertatzen da, Europak garrantzia galdu duelako. TTIP hitzarmena horren adibide da. Tratatu horrek zera esan nahi du: Pazifikoko eredua Atlantikora ekartzea. Europan agerikoa da bere dekadentzia. Are eta gehiago, galdera bat egingo nuke. Europar Batasuna existitzen al da? Entitate juridiko bezala, argi dago baietz, baina entitate politiko bezala horren kontrako urratsak ematen ari da etengabe ”.

Aramendi: "Egun Ozeano Pazifikoa da munduko potentzia nagusien lehentasuna. Hor kokatzen dira herrialde boteretsuenen interes ekonomikoak"

ELAko eta Bizi! mugimenduko kide Txetx Etcheverryk hartu zuen lekukoa, klima aldaketaren inguruko parte-hartzearekin. Etcheverry Parisen Nazio Batuen Erakundeak antolatu zuen COP-21 goi-bileraren inguruan mintzatu zen. “Garaipen diplomatikoa eta porrot klimatikoa izan zen. Garaipen diplomatikoa diogu klimari buruzko lehen nazioarteko akordioa izan delako. Eta, ondorioz, mundu guziak txalotu du. Baina porrot klimatikoa izan da, lortutako akordioen irakurketa oso ezkorra delako. 2011n erabaki zenean COP21 antolatzea, helburua zen iristea akordio unibertsal batera, zeinak lortuko zuen beroketa klimatikoa bi gradu zentigradu baino gutxiagoko goititzean gelditzea 2100erako perspektiban. Zergatik bi gradu? Zeren eta 1,6-1,9 gradu artean hasiko baikara sartzen klima nahasmendu larrietan, ondorio anitz dakartzatenak. Aldiz, akordioaren edukiarekin, zeina estatuen engaiamenduen batura bat den, hiru gradu zentigradu baino gehiagoko beroketa batera goaz. Eta hori ez dugu guk esaten, Nazio Batuen Erakundeak dio. Eta jakina da munduko tenperatura hiru gradutan igoko balitz ondorioak oso larriak izango liratekeela”. Txetx Etcheverryk mezu baikor batekin amaitu nahi izan zuen. “Berandu goaz klima aldaketaren kontrako borrokan, baina, zorionez oraindik ez da beranduegi. Euskal Herrian zein mundu zabalean arazo honen inguruko alternatibak eta egitasmoak gauzatzen ari dira. Herrialde askotan mobilizazio erraldoiak egon dira COP21 goi-bileraren harira, eta klima aldaketaren aurkako mugimenduak urrats sendoak eman ditu bere jardunean. Borroka horren ondorioz, gainera, gobernu ezberdinei neurriak hartzera behartu zaie”.

Txetx: "COP21 garaipen diplomatikoa eta porrot klimatikoa izan zen"

Valentziako Unibertsitateko Laneko Zuzenbide irakasle Adoración Guamanek, berriz, gaur egun eztabaidatzen ari diren nazioarteko merkataritza tratatu ezberdinak aztertu zituen, batez ere TTIP hitzarmena ardatz hartuta. “Arazoa ez da bakarrik gisa honetako tratatuak eztabaidatzea, euren ondorioak oso larriak direla jakinda ere. Arazoa da ere tratatu hauek nola nahi dizkiguten inposatu. Helburua boterea herritarrongandik aldentzea da. Bost axola zaizkie demokrazia, herrien subirautza edo tokian-tokiko legediak. Merkatu eta kapitalismo eredu bat inposatu nahi digute, eta horretarako edozer egiteko gai dira”. Guamanek konparazio bat egin nahi izan zuen Ameriketako Estatu Batuak eta Europar Batasuna negoziatzen ari diren TTIP hitzarmenaren garrantziaz ohartarazteko. “Maila militarrean euren interesak defendatzeko NATO duten gisan, merkatu librea defendatzeko TTIP hitzarmena adosten ari dira”. Azken urteetan Europar Batasunak izandako bilakaerarekin kezkatuta agertu zen Guaman. “Mende hasieran, adibidez, Europako agintariek berehala bereizten zuten Europar Batasunaren eredua Ameriketako Estatu Batuetakoarekin alderatzen zenean. Europa sozialaz hitz egiten zen, AEBtako eredu kapitalistatik aldentzeko. Egun ez dute bi sistemak bereizteko ahaleginik ere egiten. TTIP hitzarmena justifikatzeko erabiltzen duten argudioetako bat da bi espazio hauek –AEB eta EB– balore bertsuak konpartitzen dituztela. Hau urte luzeetan pentsatutako estrategia baten ondorio da. 2004. urtean Europako herritarrek ezetz esaten hasi ziren Europako Tratatu Konstituzionalaren inguruan hainbat herrialdetan antolatu ziren bozketetan. Horrek ez zituen Europan eredu zehatz bat inposatu nahi digutenak gelditu, eta 2007an Lisboako Tratatua inposatu ziguten, hiru urte lehenago herritarrek atzera bota nahi izan zuten Konstituzio horren alderik txarrenak jasoaz”.

Adoración Guamán: "Arazoa da ere tratatu hauek nola nahi dizkiguten inposatu. Helburua boterea herritarrongandik aldentzea da. Bost axola zaizkie demokrazia, herrien subirautza edo tokian-tokiko legediak"

Laura Gonzalez de Txabarrik Adoración Guamenen hitzaldia biribildu zuen, gaiaren inguruko irakurketa sindikala eginez. “Maila politikoan saltsa baldin badago, maila sindikalean egoera berdintsua da. Euskal Herrian, –Alemanian, Frantzian edo Erresuma Batuan gertatzen den legez–, sindikatuok hitzarmen honen kontrako jarrera izan dugu hasieratik. Erronka TTIParen kontrako borroka Europako sindikalgintza guztira zabaltzea da. Ameriketako Estatu Batuetan, errealitate sindikala ezberdina izan arren, sindikatuak hitzarmen honen kontra mobilizatzen ari dira”.

Jardunaldiei amaiera emateko ELAko formazio arduradun Xabi Anzak hartu zuen hitza. Anzak eskerrak eman zizkien parte-hartzaileei, horren jardunaldi borobila posible egiteagatik.