Nafarren erabakitzeko eskubidea
 
                  Irakurri proposamen osoa
ELAk Nafarroako Parlamentuaren LORAFNAri buruzko ponentzian parte hartu du, eta frankismotik jasotako mugak gaindituko dituen marko demokratiko berri baten beharra defendatu du. Prozesu horrek parte hartzailea, mobilizatzailea, betorik gabea eta bermez egindakoa izan behar du. Nafarroako trantsizioa frankismoak babestutako prozesua izan zela, eta negoziazioa modu baztertzailean eta herri kontsultarik gabe egin zela.
Hobekuntzaren negoziazioak Nafarroako eliteen pribilegioak sendotzeko balio izan zuen, hamarkadetan zehar "Erregimen" edo "Corralito Foral" izenekoa sendotuz, UPN, PSN, CEN, Opus Dei, eta Diario de Navarrak osatutakoa, UGTk eta CCOOk ere bertan parte hartzea erabaki zuten, eta milioika diru publiko jaso zuten bake sozialaren truke.
Testuinguru horretan, ELAk Nafarroako herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du, gogoraraziz, gainera, Nafarroa dela bere estatus politikoa bozkatu ez zuen lurralde historiko bakarra. Sindikatuaren ustez, Nafarroako biztanleriaren determinazio askerako eskubidea errespetatu behar da, muga bakarra Nafarroako herritarren borondatea bera izanik, Espainiako Estatuarekin eta gainerako euskal lurraldeekin duen harremana libreki erabakitzea barne. ELAren ustez, Nafarroa Euskal Herriaren parte da, erkidego historiko eta kultural nazionala osatzen duena gainerako euskal lurraldeekin, eta horregatik defendatzen du euskal errepublika independentea eratzea.
Euskararen normalizazioa da ELAren proposamenen funtsezko beste ardatz bat. Sindikatuak uste du 1986ko Euskararen Legea indargabetu behar dela zonifikazio linguistikoa ezabatzeko eta Nafarroako lurralde osoan euskara ofizial izendatzeko. Hezkuntzaren arloan, ezinbestekoa da Nafarroako ikasle guztiek euskararen gutxieneko edukia jasotzea.
Bestalde, sindikatuak uste du estatus politiko berriak balio behar duela memoria demokratikoarekin zerikusia duen guztian aurrera egiteko, eta Nafarroako historia ere aitortu behar duela, Lorafnak ikuspegi partziala jasotzen baitu, "Nafarroa batasun nazionalean sartzeaz" hitz egiten duena. Garai berri honek Nafarroako polizia ereduari buruzko eztabaidari ekiteko balio behar du ere. ELAk Foruzaingoaren garapen osoa defendatu du, eta prozesu horrekin batera, Guardia Zibila eta Polizia Nazionala Nafarroatik atera behar dira.
ELAk Lorafnan aitortutako eskumenak osorik garatzea eta eskuduntza berriak bere gain hartzea planteatzen du, hala nola, zerga eta aurrekontu politikan erabateko autonomia, lan harremanen esparru propioa, lan ikuskaritzak bere gain hartzea, Gizarte Segurantzaren sistema propioa, edo Nafarroako gutxieneko soldata finkatzeko gaitasuna. Helburua izan behar da estatus politiko berriak aurrerapenak ekartzea justizia sozialari, feminismoari eta justizia klimatikoari dagokienez.

