Norberaren ipurdia garbitzeko gainerakoena zikintzen
Unai Oñederra, Manu Robles Arangiz fundazioa. Emeki Kunama blogean argitaratua.
“Babes itzazue greban diren zahar-egoitzetako langileak eta babestu ezazue bere sindikatua.” Ken Loachek 2019ko zinemaldiko itxiera ekitaldian esan zituen hitzok, argazkietan jartzen duen irribarre behartuarekin txalotuko zituen Markel Olanok. Maskarilla gabeko garaiak ziren, baina ezin izan genuen ikusi erresidentzietako egoeraren Gipuzkoako ahalduradun nagusiaren keinua.
Garai hartakoa da, ere, ELA sindikatuak Hego Euskal Herriko egoitzetan egindako azterketa. Lurraldeka zenbat langile dagoen egoiliar bakoitzeko (ratioa) eta eguneko 24 orduetatik zaintzaileak egoiliar bakoitzarekin zenbat denbora pasa dezakeen neurtu zuten. Gipuzkoako datua: 92 minutu. Azterketa horretan langileek zioten “egoiliarrak zaintza duina jasotzeko behar duen dedikazioa eta kalitatea ez dira, inondik inora, bermatzen […] langileok behin eta berriz eskatu dugu ratioak igotzea, gizartea gero eta zaharragoa den heinean, gero eta gehiago direlako menpekotasun egoeran dauden pertsonak, eta gero eta anitzagoak profilak.”
Egiten zuten proposamena zehatza zen: zaintzaileek egoiliar bakoitzari egunean gutxienez 2 ordu dedikatu ahal izatea, erizaina 24 ordutan, garbitzaile kopurua %53an handitzea eta sukaldari bat 50 egoiliarreko. Eskaera hauek 2019ko otsailean egin zituzten Hego Euskal Herriko zahar-egoitzetako ELAko langileek. Hiru urte ondoren egoera ez da aldatu, eta Hegoaldeko lau lurraldeetako erresidentzietako langileak borrokan dira, lurralde bakoitzean dagoen indar-harremanen arabera, bakoitzak ahal duena hobetzeko helburuarekin.
Garrantzitsua iruditu zait sektore honetako azken urteotako panoramaren errepaso labur bat egitea Txara I-eko eskandalua eta ekarri dituen erreakzioak hobeto ulertzeko. Zoriondu egin behar da elDiario.es-eko Iker Rioja kazetaria, ekaitza sortzea lortu duen izenburua jarri ziolako albisteari: Una inspección revela que una residencia privada de Donostia tenía a los mayores 14 horas sin comer.
Berehala atera zen Maite Peña esanez kasu isolatu bat zela, 325 ikuskapenetatik bakarra dela, Txara I-eko 116 egoiliarretatik 16 soilik egon zirela egoera horretan, garai puntual batean, gainera, abuztuan.
Egoiliarren senideek, ordea, egoera horiek ohikoak direla esan zuten. Arazoa ez zela egoitza horretan soilik ematen, baita besteetan ere. 16 egoitza desberdinetako langileek, ere, beraien testigantza eman zuten, datu zehatzak mahai gainean jarriz, arazoa orokorra eta aspaldikoa dela azpimarratzeko. Iker Riojak berak ikerketa bat egin zuen egoitza desberdinetan eta ondorioztatu zuen beste dozena bat egoitzetan ere egoiliarrak 13 eta 15 ordu artean izaten zituztela jan gabe. Hau da, iturri desberdinetatik zabaltzen ari ziren informazioekin, iritzi publikoan nahiko argi gelditzen ari zen egoera hau puntual izatetik urrun zela. Orduan, jokalekua lokazten eta zarata ateratzen hasi zen Diputazioa.
Noticias de Gipuzkoako editorialak, Al fondo, la batalla sindical , Unai Rementeriak, Bizkaiko erresdentzietako langileak greban zirela, El Correon idatzi zuen artikulua bat ekarri zidan gogora. Erresidentzietako langileak ELAren txotxongiloak dira, zioen Rementeriak bertan. Eta Markel Olano harago joan da: “ELA ez da hauteskundeetara aurkezten” eta “ez dugu erresidentzietako langileen lana zikintzen utziko.”
Olano jauna, egoliarrak 14 orduz ohean ezer jan gabe edukitzea edo astean behin dutxatzea ez da langileen errua. Langileek dena eta gehiago ematen dute, bereziki pandemia garaian, baina ez dira iristen. Urteak daramatzate egoera salatzen. Eta egoera zikin horren arduraduna zeu zara, baina ez dituzu langileak entzun nahi, ez duzu ELAko erresidentzietako langileekin bildu nahi, “Maite Peña gezurtera” oihukatzen dutelako Diputazio aurrean. Hiru urte daramatzate egoera hobetzeko borrokan. 252 egun greban.
Alde batetik erresidentzietako langileak besoak, bizkarra eta arima uztera behartzen dituzu, Diputazioak ez duelako zaintza lan hori duintzeko baliabiderik jarri nahi. Hori gutxi ez eta esaten diezu langile horiei erresidentzietako lana zikintzen ari direla! Ze, ez dakit jakingo duzun, baina erresidentzietako langileek bozkatzen dute, eta bere ordezkariak aukeratzen dituzte. Eta badakizu zer ordezkaritza duen ELAk Gipuzkoako zahar-egoitzetako langileen artean? %60a. Bai, Olano, testigantza eman zuten langileek, ez dute soilik beraien izenean hitz egiten, erresidentzietako langile guztien izenean baizik, demokratikoki duten ordezkaritza dela medio. Zergatik uste duzu, bada, ezagutzen duela ELAk hain ongi Gipuzkoako zahar-egoitzetan gertatzen dena? Ia erresidentzia guztietan direlako zaintza lana duintzeko eta egoiliarrak hobe egoteko lanean dabiltzan ELAko zaintzaileak.
Eta sistema guztia pikutara bidali nahi duen sindikatu komunista-bolivarianoa, interes partikularrek bultzatuta, gezurrak zabaltzen eta langileen lana zikintzen dabilen bitartean, zer egiten du Diputazioak? “Gipuzkoa ha puesto en marcha una prueba piloto y ha adelantado los desayunos en las residencias de mayores. Por ahora solo se ha dado el cambio en Txara II, pero la idea es poder ampliarlo a otros centros residenciales en caso de que funcione correctamente.” Baina ez al zen, bada, Txara I-ekoa kasu puntual bat?
Zarata eta gezurrak zabal daitezke, baina denborarekin errealitatea gailentzen da. Bereziki egoilarren bizi baldintzekin hain konprometituak dauden, beraien lana horren ongi ezagutzen dituzten eta hain antolatuta eta boteretuta dauden emakumeen aurrean. Unai Rementeria ere berdin ibili zen Bizkaian. Baina, 378 greba egun ondoren, errealitatea onartu eta akordiora iristea beste biderik ez zuen izan.