Nork egingo du protesta EAJren bila etortzen direnean?
Xabier Irastorza, Manu Robles-Arangiz fundazioa (artikulu hau bere blogean argitaratu du)
Hauteskunde kanpainan eta ondorengo gobernu osaketetan EAJren jarrera ikusita Bertold Brechten ahotan jartzen diren, baina berez eliza luteranoko arduradun izan zen Martin Niemöllerren hitzak datozkit:
«Naziak komunistak eramatera etorri zirenean,
isilik geratu nintzen,
ni ez bainintzen komunista,
Sozialdemokratak kartzelaratu zituztenean,
isilik geratu nintzen,
ni ez bainintzen sozialdemokrata,
Sindikalisten bila etorri zirenean,
ez nuen protestarik egin,
ni ez bainintzen sindikalista,
Juduak eraman zituztenean,
ez nuen protestarik egin,
ni ez bainintzen judua,
Nire bila etorri zirenean,
ez zegoen protesta egingo zuen inor».
Espainiar estatuko botere faktikoek eta estatu sakonak argi dute Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako abertzaletasunak eta 15Maren ondotik sorturiko ezkerreko mugimendu politikoak, 78ko erregimenak inposaturiko hainbat zutabe kuestionatzeko gaitasuna izan dutela.
Oso modu mugatuan bada ere, Hego Euskal Herriak eta Kataluinako Printzipatuak Espainiako lurralde batasuna ezbaian jarri zuten, Lizarra-Garaziko akordioak sorturiko herri aktibazioaren testuinguruan lehenik eta Kataluinako procés soberanistak eragindako herri mobilizazio erraldoien bidez, ondoren.
15M sorturiko herritarren mugimendutik sorturiko artikulazio politikoek, berriz, hankaz gora jarri zuten, 78 geroztik, botere legegilea eta exekutiboa kontrolatzeko sorturiko bi alderdi politikoko sistema. Diktadura faxista ondoren, lehen aldiz, erregimena blindatzeko sorturiko bi alderdi nagusiek ezinezkoa zuten gehiengoa lortzea, ez bakarrik gehiengo osoa eskuratuz, ezta, ordura arte moduan, EAJren edo CiUren babesarekin ere.
Egoera honi kontenplaziorik gabe erantzun dio Estatuak.
Euskal Herrian Ezker Abertzalea legez kanpo utzi zuen, buruzagiak eta ehunka herritar espetxeratu zituzten eta, egoera horrek sorturiko mapa politikoaz baliatuz, EAJ Ajuria Eneatik kanporatzea ere lortu zuten. Helburua, argia zen, 78ko erregimena eta estatu egitura ezbaian jartzen zuen herri mugimendua eta abertzaletasuna jokoz kanpo jarri eta eskarmentua eman. Ezker Abertzaleak ez ezik, EAJk ere bere azalean ordaindu zuen Estatuaren botere gehiegikeria.
Kataluinian ere ezaguna da estatuaren oldarraldia. Demokratikoki beraien nahia adierazi zuten herritarrak jipoitu, buruzagiak atxilotu eta erbesteratu, milaka herritar auzipetu, CiU desegin…
Espainian berriz, PSOEren ezkerretara sorturiko mugimendua judizialki, politikoki, ekonomikoki eta mediatikoki neutralizatzen eta itotzen saiatu dira. 78ko erregimena eztabaidatzen zuen Espainiako ezkerraren eragin gaitasuna mugatu eta hauteskundeetan PPri makulu lana egiteko sortu zituzten C´s eta Vox.
Inork gutxik jar dezake zalantzan Pedro Sanchez berak eta bere gidaritzapeko PSOEk 78ko erregimeneko alderdi izaten jarraitzen dutenik. Hala ere, C’s eta PPrekin akordioa behin eta berriro saiatu eta gobernua lortzeko beste aukerarik gabe geratu ondoren, erregimena ezbaian jarri nahi zuen mugimendu honekin nolabaiteko elkarlan edo aliantza egiten saiatzeagatik, Pedro Sanchez bera ere desegiten ahalegindu dira estatuko botere faktikoak. Berea alderdiaren barrutik lehenik eta kanpotik ondoren.
Azken urteetan, estatuko botere faktikoen eta estatu sakonaren bozeramaile diren medioek eta iritzi emaileek, baita Aznar berak ere, adierazi dute ezin dela onartu 78ko erregimena eztabaidatzen duten alderdiek eta alderdi abertzaleek estatuko politikak baldintzatzea, are gutxiago, 78ko estatu egituraren bidez loturik geratu ziren «estatu gaiak » eztabaidara ekartzea. Hau guztia ezbaian jartzen duten alderdien ilegalizazioaz edo hau gerta ez dadin eta alderdi abertzaleak estatuko egituretan pisurik izan ez dezaten, hauteskunde legeak aldatzeaz ere aritu dira. Unidas-Podemosen eta Sanchezen PSOEren inkonstituzionalitateaz edo Konstituzio Auzitegiak bere zeregina betetzen ez aritzeaz ere hitz egitera ausartu dira.
Testuingurua hau izanik, zertan ibili da EAJ udal eta foru hauteskundeen kanpainan EH Bildu ez ezik, Euskal Herriko, Kataluiniako eta Galizako abertzaletasuna indargabetu nahi dituen Espainiako eskuina eta eskuin muturrak sorturiko kanpaina eta diskurtsoa elikatzen? Eta zertan dabil hauteskunde ondoren estatuan erabateko inboluzioa eta birzentralizazioa nahi eta, aukerarik txikiena izan bezain pronto, egingo dutenen esku erakunde ezberdinen gobernagarritasuna uzten? Botere eremu batzuek mantentze arren, egungo testuinguruan, abertzaletasuna eta 78 erregimena alda dezaketenak akabatzea bilatzen dutenak hauspotzea ez al da prezio altuegia edo arriskutsuegia? Hori gertatzen bada, baita EAJrekin ere, geratuko ote da norbait gehiegikeria hori salatzeko?