Periferian euskaraz bizitzeko grina... eta mugak
Iván Giménez, Komunikazio arduraduna ELAn (artikulu hau Landeian argitaratu da)
“Azken Bertsolari Txapelketa Nagusian, balentria latza erdietsi zenuen, izan zinelako hirugarren postura iritsi egin den lehenbiziko arrotxapearra” bota zion Juan Kruz Lakastak Sustrai Colina bertsolariari, otsailaren 28an Iruñeko Katakraken antolaturiko solasaldian, dozenaka lagunen aurrean. Irriak ozenak ziren, Sustrai Colinarengandik hasita. Pasadizo honek erakusten du euskara, eta batez ere bertsolaritza, nola ikusten eta bizitzen diren euskal periferian. Batzuetan umorez, besteetan minez, baina beti etsipen edo frustrazio puntu batekin.
Manu Robles-Arangiz Fundazioak eta ELAk antolaturiko solasaldi horretan Garazi Arrulak, idazle tafallarra, ere parte hartu zuen, eta pasadizo umoretsu batzuen artean, garratzetako bat ere kontatu zuen: “Tafallakoa izanik, neska eta euskalduna, behin batean norbaitek ‘eta guapa’ gehitu zuen nirekin hizketan. Une hartan, ezustean harrapatu ninduen eta ezin eman nion erantzun borobil bat, baina hori bezalako egoerei buelta nola emateko argudioak jorratzeko pizgarria zen”. “Holakoetan, beltza eta transexuala izatea falta zaizu”, gaineratu zuen Juan Kruz Lakastak, solasaldiaren gidari lanetan ibili zen kazetaria. “Angela Davisek zioen bezala, hiru aldiz errebelde dela beltza, emakumea eta komunista izateagatik”, Garaziren erantzuna.
Solasaldi horren aitzakia Sustrai Colinak botatako bertso bat izan zen: “Euskal Herria gelditu ez dadin euskal erdian, bila ditzagun arnas eta ardatzak periferian”. Jakina da Urruñetik (jaiolekua) Iruñera bizitzera etorri zela duela urte gutxi, “hau da periferiatik periferiara zentrotik pasa gabe”, baina azpimarratuz, “gaur egun gauzarik interesgarrienetarikoak euskal periferian gertatzen ari dira”.
Bestetik, Garazi Arrulak gogora ekarri zuen nola, oso gazte zenean, txundituta geratu zen Tuterako Nafarroa Oinezean kartel bat irakurri zuenean: ‘Erdaraz barra-barra, euskaldun kaxkarra’. “Diskurtso esentzialista hark ez zien erantzuten tokian tokiko beharrei” eta ez liguke batere lagunduko euskararen sustapen lanetan. Ildo beretik, gogoratu zuen beste Nafarroa Oinez, Tafallan ospatutakoa. “Kazetari batek idatzi zuen jende andana bildu zela, nahiz eta Tafalla oso urrun egon. Nondik eta norentzat urrun?” Galdera hori funtsezkoa da, nork bere buruari zintzo egin behar diona.
Hala ere, idazle tafallarrak oso argi utzi nahi zuen ez zaiola gustatzen “zapaldumetroa aktibatzea; nik ez dut nahi periferian egon, horrek ez du gure helburua izan behar, behintzat; periferian aritzea bidea izan daiteke, baina inondik inora helmuga”. Sustrai Colinak pragmatismoa aldarrikatu zuen, etsipena ala frustrazioa kudeatzeko tresna bezala: “Euskaraz bizi nahi dut’ leloarekin ados nago, baina nire errealitatea guztiz bestelakoa da; euskara ez dakiten jendearekin bizi naiz, eta haiekin bizitzen jarraitu nahi dut. Hori kudeatzeko beharrean gaude, eta agian zerbait irabazteko, zerbait ere galtzeko prest egon behar dugu”.