PS mundu zaharrari atxikia

2012/11/06
txetx.JPG
Mundua, gaur ezagutzen dugun moduan, historian parentesi bat besterik ez da, eta ez dauka irauteko aukerarik, arrazoi fisiko hutsak medio. Planeta eta erdi xahutzea, bakarra izanik, erabat ezinezkoa da. Guk ezagutzen dugun mundua datozen bi hamarkadetan goitik behera aldatuko da. Dagoeneko lehen sintomak ikusten hasiak gara: klimaren nahastea, hazkunde ekonomiko gero eta motelagoa, etab.

Txetx Etcheberry, Manu Robles-Arangiz Institutua

Ia debalde zen energia amaitu da!

Gure ekonomia, lurraldea antolatzeari buruz daukagun ikusmoldea, garraio eta etxebizitza politikak, gure elikadura...Guztiak ere energia merkearen oinarriaren gainean egin ditugu.

Energia merke hau mende eta erdiz baliatu ahal izan dugu energia fosilei esker, batik bat petrolioari esker, guk ia musutruk erosi izan baitugu.

Eta noski, behin eta berriz entzutean gasolina garestia dela, ahaztu egiten dugu errealitatea: 10 kWh sortzeko (gaur 40 eta 60 zentimo bitarteko kostua dute, eta petrolio litro bat adina dira), gizaki batek 100 orduz eragin beharko lieke pedalei!

Horregatik energia kopuru izugarriak behar dituzten gizarte-motak sortu ditugu; ondorioz, 150 urtetan xahutu egin dugu ustiatzeko errazen zegoen energia fosila; hau pilatzeko, ordea, Lurrak milioika urte behar izan du (beraz, ez da berrituko giza-denboraren eskalan).

Aro berri bat

Honez gero energia garestiaren aroan sartu gara, eta hau egundoko arazo soziala bihurtuko da; honek behartu egingo gaitu gure garapen era, eredu sozioekonomikoa eta antolakunde politikoa goitik behera aldatzera.

Mugarik gabeko hazkundearen garaia amaitzear da, esparru orotako mundializazioa bezalaxe, zeina garraio oso merkeek ahalbidetzen baitzuten.

gure garapen era, eredu sozioekonomikoa eta antolakunde politikoa goitik behera aldatzera

Automobila oinarritzat hartzen duen zibilizazioa epealdi labur bat besterik ez da izango gizadiaren historian (haatik, oso epealdi suntsitzailea).

Gure gizartearen antolakuntza zentralizatu eta uniformatuaren lekua beste eredu batzuk hartuko dute, anitzagoak, lurralde bakoitzeko baliabideei egokituak (isolatze eta energia aurrezteari, zein energia berriztagarrien garapenari dagokionez), zutabe berrien gainean eraikiak: hurbiltasuna eta ekonomiaren nahiz politikaren berlokalizazioa.

PS, erabat noraezean

Egun egitekoa den borroka bakoitza, apustu bakoitza, erresistentzia bakoitza, baita inbertsioak ere, ikuspegi horrekin aztertu behar da, bestela erabat galtzeko arriskua baitago. Zoritxarrez, hauxe da boterean dagoen PSren kasua, bai tokiko mailan, bai Parisen.

PSk babestu egin du LGV trenbide berria egiteko proiektua, erabat sinetsita baitago garraioak -pertsona zein salgaiena dela ere- etengabe hazten jarraituko duela, azken 30 urteotako joerari eutsiz.

PSk ez baitu konprenitu petrolio garestiaren aroan sartzen ari garela

PSk polizia bidali du Nantes inguruan egitekoa den Landetako Notre Dame super-aireportuko proiektuaren aurkakoak modu basatian kaleratzeko, ez baitu konprenitu petrolio garestiaren aroan sartzen ari garela; honek eragingo du orain dela berrogei urte abiatutako proiektu hau inondik ere ez dela bideragarria izango.

PSk automobil industria bultzatzea beste konturik ez du ahotan hartzen, ez baitu ulertu ez ditugula gutxiago kontaminatzen duten kotxeak behar, beste zerbait baizik. Batetik, automobila nagusi den zibilizazioa amaitzea (Frantzian 598 kotxe dago 1.000 biztanleko!), eta bestetik, bi atal dituen Marshall plan berri bat: lurraldearen eta hirien antolakunde orokor berria eta hurbileko garraio kolektiboen politika erradikala.

PSren abiapuntua logika jakobinoa da, lurraldeen autonomia eta desberdintasuna aintzat hartu ordez; hau litzateke erresilientziarako, etorkizuneko krisietan hobeto moldatzeko eta energia garestiaren arorako trantsizioa egoki egiteko armarik hoberena.

PSren zati oso handi bat tematuta dago atzeguardiako borroka batean: Euskal Herriko lurralde-elkargo espezifiko baten aurka dago, eta tokiko biztanle zein hautetsi gehienek nahi dituzten esperientziak ere ukatu egiten ditu; hauek eredu baten zein besteren balioa juzkatzeko baliagarriak lirateke.

PSk bere politika ekonomiko eta sozialaren erdigunean kokatzen du esperantza bat: hazkundea bere onera etorriko dela (berau energia merkeari lotuta dagoelarik). Aldiz, baztertu egiten du sortutako aberastasunaren berbanaketa erradikala eta gure ekonomiaren birmoldatze sozial eta ekologikoa.

Hots, PSk ez ditu inondik ere bereganatu gertatzen ari diren mutazio izugarriak eta horrek seguruenik gure eguneroko bizimoduan eta etorkizunean izango dituen ondorioak.

Ostrukaren politika nahi ez duten sozialistei deia

Dena dela, aski da informatuta egoteko borondatea egun hartu beharreko erabaki zuzenak hartzerakoan datu egokiak izateko.

Halako egoeran gaudelako ezjakintasunean egotea izatez ezer jakin nahi ez izatea da, horrela nork bere politika eta pentsamoldea aldatu beharra saihesteko, hots, bere burua zalantzan jarri behar ez izateko.

Zuen haurrok gaitzetsiko dute gogorren honelako jarrera.

Ipar Euskal Herrian hitzaldi sail bat izango da azaroaren 29tik hasi eta abenduaren 1era arte.

Guy Chaveteau Institut Français du Pétrole-ko batzorde zientifikoko kide ohiak azalduko du zenbateraino gauden atzera ezineko nahasmenduan sartuta, eta hamarkada honetan ahalik hobekien moldatzeko zer egin behar izango den.

PSko militante eta hautetsiok, zuen artetik ostrukarena egin nahi ez duzuenoi hitzaldi hauetara ongi etorria emango dizuegu.