Psikologiak langileen mugimenduak aztertu behar ditu, mugimendu antisindikalak barne
Kevin R Carriere, Washington Jefferson College-eko irakaslea. Science Public-en argitaratua.
Harrigarria da zein txikia den, sindikatuek pertsonen psikean dituzten kostuak eta onurak dokumentatzen dituzten psikologia-azterlanen kopurua. Hala ere, sindikatuek duten garrantziak – hain funtsezkoa ezen Nazio Batuen Giza Eskubideen Adierazpenean kodetu zen– exigitzen digu langileen mugimenduak aztertzea, afiliazio sindikalak aurreikusten dituen banakoen arteko desberdintasunetatik harago.
Ebidentzia multzoa errapasatu dut sindikalismoak kasu gehienetan lan zentroetan eragin positiboa izan duela erakutsi, eta horrekin batera, gizarte-mugimenduen ekintzak gero eta babes handiagoarekin erabiltzen hasi dela ikusteko. Etorkizuneko ikerketarako ildo berriak azpimarratuko ditut, eta sindikatuen psikologiaren ikerketa berritzeko deia egingo dut, sindikalizazioa kultura berri baten emergentzia bezala aztertuz.
Langileek bat egiten dutenean, irabazi egiten dute. Lan-eskubideek eta aktibismo sindikalak, besteak beste, bost eguneko lan-astea, soldata altuagoak, gurasotasun baimenak eta haurren lanaren aurkako legeak eman dizkiete langileei. Langileen mugimenduen garrantzia eta lanaren planteamendu kolektibista hain izan ziren garrantzitsuak, ezen Nazio Batuen Giza Eskubideen Adierazpenaren 23. artikuluan txertatu zirela: "Pertsona orok du sindikatuak sortzeko eta horietan afiliatzeko eskubidea, bere interesak babesteko"
Nazio Batuek langile-klasearen interesen babesa sustatzen zuten bitartean, psikologoek zehaztu behar dituzte sindikalizazioaren eta langile-mugimenduen eragin psikologikoak. Zertan datza sindikalizazioren giza eskubidearen alderdi humanoa? Nola eragin dute mugimendu sindikalek lantokietatik kanpoko mugimendu sozialetan? Jarraian, giza eskubideen psikologiari buruzko ikerketen errepasoa egingo dut, langileen mugimenduei dagokienez. Mugimendu sindikalek aldaketa psikologikoan, hazkunde pertsonalean eta azelerazio sozialean laguntzen dutela adierazten duten lanak laburbilduko ditut. Azkenik, mugimendu sindikalen onura psikologiko ahaztuak deskribatzen ditut eta ondorengo ikerketa-arloak proposatzen ditut.
Giza eskubideen psikologia
Giza eskubideei eta giza eskubideen urraketei buruzko hainbat azterketek ondorioztatzen dute, giza eskubide batzuk kultura guztietan onartuta dauden arren, ohikotasunez urratzen direla. Iraultzak giza eskubideen aldarrikapen baten inguruan eraikitzen dira, eta mugimendu sozial horiek erabakigarriak dira gutxiengoen ahotsak entzun, eskubideak berrezarri eta status quo-a zalantzan jar dadin bermatzeko.
Iraultzek eta mugimenduek arrakasta izan dezaten, pertsonek talde gisa antolatu behar dute. Gizarte-mugimenduekiko dentifikazioa pertsona baten protesta-borondatearen funtsezko adierazlea izan da. Esate baterako, eskubide baten urraketa bat zegoela uste zuten gizabanakoak gehiago identifikatzen ziren protestarekin. Gizarte-mugimenduekiko identifikatzeak bere baliabide propioak ekintza kolektiboaren alde arriskatzera darama norbanakoa, baina soilik ingurunea ekintza horretarako egokia bada eta beste pertsona batzuek beren baliabideak ere arriskatuko dituztela uste badu. Gainera, zenbat eta bereago sentitu komunitate globala, orduan eta elkartasun handiagoa adieraziko dute giza eskubideen urraketen biktimekiko eta giza eskubideekiko kezka handiagoa erakutsiko dute.
Sindikatuak eta langileen mugimenduak
Errepaso honetan 'sindikatua' eta 'langile mugimendua' terminoak erabiliko ditut, herrialde ezberdinetako legedian dauden ezberdintasunek langile mugimenduaren eta sindikatuen irismenean eragina izan dezaketela onartuta ere. Sindikatuak eta langileen mugimenduak honela definitzen ditut: lankide diren eta lantokian "barne-talde" kolektibo bat osatzeko elkartzen diren pertsonen talde bat, baldintza hobeak negoziatzeko asmoz antolatzen dena. Sindikatuek elkartasuna eraikitzen dute taldearen interes kolektiboa babestuz, adibidez, laneko tratu txarren biktimak defendatuz, langileentzako onuren hobekuntza negoziatuz eta negoziazio-mahaira enpleguaren baldintzak eramanez. Argudiatu izan da, sindikatuen presentzia lanean demokrazia suspertzeko giltzarria dela, gobernantza autoritarioarekin aurrez aurre talka eginez. Era askotan, langileen mugimenduek iraultza txikiak osatzen dituzte, eta gaur egungo liderren – zuzendaritzaren – boterea herriari modu erabakigarrian helarazi nahi diote, langileei alegia.
AEBetan zentratu da gehienbat langileen mugimenduen gaineko ikerketa. Hala ere, langileen mugimenduak nazioarteko fenomenoa dira eta beste herrialde batzuetako esperientzietan arreta handiagoa jarri beharko litzateke. Berriki ikerketa interesgarriak sortu dira: Japoniako atzerriko langileen inguruan, Kanadanko graduatutako langileen inguruan, Erresuma Batuko ingeles irakasleen inguruan eta Irlandan soldata baxuak dituzten langileen inguruan. Hala ere, errepaso honek AEBn zentratutako 'organizing eredu' bat aztertzen du. Eredu horretan, langile indibidualari gaitasun eta ahalmen indibidual handiagoa ematen zaio, lanaldi osoko liberatu sindikalen ekintzetan oinarritzen direnen aldean. Kide berriak afiliatu eta ahalduntzea da 'organizing' ereduaren ardatza, eta, aldi berean, dagoeneko afiliatuta daudenen onurak hobetu nahi dira. Sindikalizazio-eredu hori hazten ari da Europako herrialde guztietan, industria (sektoreak, enpresak) berrietan lan-mugimendu berriak garatzeko estrategia gisa. Eredu horretan, langileen mugimenduak langile indibidualean oinarritzen dira, eta enplegatuaren eta enplegatzailearen arteko gatazkan jartzen dute arreta. Eredu hori era orokorrean aplikagarria denez, errepaso honetako emaitza eta ondorioek inplikazioak dituzte beren langile-erresistentziaren modalitate espezifikoan inplikatzen diren herrialde guztientzat.
Lan-mugimenduen psikologia.
Lanaren antolamenduak hamaika ondorio positibo ditu pertsona baten ongizate psikologikoan, lotura sozial, konfiantza eta anaitasun/ahizpatasun zentzua ematen dizkion heinean. Enplegu sindikalizatua edukitzeak boto erabakigarria ematen dio pertsonari bere lan-bizitzako zenbait esparrutan eta autonomia eta autoestimu handiagoa sustatzen ditu. Langileen antolaketak gutxiengoen ahotsak gehiago entzun daitezen laguntzen du, halanola, emakume, etorkin, graduatutako ikasle-langileen eta baita beste gutxiengo batzuen ahotsak ere.
Sindikalismoaren onura psikologikoek talka egiten dute gaiari buruzko ikerketa psikologikoaren gabezia orokorrarekin. Mugimendu sindikaletan arrazismoaren aurkako organizingaren garrantzia areagotzen bada ere, ikerketa psikologiko sindikalaren errepasoak erakutsi digu, 27 artikuluk baino ez zituztela jasotzen "sindikatua" eta "arraza" terminoak. Ahots batzuek 'psikologia sindikala' sortzeko deia egin bazuten ere, arlo horrek ez du inoiz aurrera egin. Sindikatuen psikologia alde batera utzita, sindikalizatu gabeko lantokien ondorioak ikertzeari uko egin diogu. Zein da ordaindu gabeko amatasun- eta guraso-baimenaren kostua ? Zein da beste prestazio batzuen inguruko desadostasunen kostua? Zenbateraino eragiten die gutxiengoei estandarizatu gabeko kontratu batek? Ikerketa falta horrek kritikak ekarri dizkio diziplinari.
Kontua ez da gaiaren inguruko ikerketa psikologiko gabezia. Psikologiak mugimendu antisindikaletan ditu sustrai historikoak: psikologoek nortasun-inbentarioak ematen zituzten sindikatuen aldeko jarrerak zituzten pertsonak sotilki diskriminatzeko. Zorionez, historia hori aldatu egin da eta bereizkeriatik desberdintasun indibidualen azterketa orokorrera igaro gara. Ikerketak ondorioztatu du mugimendu sindikaletan inplikatzen diren pertsonak politikoki aktiboagoak direla inplikatzen ez direnak baino, eta horrek askotariko ondorioak ditu. Sindikatu bateko kide ez direnen aldean, sindikalizatuta dauden pertsonak politikoki aktiboagoak dira, politikoki informatuago daude, eztabaida politiko gehiagotan parte hartzen dute eta esparru politikoan ezkertiarragoak izateko joera dute. Sindikalizazio maila baxuagoa hauteskundeetako parte-hartze txikiagoaren eskutik joan ohi da, eta sindikalizazio-maila altuagoak, berriz, errenta baxuagoko taldeen parte hartze handiagoarekin lotuta daude (legegintzaldiaren erdian eta hauteskunde guztietan).
Berriki, estatus sindikalak lantokien ezaugarrietan eragiten duten adierazleei buruzko azterlanak egin dira. Adibidez, ikerketa batean ondorioztatu zen sindikalizatu gabeko pertsonentzat konfiantza handiagoa izateak besteei arrakastak eta porrotak egozteko joera txikiagoa izatea zekarrela. Sindikalizatuta zeudenek ez zuten lotura hori erakusten. Horrek iradokitzen du plantilla sindikalizatu batek kohesio eta estimu handiagoa eragin dezakeela langileen artean. Estatus sozioekonomikoak ere eragina izan dezake: egoera ekonomikoan mugikortasun txikiagoa zuten eta estatus sozioekonomiko baxuagoa zuten pertsonak prestatuago zeuden sindikatu batean afiliatzeko, mugikortasun handiagoa edo estatus altuagoa zutenak baino.
Sindikatuek ere eragin handia izan dezakete lantokitik kanpoko langileen bizitzan. Terriquezek dokumentatu duenez, Los Angeleseko atezainen sindikatu batek lortu zuen guraso etorkinak seme-alaben eskoletan gehiago inplikatu zitezen. Sindikatuek ongizatea sustatzen dute, parte-hartze demokratikoa bultzatuz eta langileen arteko komunitate-zentzua sortuz. Horrek azal dezake sindikatuetan afiliatuta dauden pertsonek beren bizitzarekin gustorago daudela adieraztea, afiliatuta ez daudenen aldean. Azkenik, afiliatutako pertsonek afiliatu gabeko kideek baino joera handiagoa dute karitatezko erakundeei dohaintzak emateko, eta kopuru handiagotan gainera.
Langileen mugimenduen erorketa (eta gorakada).
Munduan milaka mugimendu sindikal aktibo dauden arren, afiliazioak etengabe egin du behera. AEBetan afiliazioa 1983an% 20,1 izatetik 2015ean% 11,1 izatera igaro zen; baby boom delakoaren belaunaldiak askoz ere gehiago babesten zituen sindikatuak, X belaunaldiak edo millennialenak baino. Desberdintasunen gorakadaren herena sindikatuen gainbeherari zor zaio. Alderantziko harreman proportzionala oso handia da afiliazio sindikalaren eta % 10 aberatsenak jasotzen duen errenta-kuotaren artean. Hala ere, badirudi sindikatuekiko interesa berriz ere suspertu dela: 2017ko afiliazio sindikalaren hazkundearen % 76a, 35 urtetik beherako pertsonengan oinarritu zen. Erresuma Batuko azterlan batek erakusten zuen sindikatuak estrategiak egokitzen ari direla sare sozialetan gehiago inplikatzeko, gazteen artean babes handiagoa aurkitzeko.
Sindikatuek gizarte mugimenduen taktikak hartu dituzte, euren oinarria esparru partikularretan zabaltzeko, hainbat interes talde aliatuz eta euren afiliazioa mugiaraziz. Arrazismoaren aurkako politikak , genero-diskriminazioarekin eta immigrazioarekin lotutako gaiak berrikusteak, oro har ezkertiarrak diren populazio politikoarekin batera, sindikatuek soldatetatik haratago doazen gaiak jorratzera eramaten ditu. Langileen mugimenduak grebarekin lotzen diren arren, ez da hori beren indarra erakusteko modu bakarra. Sindikatuek boterea adierazten dute phone banking, sinadura-bilketa, bozketa, negoziazio, bitartekaritza, manifestazio, greba-mehatxu eta abarren bidez. Ekintza bakoitzak inplikazio-maila desberdina dakar bere kideentzat, eta intentsitate-presio desberdina eragiten dio zuzentzen zaion taldeari. Ingeles hezkuntzako sindikatuen rola aztertzen zuen ikerketa kualitatibo berri batek zentroetako zuzendaritzaren eta sindikatuaren arteko botere dinamika azpimarratzen zuen. Ikerketak aztertu zuen sindikatuek zuzendaritzei zailtasunak eragin diezazkietela eraginkortasunez kudeatzeko, eta nabarmendu zuen jarduera sindikala dagokion enpleguari lotuta dagoela. Sindikatuaren botereak – Antolaketaren, burokraziaren eta politika-aldaketen aurkako erresistentziaren bidez – Afiliatuei (irakasleak) laguntzen die 'garaipen' garrantzitsuak lortzen, greba egiten hasi baino askoz lehenago.
Etorkizuneko norabideak
Azterlan honetan aztertutako ikerketek honako baieztapen hauek jaurtitzen dituzte. Lehenik eta behin, langileen antolakundea oinarrizko giza eskubidea da, eta barneko talde-identitate sendoaren babesa du. Bigarrenik, soldata-igoeraz gain, sindikalizazioak onura gehiago ditu, besteak beste, banakako psikearentzat, komunitatearentzat eta aktibismo politikoarentzat. Hirugarrenik, langileen indar erakustaldia askotarikoa da eta grebaz haratago doa, beste gizarte mugimendu batzuen ekintza erreplikatuz. Puntu horiek kontuan hartuta, etorkizuneko norabide batzuk planteatu dira.
Badirudi organizing-aren onurak gorantz doazela 'gig economy' -aren baitan (lan superprekarioaren ekonomia); rider-en % 80k adierazi zuten erakunde batekin bat egin nahi zutela, lan-baldintza eta soldata hobeen alde borrokatzeko. Gig economy-an dauden mugimendu sozialak liluragarriak dira, enplegu mota horretan lan egiten duten pertsonen independentziak koordinazioa asko zailtzen baitu. Hala ere, banatzaileak prezioak manipulatzeko batu daitezkeela erakusten duten ebidentziak badaude. Kanadan, duela gutxi, Foodora janariak banatzeko aplikazioan sindikalizatzearen aldeko erreferenduma egin zen, eta gaur egun Ontarioko Lan Harremanen Kontseiluan aztertzen ari dira.
Aitzitik, ikerketak ez du mugimendu sindikalak oztopatzea bilatzen duten pertsonen psikologia ezagutzen jakin. Gai interesgarri asko daude enpresaren aldetik negoziatu behar duten edo sindikatu-erakundea suntsitzen edo porrot egiten saiatzen diren pertsonei buruz. Edozein kanpaina antisindikal mugimendu sozial bat da, eta taktika antisindikalek nola funtzionatzen duten aztertzen jarraitu beharra dago.... Era berean, aztertu behar dira langileen mugimenduen aurka borrokatzen duten pertsonen historiak eta sentimendu antisindikala eragin dezaketen desberdintasun indibidualak ere.
Azkenik, langileen mugimenduak aukera paregabea dira kultura berri bat (lan-indar sindikalizatuarena) nola garatzen eta mantentzen den ezagutzeko eta oso gutxi aztertu izan da. Pertsona baten lantokia sindikalizatzeak funtsezko aldaketa eragiten du lantoki horren kulturan. Bidegabekerien prozesua birsortzen du; enpleguaren terminoak birdefinitzen ditu; eztabaidarako eta desadostasunetarako espazio demokratikoa eraikitzen du. Lantokia eraikitzen ari den kultura baten eremua da.
Kultura berri baten sorrera aztertzea ahalegin emankorra da. Horrek kanpainan zehar kultura sindikalizatu baten garapen geldoa eragin dezake. Are gehiago, bozketa bat irabazitakoan plantilla sindikalizatu batera igarotzea ekar dezake. Horrelako kulturen ezegonkortasunak aukera ematen du aztertzeko nola irauten duen kultura batek, nola hazten den edota nola egiten duen aurrera.
Oro har, langileen mugimenduak eta langileen mobilizazioa oso gutxi aztertu dira psikologian. Sindikatuak lan-indarraz haratago doaz eta gizarte-gaietan eragiten ari dira, beste gizarte-mugimendu batzuen estrategia mobilizatzaileetan oinarrituta. Maila onean egoteko, psikologiak langileen mugimenduen testuinguru orokorra hartu behar du kontuan – Mugimendu antisindikalak barne –, pertsonak aldaketa kultural baten eta eguneroko bizitzan iraultza baten aurrean daudela ikusteko. Psikologiak erantzun argigarriak eta garrantzitsuak eman ditzake sindikalismoaren benetako kostu eta onurei buruz, baldin eta gai garrantzitsuak planteatzen hasteko behar besteko antolaketa-maila lortzea erabakitzen badugu.