Quebec: lan harremanen araubidea erasopean
Dokumentuak 29: Quebec: lan-harremanen araubidea erasopean
Nagusi eta ugazabek inoiz ez dute begi onez ikusi lan-giroetan sindikatuak izatea, eta errezeloz hartu izan dute sindikatuek esparru politikoan izan dezaketen eragina. Uste genuen onartu gintuztela azkenerako eta aitortu zigutela nolabaiteko legitimotasuna, baina bistan da usteak erdia ustel duela. Izan ere, ideologia neoliberalaren eraginez, gero eta oldartsuagoak dira lorpen sozialen aurkako, gure bizi- eta lan-baldintzen aurkako eta horiek babesten dituzten erakundeen aurkako erasoak. Eta, zehazki, mugimendu sindikala dago haien miran.
"Ideologia neoliberalaren eraginez, gero eta oldartsuagoak dira lorpen sozialen aurkako, gure bizi- eta lan-baldintzen aurkako eta horiek babesten dituzten erakundeen aurkako erasoak"
Hiru eraso mota bereiz ditzakegu: lan-harremanen sistemaren zimenduak ahultzen dituztenak; sindikatuek Quebeceko garapen sozio-ekonomikoan duten eraginaren aurka egiten dutenak; eta demokraziaren adierazpena murrizten dutenak. Egunerokoan, erasoak desberdinak direla irudituko zaigu beharbada. Alabaina, programa politiko koherente baten azpildura dago eraso horien atzean. Eta, nola ez, trabarik gabeko liberalismo ekonomikoaren alde dauden horiek guztiek babesten dute programa hori: enpresaburuen elkarteek, eskuineko adituen taldeetako ikerlariek (think tanks), iritzi-emaile politiko jakin batzuek, baita gobernuek ere.
Sindikalistak gara, eta uste sendoa dugu gure jardunean. Gutako batzuk duela hamarkada asko sortutako sindikatuetako militanteak gara eta beste batzuk oraintsuago beraiek sortutako sindikaturen bateko kide dira. Baina horrek ez du esan nahi nahitaez jakin behar dugunik gure lan-harremanen sistemak zehatz-mehatz nola jarduten duen –hori da finean gure tokiko sindikatuen izate juridikoaren funtsa– ez eta enpresaburuekin indar-harreman orekatuagoa finkatzeko aukera ematen duten mekanismoen berri jakin behar dugunik ere.
Gida honen xedea da eraso mota jakin batzuk –gure lan-harremanen sistemaren aurka egindako erasoak, hain zuzen– hobeto ulertzeko beharrezkoa den informazioa ematea eta geure burua babesteko erabil ditzakegun arrazoibideak geureganatzea