Rio+20 goibilera: Mobilizazioa eta aliantzak

2012/06/05
DSC_0166.jpg
Ekainaren 5ean, Nazioarteko Ingurumenaren eguna zela eta, ELAk “Ekonomia Berdea? Irabaziak enplegua eta ingurumenaren kontura” jardunaldiak antolatu zituen. Hemen Esther Vivasen hitzaldiaren laburpena.

Hurrengo egunetan medioetan Rio+20 goibilerari buruz hitz egiten entzungo dugu. Garapen Iraunkorrari buruzko Nazio Batuen Konferentzia da,  Rio de Janeiron Lurraren Gailurra egin zela 20 urte pasa direnean egingo da. Orduan gai nagusia garapen iraunkorra izan zen. handik irten zuten Agenda 21, Biodibertsitatearen Konbentzioa eta Kiotoko Protokoloaren oinarri den Klimaren Konbentzioa. 20 urte hauetan ez da aurreratu gai hauetan, hitz hutsak izan dira. Hobeto egon beharrean, krisi ekologiko eta klimatikoak okerrera egindu. Deforestazioak aurrera egin du, biodibertsitatea galdu da, berotegi efektuko gasen emisioak hazi egin dira, hau da atzerantz goaz. Helburua ekosistemen eta biodibertsitatearen kontserbazioa zela esaten zuten arren, ez da horrela izan.

Baliabide naturalen pribatizazio izugarria bizi izan dugu, Adibidez, komunitateen esku zeuden lurren desjabetzeak Afrikan eragin sozial larriak ditu. Lur hauetan lan egiten zuten nekazariak beraien lurretatik kanporatu dituzte. Pentsio fondo eta enpresa espekulatzaileak Hegoaldeko herrialdeetan lurrak bereganatzen ari dira, lurrak oinarrizko balioa duelako eta gaur egungo testuinguruan balio segurua delako. Lurra pribatizatu egiten da, saldu edo alokatu egiten da esportaziora zuzenduriko nekazal ekoizpenerako, beraien kontsumorako lur hauek lantzen zituzten nekazarien kaltetan. Adibide honekin garbi ikusten da, haziekin edo urarekin ikusten den bezala, finantzek nola pribatizatu dituzten baliabide naturalak enpresa gutxi batzuk negozioa egiten jarraitu dezaten. Are gehiago krisi ekonomikoaren testuinguruan, balio seguruak bilatu behar direnean.

1992tik egindako politikak aurrekaririk gabeko krisi ekologiko eta klimatikora eraman gaituzte. Gizateriaren eta planetaren biziraupena arriskuan jartzen duen krisi klimatiko hau, aurre egiten ari garen krisi kapitalista honen, paradigmaren krisiaren elementu zentrala da. Krisi klimatiko honen ondorioak (emisioak haztea, uholdeak,...) ez ditu ingurumenean soilik inpaktuak eragiten, populazioaren desplazamendua bezalako eragin sozialak ere baditu. Dagoeneko munduan 50 milioi desplazatu klimatiko daude.

2008ko krisia pasako zela esaten zuten, baina benetan tunelaren bukaerako argia kontra datorren tren baten argia da. Eraso itzela pairatzen ari gara eskubide sozial, demokratiko eta laboralak suntsitzeko. Dimentsio izugarriko krisi soziala dugu. Pobrezia, prekarietatea eta langabezia gora doaz. Argi geratu da sistema kapitalista dela krisi ekonomiko, sozial eta ekologiko honetara eraman gaituena. Irteerarik ez duen bidera eraman gaitu eta sistemaren alternatibak merkatuen liberalizazioa, lan merkatuaren prekarizazioa eta zerbitzu publikoen pribatizazioa dira. Azken finean, krisia eragin duten arrazoiak bertatik irteteko soluzio bezala aurkezten dizkigute. Krisitik ateratzeko sistema kapitalistaren porrot hau Kopenhage eta Cancungo klima negoziaketetan ere ikusi da, eta beste negoziazio askotan ere bai.

Goi bilera eta negoziazio internazional guzti hauetan elite ekonomikoaren interesak aurretik jartzen dira, elite politiko eta ekonomikoen lotura estua agerian utziz. Soluzio faltsuak saltzen saiatu dira: energia nuklearra, karbono emisioen merkatua, bioerregaien ekoizpena, karbono almazenamendua,... Krisi ekologikoaren kontura gutxi batzuek negozioa egitea bilatzen duten alternatiba faltsuak dira. Klima aldaketa ez da emisioen merkantilizazioarekin edo baliabide naturalen pribatizazioarekin konpontzen, emisioak lege bidez debekatuko dituen neurri sendoekin baino. Eta kapitalismoaren nukleo gogorra ere ukitu behar da gaur egungo produkzio, banaketa eta kontsumo eredua zalantzan jarriz adibidez. Baina agintzen dutenek, gutxi batzuk, ez daude prest beraien pribilegioak eta horrenbeste etekin ematen dietena galtzeko.

Goibilera hauetan parte hartzen duten gobernuek pribatuan onartzen dute negoziazio hauen porrota, baina jendaurrean defendatu egiten dituzte. Politika publikoak gutxi batzuen interes finantziero eta ekonomikoak babesten dituzte, hortik dator populazioaren gehiengoaren arazoak konpontzeko ezintasuna. Elite ekonomiko eta politikoaren arteko loturak begi-bistakoak dira. %1aerreskatatzen dute %99aren kontura. Politika hauek indar korrelazioa aldatuz aldatuko dira bakarrik.

Gainera krisiaren ardura populazioaren gehiengoari leporatzen digute: gure aukeren gainetik bizi garela, gehiegi kontsumitzen dugula, ez dugula birziklatzen, autoa gehiegi erabiliz kutsatzen dugula... Egia da sistemak ezarri dizkigun ohiturak aldatu behar ditugula, baina klima aldaketa eta ekosistemen degradazioaren zati handiena enpresek eragin dute gobernuen konplizitatearekin. Enpresa handiak dira aberastu direnak eta orain ekonomia honek sortutako galerak sozializatu egin nahi dituzte.

Rio+20ko agendan ekonomia berdea dago. “Berde” hitza irudia garbitzeko erabiltzen da, baina azken finean etekinak ateratzen jarraitzeko eta oraindik pribatizatu gabe dauden baliabide naturalak pribatizatzeko sistema da. Riotik marko legal berri batekin eta ekonomia berdearen aldeko iritzi publiko batekin irten nahi dute. Azken 500 urtetan egin den baliabide naturalen akaparazio handiena izango da. Beharrezkoa da beraz langileriaren eskubideak bermatuz ekoizpen eredua aldatzea, eta horregatik sindikalgintzak beste mugimendu sozial batzuekin elkarlanean aritu behar da. Gure aldarrikapenak politika publiko bihurtuko dira kalean bagaude eta borrokatzen badugu.