Sindikalismo feminista: zaintzak ere borroka-leku
Hauxe da Jon Las Heras EHUko irakasleak "Berdea da more berria" liburuari buruz idatzitako erreseina.
Greba batek katarsi uneak eragin ditzake, baita askatasun uneak ere. Greba prozesu bizia eta soziala da, eta horren bidez, langileek kapitalaren aurkako jarreraz jabetzen dira. Greba desadostasun-unea da, eta, beraz, haustura-unea. Ekintza sortzailea ere bada, birsortzeko ekintza, pertsonek beren arazo indibidualetatik harago jotzen dutelako eta jarrera komuna adierazten dutelako langile gisa. Hala, soldatapeko lanak emantzipatzaile izateari uzten dio, eta emakume langileek, egun ahaldunduagoek, euren ondoeza jasota utzi nahi dute. Ezberdin bizitzeko arriskatu eta kontra egin dute. Elkartasun-loturak ezartzen eta indartzen dituzte haien bizi-baldintzak hobetzeko, bai eta ukatutako duintasunaz eta errespetuaz jabetzeko ere. Bestela, zergatik "inbertitu" behar zuten langileek hainbeste ahalegin ekoizpen-prozesua geldiarazteko? Zergatik, bestela, hainbeste oihukatuko zuten Bizkaiko egoitzetako langileek eutsi, iraun, tematu, baina inoiz ez atzera egin Bilboko erdiguneko kaleetan, euren nagusiek mehatxuka begiratzen dituzten bitartean? Hau ironia, ezta?
Lan-esplotazioak eta esplotazio patriarkalak ez dute mugarik, sotilegiak izan baitaitezke, "sen onaren" dogmarenpean ezkutatuta egon eta harreman natural gisa aurkeztuak izan daitezke, ia betikoak bailiran, edo baita enpresen lehiakortasuna, garapen pertsonala zein soziala ziurtatzeko beharrezko elementu bezala, edo are okerrago: herrialdean hazkunde ekonomikoa lagunduko balute gisa. Baina nortzuk dira hainbeste hitz egiten duten herrialde horetakoak, gehiengoari beren egoera pertsonalaz galdetzen ez badiote, hauteskundeetan ez bada? Ez al gara herritarrak zergak ordaindu eta merkatuen konfiantza gehiago ziurtatuko duen alderdiaren alde bozkatu behar dugunak?
Gatazka are krudelagoa da populazioaren erdia gutxiesten ari denean emakume izate hutsagatik eta portaera jakin bat eskatzen zaionean; emakumeak gizonaren gehigarri soil gisa tratatzen direnean, eta haren mende egon behar dutenean, hura baita babes ekonomiko eta morala ematen duen bakarra, emakumeek beren kabuz ziurtatzeko gai ez diren ezaugarriak. Jarrera horrek ere ez du zinismo maila ona ezkutatzen; izan ere, batez ere emakumeek egiten duten lana astuna eta neketsua denean, adinekoen edo desgaitasunen bat duten pertsonen egoitzetan egiten den zaintza kasu, ez dira inola ere aintzat hartzen pertsona horiek ondo tratatzeko behar diren indarra, erresistentzia eta pazientzia.
Zorionez, beti daude diskurtso ekonomizista eta patriarkal horren aurrean kritikoak diren pertsonak, eta aurrerapauso bat emateko gai direnak, ausartak, bidegabekeria kontaezinak argitara ateraz, gure harremanen pobrezia salatuz, eta horiek aldatzea exijituz. “Berdea da more berria” Onintza Irureta Azkunek euskal gizartea hunkitu duen azken grebetako bat jasotzen duen liburua da, 2016-2017an Bizkaiko egoitzetan egin zena. 378 egun iraun zuen hitzarmen kolektibo baten hobekuntzaren aldeko greba hark, erraz esaten da. Istorioak, spoiler bat egiten dut, amaiera zoriontsua du, nahiz eta hau beti osatugabea eta behin-behinekoa izan.
Bizkaiko gizartea hainbeste mugiarazi zuen lan-gatazka emakume langileen garaipenarekin eta sektoreko hitzarmen bat sinatzearekin amaitu zen, bai eta enpresa-hitzarmen ugari sinatzearekin ere, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzen zuena, 1.592 orduko lanaldia, eta beste plus eta onura sozial batzuk, hala nola, laneko bajak edo familia-kontziliazioa. Beharbada, lan-kontratu baten barruan erregistratu daitekeen eskubide oro baino garrantzitsuagoa, liburuak emakume langile batzuen bizipena aurkezten du, ohartuta beste modu batera tratatuak izatea merezi zutela,errespetu gehiagoz eta inork lehenago aitortu nahi ez zizkien eskubide batzuk zituztela, kasu askotan, legezkoak.
Liburu honek lan-gatazka bat aurkezten digu, langile gisa baino, emakume bezala mespretxatuak zirenen borroka azalduz. Liburu honek erakusten digu klase-borroka nahitaez feminista dela, bata bestea gabe ezin dela ulertu, eta ezinbestekoa dela gaur egungo lanaren zatiketa problematikoa ikusaraztea, bai eta emakumeei normalean esleitzen zaizkien zaintza eta gaitasunen lana baloratzeko modua ere.
Liburu honek jorratzen duen feminismoa, beraz, menderakuntza jakin baten aurkako kontzientzia kolektiboaren sorreratzat uler daiteke; pertsonen zaintzan eta bizitzaren ugalketan zentratutako lanetan askotan gertatzen den menderatze-erlaziotzat. Gaur-gaurkoz, patriarkatua gero eta etsaituagoa izaten ari da, eta liburu hau horren froga da. Bestalde, eta ekitaldi horien garapenean duen garrantziari kalterik egin gabe, sindikalismoa antolaketa- eta borroka-modu gisa aurkezten da, itxuraz langilea gerentearen edo enpresaburuaren aurrean bakarrik baitago. Gizon zein emakume, langile hauek jasaten dituzten zailtasunak begi-bistakoak dira. Kapitalistak legea bere alde duen heinean, eta eskura baliabide ekonomiko gehiago daukanez, langileak bere egoera txarraren kontzientzia hartu eta helburu komunak ezartzen hasteko antolatu besterik ezin du, lan-merkatuari eta gerentzia-menderatzeari banaka aurre egin behar dienean hain mingotsa izan daitekeen bakardadea gaindituz. Norbaitek uste badu orain arte esan dudan guztia erretorika hutsa dela, liburu interesgarri eta pedagogiko honen irakurketan murgiltzera gonbidatzen dut, hobeto ulertzeko feminismoa eta sindikalismoa nola elkar daitezkeen pertsona askoren bizi-baldintzen hobekuntzan, berea barne.
Argia astekariak eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak elkarlanean argitaratutako liburu erakargarri hau (euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz dago eskuragarri) hiru zatitan banatuta dago. Labur-labur: Lehenik eta behin, Onintzak langile askok eta sektorean gehiengoa duen sindikatuak, Euskal Langileen Alkartasunak (ELA), 2002. urtetik gutxienez egin duten ekintza sindikal xehearen errepasoa egiten du. 2016an hasi zen greba ez da berez sortu, baizik eta poliki-poliki, antolaketa-, zuzenbide- eta prestakuntza-lan handia egin ondoren, lan-testuinguru horretan prekarietate handia eta jokabide matxista eta iraingarriak baitaude. Atal honek, argi eta labur, ekintzaile sindikalen hainbat hitzordu tartekatzen ditu, emakumezko langileak elkarren segidako hitzarmen kolektiboen negoziazioaren bidez indarra nola hartzen ari diren kontatzeko.
Hitzarmen bakoitza sinatzeak hainbat hobekuntza ekarri zituen soldata- eta lan-baldintzetan, sektoreko langileen ahalduntzearekin eta kontzientziazioarekin batera. Askok, hasiera batean, beren senarren diru-sarreren "soldata-osagarri" gisa hartzen zuten euren diru-sarrera apala, "bidaiak ordaintzeko" edo beste gutiziaren baterako; baina gutxik ulertzen zuten soldata independente izateko eta bizitza duina izateko balio zienik. 600 €baino gutxixeagok eta 1.800 orduko lanaldiak ez zuten inolako ongizate ekonomikorik ziurtatzen, ez eta prestakuntza-ikastaroak egiteko aukera ematen ere, hobeto ordaindutako lanak egiteko. Norbaitek zaindu behar zuen egoitzetako jendea, eta emakumeei, emakumeak izateagatik, loteria egokitu zitzaien. Horregatik, negoziazio egoera hobetzeko, giroa berotu beharra zegoen, eta sindikalismo feminista, greba batez ere, oso tresna baliagarria zen horretarako.
Liburuaren bigarren zatiak hainbat albiste eta argazki biltzen ditu, antzeko borroka zaharrek izan duten oihartzunaren lekuko. Borroka sindikal feministak aurpegiak ditu, pertsonak dira, eta horiek ezagutzeko aukera ematen digu liburuak. Era berean, atal honetan grebalarietako batek idatzitako poema bat irakur daiteke, emakume horien erresistentzia gupidagabearen oda gisa. t2016-2017ko greba luzeari eusteko adorea agerikoa da.
Azkenik, liburuan greben azken oihartzun handiena izan duten lantokiei atxikitako 8 emakumeren testigantza jasotzen da. Bizitzako istorio bakoitza aberatsa da berez, erakusten baitu emakume bakoitzak nola egin dion aurre gatazka gogor eta luzeari modu desberdinean. Eta aldeak egon arren, edo agian horiei esker, guztiek sintonia handia erakusten dute 378 eguneko greba katarsi indibidual eta kolektiboko prozesu argia izan dela adierazteko, eta oso harro daude horretaz. Horregatik, horietako bakar batek ere, eta jasan ahal izan dituzten kaleratzeak edo diskriminazioa ahaztu gabe, denboran atzera egingo luke bere bizi-historia aldatzeko.
Denek ez zuten greba borroka-beharraren konbentzimendu-maila berarekin hasi, eta guztiek ere ez zuten laguntza-maila bera izan lankideen aldetik, eta are gutxiago zeuden denak sindikatuta. Adibidez, Marisol, ez zegoen bere buruaz ziur, baina beste lantoki batzuetako beste grebalari batzuen babesa jaso zuen bere lantokiaren aurrean protesta egiteko. Lehen pegatina itsatsita edo informazio-panfletoa banatuta, konturatzen da bera ere gai dela borroka bere egiteko, bere eskubideak gauzatzeko eta bere nagusien errespetua irabazteko. Beste batzuek, beren borroka feminista bezain sindikala zergatik den hasieran ulertu gabe, ikasten dute eta deskubritzen dute emakume izateagatik tratu bereizia eta gizonena baino okerragoa jasotzen ari direla.
Egoiliarren senide batzuek grebara joateagatik aurpegiratu eta iraindu egiten dituzte; beste batzuek, berriz, Bizkaiko Foru Aldundiaren utzikeria salatzeko antolatzen eta babesten dituzte. Aldundiaren aurrean komunikazio eta protesta lan nekaezina dela eta, kalea gero eta solidarioagoa da bere kausarekin. Horrek negar, barre eta oihu egiten duten grebalarien morala indartzen du. Sindikatuak, ondo antolatuta eta baliabide legal eta ekonomiko ugarirekin, beharrezko estaldura ematen die grebalariei, borrokari behar beste denboran eutsi eta irabazi ahal izateko. Bereziki, elkarrizketatu guztiek azpimarratu dute erresistentzia kutxa tresna baliotsua dela gatazka luzatu ahal izateko eta patronalari gehiago eta hobeto presio egiteko. Horrela, emakume horiek sinesgarritasuna ematen diote ekintza sindikalak emakume eta langile gisa emantzipatzeko duen garrantziari.
Liburu honetan jasotzen diren esperientzia ezberdinek ez dute irakurlea epel uzten. Emakume horiek lan baten prekarietatea salatzeko duten ausardia eta ahalegina, behar gehien duten pertsonen duintasuna ziurtatzeko beharrezkoa zaigun lana, erakusten digute denok egin dezakegula zerbait solidarioagoak izateko, antolaketaren eta kontzientzia hartze kolektiboaren bidez. Hala, bai zaintzen duen pertsonak bai zaintzen duenak lotura estuagoa ezartzen dute, lan egiten duten eta zainduak izan nahi duten pertsona gisa dugun erabakitzeko ahalmena eta gaitasuna areagotuz. Liburu honek, beraz, sindikalismo feminista gure gizarte osoaren duintasunean borrokatzeko beharrezko modu gisa aurkezten digu, eta elkarrizketatutako Bizkaiko egoitzetako 8 grebalariak honen garrantziaren lekuko argiak dira.