Sozialdemokraziak ez du sindikalismo indartsurik nahi

2012/12/20
aurkezpen txartela2.jpg
Joxe Elorrieta. "Ez dago enpresako botere sindikalari zentraltasunik ematen ez dion sindikalismorik. Nahiz eta zure negoziazio esparrua ez enpresa izan. Nik izan dezaket negoziazio sektorialean oinarritutako eredua, baina oinarrizko boterea enpresa edo lan zentruetan dago. Hori sindikatu guztiek dakite, eta baita neoliberalek ere. "

"Zer egin zuen Thatcherrek boterera heldu zenean? Sindikatuek enpresetan zuten indarra ahultzeko neurri sorta andana hartu. Laborismo berria gobernura iristean, gauzak ez ziren aldatu. Kontuan izan: sozialdemokraziak ez du sindikalismo indartsurik nahi."

"Zer gertatu zen Italian? 60. hamarkadan CGIL sindikatu komunista indartsua zen, enpresetan txertatua. %50etik gorako afiliazio tasarekin.  Oinarrian finkatutako sindikalismo hau ez du legeak desaktibatuko, akordio tripartito batek baizik; gobernua, patronala eta sindikatuen arteko akordio batek, CGIL barne. Zergatik? Agintzen duena alderdia delako. PCIk instituzioetan boterea lortzeko homologazioa bilatzen duelako, eta horretarako ezinbestekoa da sindikatua disziplinatzea, hau da, sindikatua ezin da ekintza aldarrikatzaileetan zentratu."

"Espainian gauza bera gertatzen da. Alderdiek Moncloako ituna sinatzen dute, sindikatuak bake sozialera behartuz. Garai hartan CEOEko buruak dio: sindikatuak enpresetatik ateratzen dituen legerik egiten ez badugu, CCOOk UGT irentsiko du. Espainian PCEk gauza askori egin zien uko, baina batez ere bere langile mugimendua birrintzen du. PCIk Italian egin zuen moduan."

"Eta orain zer egiten dute neoliberalek? Sindikatua enpresara itzularazi. Horixe da lan erreforma. Eta zergatik nahi dute hori? Jada enpresetan ez dagoelako sindikaturik, eta enpresariak bere baldintzak aurkakotasunik gabe inposa ditzekeelako."