Trip metal: Hego Euskal Herriko metalean gertatzen ari denarekin ez galtzeko

2023/05/12
GipuzkoakoMetala.jpeg
Tijuana in Blue talde mitikoaren Trip metal kantua etorri zait burura gaur, Hego Euskal Herriko metalean gertatzen ari denarekin jendea aluzinatzen ari dela imajinatzen baitut. Normala da, ez baita ulertzeko batere erraza.

Unai OñederraUnai Oñederra, Manu Robles-Arangiz fundazioa (artikulu hau Emeki Kunama blogetik hartu dugu)

Tijuana in Blue talde mitikoaren Trip metal kantua etorri zait burura gaur, Hego Euskal Herriko metalean gertatzen ari denarekin jendea aluzinatzen ari dela imajinatzen baitut. Normala da, ez baita ulertzeko batere erraza:

– UGT sindikatuak lau lurraldeetako metaleko hitzarmenak sinatu ditu.

– CCOOk Nafarroako, Arabako eta Bizkaiko metaleko hitzarmenak sinatu ditu, baina Gipuzkoakoa ez duela sinatuko dio, beste hirurak baina hobekuntza gehiago jasotzen dituenean eta, nabarmen, besteak baina hobea denean.

– LABek Arabako eta Bizkaiko hitzarmenak sinatu ditu, baina Gipuzkoakoa ez omen du sinatuko.

– ELAk Nafarroako, Arabako eta Bizkaiko hitzarmenak ez ditu sinatu, baina Gipuzkoakoa sinatuko du.

– ADEGI patronalak beste hiru patronalak baina eskaintza hobea egin du, greba egunik egon gabe.

Entra en el mundo del trip metal… trip, trip, trip metal…

Edukiak begiratu

UGTren postura erraz ulertzen da, guztia sinatzen du. ELArena ere ulergarria da, hitzarmen bakarra sinatu du, hain justu, eduki onenak dituena. CCOO eta LABena, ordea, zailagoa da ulertzen. Gipuzkoako hitzarmena baina eduki kaskarragoak jasotzen dituzten hitzarmenak sinatu ondoren, nolatan ez dute sinatu nahi hau?

Datuak begiratu

Orain urte batzuk ikerketa batek zioen Euskal Herria zela Europan greba gehien egiten zen lurraldea. Berriki Estatu mailako 2022ko datuak argitaratu dira: Hego Euskal Herrian Estatu osoko greba guztien %56 egin ziren. Eta aurreko hilabetean 2023ko datuak azaldu ziren: Gipuzkoan egin diren greba egunen %88,7a ELAk deitutakoak dira (1.230 egun). LABek 154 greba egun deitu ditu.

Jakina, grebak lan baldintzak hobetzeko egiten dira. Zentzu horretan, datu esanguratsua eman zuen El Saltoko Gessamí Forner kazetariak orain gutxi: greba kopuru horiei esker Hego Euskal Herrian eman dira Estatuko soldata igoerarik altuenak; Gipuzkoa,txapeldun, %6ko igoerarekin. Greba kopurua eta lan baldintzak estuki lotuta daude, agerian gelditzen denez.

Baina, ez zaitezte engaina. Greba egitea ez da batere erraza, ezta atsegina ere. Langileek grebara jotzen dute beste erremediorik ez dutenean. Nahi dituzten hobekuntzak lortzeko beste biderik ez dielako ematen parekoak. Greba lan baldintzak hobetzeko bide bat da, bide nagusia. Horretan zalantzarik duenak eman diezaiola begirada bat ELAk argitaratu berri duen 2022ko urtekariari. 86 garaipen azken urtean, garaipen bat lau egunetik behin. Erraz esaten da.

Gainera, greba eta garaipen horien fruituak ez dituzte soilik greben protagonistek jasotzen. Zenbaitetan, gutxitan, enpresa edo patronal batek, parean langileak grebak egin eta luzatzeko gaitasuna eta determinazioa duen sindikatu batean antolatuta daudela ohartuta, nahiago du amore eman, eta langileek onartzeko moduko eskaintza bat egin, greba abian hastea baino. Dudarik ez izan: ADEGIren erabakian Arabako eta Bizkaiko metaleko grebek eragina izan dute, Gipuzkoa eta Hego Euskal Herrian egiten diren gainerako greba guztiek eragina izan duten moduan.

Kontuz kontakizunekin

Edukiek eta datuek hori erakusten dute, baina datu eta edukiez gain kontakizunak entzungo dituzue. ELAk sektoreak abandonatu dituela. ELAk grebak egitea besterik ez duela nahi. ELAk nahita luzatzen dituela grebak, interes korporatiboengatik. ELAk ADEGIrekin aliantza duela… Eta, ui, ELAk sektoreko hitzarmena sinatu du! Ui, ELAk greba egin gabe hitzarmen bat sinatu du! Ui, baina ELAri greba luzeak interesatzen bazaizkio zergatik ez du grebarik deitu Gipuzkoako metalean? Ui, baina ELAk ADEGIrekin akordioa badu zergatik egin ditu aurten 1.230 greba egun Gipuzkoan?

Kontakizunak beharrezkoak ditugu eta, orokorrean, funtzionatzen dute. Baina, momenturen batean, gertakari batek sinistu duzun kontakizunen bat kontraesanean jartzen badizu, hau da nire gomendioa: jo eduki eta datuetara. Gauzak askoz argiago ikusten dira horrela.