Txantxangorria erdaraz kantari

2022/12/02
EITB.jpeg
Euskara sustatu eta zabaltzeko sorturiko ikus-entzunezko erakunde eta tresnarik nagusiena nabarmen aldendu da bere helburutik. EiTBren sorrerako helburuak gogoratu, eginiko ibilbidea errepasatu eta egungo gizartea eta ikus-entzunezkoen mundua aintzat hartuta, erakundea bera eta eskaintza osoa birpentsatzeko momentu egokia izan daiteke.

Xabier Irastorza Garmendia, Manu Robles-Arangiz fundazioko kidea (artilulu hau Alda aldizkarian argitaratu da)

Gure txantxangorriaren DNA deskodetuko balute, euskal herritarren “informazioa jasotzeko, parte hartze politikoa bermatzeko eta hezkuntza sistemarekin batera, euskara eta euskal kultura sutatu eta zabaltzeko ezinbesteko tresna” dela esan beharko luke. Horrela dio behintzat Euskal Irrati Telebista Erakunde Publikoa sortzen zuen 1982ko maiatzaren 20ko legeak. Euskal herritarren “eskubideak eta askatasuna garatu ahal izateko oinarri”. Euskara eta euskal kultura sustatzeko xedeari helduz, 3. artikuluak erreferentzia zuzena egiten dio gure herrian irrati-telebista eskaintzan dagoen erabateko hizkuntza desorekari, euskararen kaltetan, noski, eta euskarazko programazioak arrakala hori arintzeko balio behar duela.

40 urte igaro dira, legebiltzarraren mandatua betez, 1982ko azaroaren 23an Euskadi Irratiak bere lehen saioa egin zuenetik eta urte zaharretan Garaikoetxea lehendakariak ETB estreinatu zuenetik. Irratian 4 hilabete eskas eta telebistan apenas 3 urte egin zituen txantxangorriak euskara hutsez kantari. Izan ere 1983ko maiatzean abiatu zen gaztelania hutsezko programazioa zuen Radio Euskadi eta 1986an ETB2. Geroztik, EiTBren txantxangorriak erdaldundu duten mutazioak besterik ez ditu izan.

Urruntze honen adierazle da, Pantailak Euskaraz ekimenak salatu berri duen moduan, 1980 eta 90. hamarkadetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako haurren %70ek ETB1eko marrazki bizidunak ikusten zituztela eta gaur egun, ETB3k %0,3ko pantaila kuota duela. ETBrekin hazi diren belaunaldientzat euskaraz egiten zuten Sandy Bell, Arturo erregea, Arale, Dotakon, Pottokiak, Pac Man edota Dragoi Bola eta Barazki sortako protagonistek. Gaurko haurrei, ordea, gaztelaniaz egiten diete, eta nahi izanez gero baita ingelesez ere, Youtube, Netflix, Amazon Prime, HBO, Movistar+, Disney+, Clan, Boing, Rakuten, Pluto, ATRESplayer, AppleTV edo antzeko beste plataformetan ikusten dituzten El príncipe dragonek, Dino Danak, Carmen Sandiegok, Pokemonek, Sherak, Bob Esponjak, Ladybugek edota Dragones al rescate, Los Thundermans, El Club de las canguro, Madres forzosas edo Henry Danger-eko pertsonaiek.

Izan ere, haurrei euskarazko edukia eskaini nahi dieten familiek badute aukeraren bat 7 urte bitarte, Doraemonen gaindosi bat ekiditen badute, bederen. Baina hortik gorako haurrak umezurtz ditugu beraiek gustukoen dituzten marrazki eta serieak euskaraz ikusteko. Noizean behin bisitan etortzen zaizkie Goazen edo Hasiberriak telesaileko lagunak, baina bisita besterik ez. Eta ahaztu, noski, euskarazko haur, nerabe eta gazteentzako filmak.

Honetaz kexu da Pantailaldiko Gipuzkoako koordinatzaile Ioritz Gonzalez: “Ikus-entzunezko oso-oso eduki gutxi dago euskaraz. Harrigarria da duela 20-30 urte baino film gutxiago egotea bikoiztuta, askoz gehiago kontsumitzen ditugunean. Hala da marrazki bizidunekin ere. Kate gehiago daude, gehiago kontsumitzen da, aukera zabalagoa dago, baina euskarazko eskaintza berdin mantendu da edo gutxitu egin da”. Pantailak Euskaraz ekimeneko Izaskun Rekalde eta Alex Aginagalde kexu dira bere garaian diru publikoz bikoizturiko hamarnaka film, telesail eta marrazki bizidun ez daudelako herritarron eskura eta ikusgai.

Pantailak Euskarazko kideek Gasteizko legebiltzarrean emandako datuen arabera euskal herritarron %47k erabiltzen ditugu streaming bidezko plataformak, eta 20-24 urte arteko gazteen %75ek. Baina plataforma horietan apenas dago euskarazko filmik. Eta bakar batean ere ezin da ikusi telesailik euskaraz. Gure zinemetan ere egoera dramatikoa da: emanaldi guztien %1 baino ez da euskaraz.

Okertzeko arriskurik gabe esan dezakegu euskal gazteen ikus-entzunezko erreferentziak erdaldunak direla.

Baina arazoa ez dago soilik gazteengan. Esan moduan, herritarron ia erdiak erabiltzen ditugu ikus-entzunezko plataformak eta hor euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Baina, bestalde, azken hamarkadetan nabarmen jaitsi bada ere, bereziki gazteenen artean, gure etxeetan, batez beste, hiru ordu pasatxo ematen ditugu telebistaren aurrean. Eta hor, egoera ez da hobea. Izan ere, Hego Euskal Herrian gehien ikusten diren telebista kateak Euskal Herritik kanpo ekoizten diren gaztelaniazko kateak dira, EAEn pantaila kuotaren %87,7 izateraino. Baina Euskal Herrian ekoizten direnen artean ere, gaztelaniazko emisioek, ETB2renak, alegia, hartzen dute pantaila kuotaren %82,1. Guztira, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko telebista pantaila kuotaren %97,8 gaztelaniazko programazioak betetzen du.

EiTB pastela.jpg

Inork izan dezake tentaziorik esateko hizkuntza propioaren patu dela hori. Euskaldun gutxi dagoelako, euskara gai batzuetan jarduteko ez dagoelako horren garatua, gai askoren inguruan euskaraz entzun eta aritzeko ohiturarik ez dagoelako... Azken batean, euskarazko telebista edo programazio batek ezin dezakeela amets egin gaztelaniazkoekin lehiatzearekin edo audientzia esanguratsuak izatearekin. TV3 eta TVGren kasuek, ordea, kontrakoa adierazten dute. Katalanez eta galegoz diharduten bi kateek beraien lurraldeetan ematen dute gainerako kateekin parez pare lehiatzen dute. TV3, modu nabarmenean, Kataluniako telebistarik ikusiena izateraino, %14ko pantaila kuotarekin, eta TVG ere antzera, modu lehiatuagoan bada ere. Gutxituriko berezko hizkuntzan programatzen duten bi telebista hauek, gainera, bereziki datu onak dituzte albistegietan eta gau eta asteburuetako prime time tarteetan. Oso esanguratsua da aktualitate politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala ardatz zuen TV3ko FAQs Preguntes Freqüents bezalako saio batek %15 eta %20 bitarteko audientzia izatea, ordu berean ari ziren gaztelaniazko gainerako programek baina 5-10 puntu gehiago.

EiTBren zuzendaritza: kukua txantxangorriarentzat

Zer gertatzen da orduan ETBrekin? Zergatik euskarazko programazioak ditu horren ikusle gutxi? Euskaldunok eta euskal herritarrok, oro har, ez ote dugu telebista euskaraz ikusterik nahi? Edo agian edukiak eta eskaintzen denaren kalitateak du zerikusia?

EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko zuzendari Josu Amezagaren esanetan, “ETB2k lehia desorekatu egiten dio ETB1i. Kanal batek nagusitasuna du bestearekiko eta gauza batzuk lehenetsi egiten dira, erdarazko programazioaren alde”. EHUko irakasleak desoreka horiek ETBk izan duen garapenarekin eta harturiko erabakiekin lotzen ditu. Izan ere, ETB euskaraz jaio zen, baina 1986an ETB2 sortu zuten gaztelania hutsez. Orduan erabaki zen ETB2k gehienbat informatu egingo zuela baita aisialdiko programak eskaini ere. ETB1ek haurren programazioa eta kirola. Kirolaren bidez ETB1 ia etxe guztietara sartu zen eta hori ez da gutxi. Baina ondoren kanal gehiago sortu ziren gaztelaniaz, ETBk ligako futbol partiden emisio eskubideak galdu zituen. Digitalizazioarekin haurrentzako kanal bereziak eta eskaintza handia sortu zen. Eta ETB1i bere eremua asko murriztu zitzaion. ETB2k, aldiz, informazioa garatzen jarraitu du eta aisialdiko programak eskaintzen. Ondorioz, desoreka etengabe handitzen joan da. Azken 10-15 urteetako kanalen ugaritze eta eskaintzaren biderkatzearekin audientzia lehia inoiz baino handiagoa da. Audientzia kuotak asko gutxitu dira. Eta lehia horretan gaztelaniazko kanalaren aldeko apustua egin da, kanal batean, bederen, gutxieneko audientzia bat izateko. Eta euskarazko telebista kaltetua atera da.

Kukuak txantxangorriarekin moduan jokatzen du EiTBko zuzendaritzak ETB1ekin. Txantxangorriaren habian arrautzak errun eta kuku-kumea jaiotzean, txantxangorri-kume guztiak kanporatu.

Albistegiak dira horren adierazle garbiak. Euskarazkoak telebista ikusteko ohiturarik ez edo aukerak mugatuak diren orduetan ematen dira eta, horretaz gain, askoz ere laburragoak dira. Gaztelaniazkoak aldiz, telebistaren aurrean esertzeko orduetan eta denbora luzeagoz pantailaratzen dira. Iaz, gaztelaniazko albistegiek %22,1eko ikusle kuota izan zuten; euskarazkoek, %3,3koa.

Lehia desorekatu horren adibide moduan jartzen du Amezagak, duela pare bat urte, igande gauez, 22:00etan, puntako orduan, gertatutakoa. ETB2k 360 grados ikerketa kazetaritza saioan Torturas: el crimen mejor escondido eskaini zuen. Ordu berean, ETB1en, euskarazko katean audientziarik onenetarikoa izaten zuen Herri Txiki, Infernu Handi, bataz beste %4,2ko pantaila kuotarekin 70.000-90.000 pertsona inguruk momenturen batean ikusten zuena. Torturen inguruko saioak interesa piztu eta saioak bere ibilbideko audientzia daturik onenak izan zituen (momenturen batean 286.000 ikusle eta %11,5eko pantaila kuota). Euskarazko saioak, aldiz, ohiko audientziaren erdia. Zer gertatu zen? Ba, bi kanalen audientziak kulturalki, politiko, soziologikoki oso antzekoak izaki, pentsatzekoa da batak galdutako kuota besteak irabazi zuela. Hau da, ETB2k irabazitakoa ETB1ek galdu zuela.

Gauza bera gertatu izan da larunbat gauetan. ETB2k berriki estreinaturiko filmak eskaini izan dituen bitartean, ETB1ek duela urtebete, bi edo hiru urte grabaturiko dantza eta musika emanaldiak eskaini ditu. Gogoan dut ETB1ek grabaturiko bilbainada saio bat eskaintzen zuen larunbat gau horietako batean, TV3 Villarejo komisarioari elkarrizketa egiten ari zitzaiola Espainiar Estatuko estolderia, eroskeria eta ustelkeriaren inguruan eta estatuko aparatuek procés-ean jokatu zuten paperaren inguruan.

Pantailak Euskarazeko kideek salatzen dute azken 7 urtetan ETB1ek ez duela helduen fikziorik bikoiztu euskara, “ez dago munduan beste kasurik, hizkuntza propioa izanik, azken 7 urteetan bere hizkuntzara helduentzako fikziorik itzuli ez duenik”. EiTBri jarraipen zorrotza egiten dion Urtzi Urkizu Berriako kazetariak ere azaleratu du maiatzetik hona ETB2n 130 film gaztelaniaz eskaini dituzten bitartean ETB1ek bakar bat ere ez. Zein da arazoa puntako fikzio serie eta filmak euskarara itzultzeko?

Zer esanik ez ETBren saio izarra den El Conquis. Programaren izaera edo egokitasunean sartu gabe, %30 inguruko pantaila kuota du eta 330.000 ikusle baino gehiagok ikusten du momenturen batean. Baina ETB zuzentzen duen inork galdetu ote dio bere buruari zenbat euskal hiztunek ikusten duten? Ba, El Conquis-en ikusleen %56 euskal hiztunak omen dira eta %80ak ulertzen omen du euskara. Euskaldunei telebista zerbitzu egokia ez emateaz gain, eskaintzen dituen edukien bidez, ez al da ari ETB ikusle euskaldunak gaztelaniazko katera bideratzen? Euskaldunak gaztelaniazko ohituretara bideratzen eta euskalduntzen lagun zitzakeenak gaztelanian finkatzen?

Josu Amezagak dioen moduan, euskaldunek kanal bat edo bestea aukeratzen dute ez hizkuntzagatik, edukiagatik baizik. Edukia gaztelaniaz erakargarriagoa bada gaztelaniara jotzen dute. Hainbat ikerketek azaldu dute egoera diglosiko batean hizkuntza ezberdinen eskaintza parekoa bada, hizkuntza gutxituko hizlariek bere hizkuntzaren aldeko aukeraketa egiten dutela. ETBk,ordea, ez du aukera hori ematen. Izan ere, eskaintza erabat desorekatua da, gaztelaniaren alde.

Eredu egokiena den edo ez eztabaidan sartu gabe, irratiaren egitura eta funtzionamendua bestelakoa da. Hemen ere gaztelaniazko ekoizpenari lehentasuna eman eta baliabide gehiago eskaintzen zaizkion arren, irrati bakoitzak bere egitura, zuzendaritza eta programazio politika propioa dute. Modu orekatuan ez bada ere, kanal bakoitzak agente autonomo moduan funtzionatzen du bere audientzia erakartzeko ahaleginean eta horretarako ahalik eta programazio egokiena sortzen saiatzen dira. Bi kateen eskaintza kalitatezkoa da eta ondorioz emaitzak ere oso bestelakoak dira telebistarekin gertatzen denarekin alderatuz.

Euskadi Irratiak eskaintza txukuna egiten du eta entzule kopurua eta audientzia datuak ere kontuan hartzekoak dira (%7,9ko audientzia eta 150.000 entzulek entzuten dute eguneko momenturen batean). Euskarazko beste irrati entzunenak, Gazteak, bere hizkuntza politika eta trataerak beste erreportaje baterako emango baluke ere, audientzia eta entzule kopuru onak ditu (%9,2ko audientzia eta 170.000 entzule inguru). Bien artean entzunena den gaztelaniazko Ser irratiaren pareko entzule kopurua dute, eta EiTB taldeko gaztelaniaz aireratzen diren kateek baino entzule gehiago. Telebista eta irratia entzuten dutenen profilak eta ohiturak oso ezberdinak izan arren, non daude egunero momenturen batean irratia euskaraz entzuten duten 300.000tik gorako pertsona horiek edo, nahiago bada, Euskadi Irratia entzuten duten 150.000tik gora telebistaren aurrean jartzerako orduan? Txantxangorria erdaldundu digutelakoan nago.

Egun eduki ezberdinak ikus eta entzuteko ditugun ohiturak, dauden plataforma eta eskaintza ugariak, euskal herritarren hizkuntza ezagutza eta ohiturak eta herritarrak euskalduntzeko dugun premia kontuan hartuta, ezinbestean gure hizkuntza, komunikazio eta ikus-entzunezkoen inguruko politika, estrategia eta tresnak goitik behera birpentsatu beharrean gaude. Euskal agintariek eta euskal komunikazio zerbitzu publikoek ezinbesteko papera dute horretan, baina komunikabide pribatuak ere baldintzatuko dituen legeria eta politikak ere beharrezkoak izango dira.

Bitartean, www.zernonikusi.eus-en streaming plataforma ezberdinetan euskaraz aurki daitezkeenekin eta zinemetako estreinaldiekin gozatzeko aukera duzu.

 

 

Euskarazko ikus-entzunezko estrategia garatzeko erronka

Eustaten azken hizkuntza-azterketan agerian geratu da Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %64 euskara ulertzeko gai dela. Gipuzkoa da belarriprest potentzial gehien dituen lurraldea, ia lau pertsonatik hiru. Bizkaian eta Araban, erdiak baino gehiago dira ulertzeko gai (%58 Bizkaian eta %52 Araban). Nafarroan eta Iparraldean egoera desberdina da. Soziolinguistika Clusterreko azken inkestaren arabera, Nafarroako lau pertsonatik batek euskara ulertzen du —lautik hiruk eremu euskaldunean—, eta hirutik batek Ipar Euskal Herrian. Beste datu esanguratsu bat da ETB 2 ikusi ohi duten pertsonen %54 euskaraz mintzatzeko gai dela, eta %72 ulertzeko gai dela.

Datu horiek, ikus-entzunezko edukiak eskuratzeko ohiturak aldatzen ari diren eta plataformak eta produktuak izugarri ugaritzen ari diren testuinguru batean, ikus-entzunezko estrategia goitik behera birpentsarazi behar digute, EiTBren espirituari eta hasierako helburuei erantzun nahi badiegu, bederen. Lurralde eta administrazio bakoitzak errealitate, behar eta tresna desberdinak ditu. Bakoitzak bere estrategia antolatu beharko luke helburuak lortzeko, baina, ezbairik gabe, EAEk eta bere gobernuek erantzukizun handiagoa dute Euskal Herri osorako egiturak eta tresnak sortzeko orduan.

Plataforma ugari sortu dira azken aldian, hala nola (H)itzartu EiTB, Netflix Euskaraz, Zinemak Euskaraz edo Pantailak Euskaraz, administrazioei eskaera zehatzak egin asmoz. Hala nola, euskarazko ikus-entzunezko sektorearen finantziazioa handitzea edo ikus-entzunezko ekoizpen nagusien bikoizketa eta azpititulazioaren aldeko apustu irmoa egitea.

Pantailak Euskaraz manifestuak euskarazko zinema eta ikus-entzunezko produktuen ekoizpena eta emisioa arautzeko lege propioak sortzea eskatzen du. Bere aldarrikapen nagusietako bat euskarazko streaming plataforma bat sortzea da, orain arte euskaraz ekoitzi eta bikoiztutako guztiarekin, eta bertan eduki berriak sortu eta sartzea. Era berean, streaming-plataforma nagusietan euskararen presentzia areagotzea eta bermatzea ere eskatzen dute. Edo Espainiako eta Frantziako kate publikoei euskarazko edukiak eskaintzea.

Eta testuinguru horretan, zer zeregin izan behar du EiTBk?

Egungo euskararen ulermen datuak eskuan, ziurrenik hurrengo urteetan handituko direnak, eta gure pantailetan nagusi diren gaztelania edo frantsesezko ikus-entzunezkoen kontuan hartuta, zentzuzkoa al da egungo kanalen edo irratien hizkuntza-banaketa? Ez al da komenigarriagoa kalitate handiko euskarazko telebista-kanal bakar baten alde egitea, euskara ulertzeko zailtasunak dituztenentzat, azpitituluak edo gaztelaniazko edo frantsesezko bigarren audioak bezalako baliabide eta laguntzarekin? Edo euskarazko eskaintza nagusi honekin batera, kiroletako, haurrentzako, kulturarako, informaziorako, dokumentaletarako, telesailetarako eta zinemarako gaikako kanal bat edo gehiago jartzea, hori guztia euskaraz beste hizkuntzetarako azpitituluekin edo bigarren audioarekin?

Hausnarketa horretan eta ikus-entzunezko politika garatu eta kontrolatzeko helburuarekin urrats garrantzitsu bat litzateke lurralde-administrazio bakoitzean Ikus-entzunezko Hedabideen Kontseilua sortzea, aipatutako ekimen horietako batzuek eta beste hainbat eragilek eskatzen duten bezala, eta ia Europako herrialde guztietan dagoen moduan. Kontseilu horren funtzio nagusia gardentasuna, ekitatea, kultura-, hizkuntza- eta ideologia-aniztasuna, edukien kalitatea eta publikoaren babesa bermatzea litzateke. Ramón Zallo UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko katedradun emerituaren hitzetan: “Horrela, euskal komunikazio-guneak zerbitzu publikoa eta informazio egokia emateko betebeharrari erantzun diezaioke. Gobernuak ez dira ausartzen ikus-entzunezko baliabideen aurkako neurriak hartzera, eta Kontseiluek isunak jartzeko gaitasuna dute, legea aplikatzeko aukera ematen dute.”

Josep Carles Rius Consell de la Informació de Catalunyako presidentearen iritziz, hedabideen funtzio soziala eta gardentasuna bermatzeko balio dute aholkuek, “Baliabide asko botere- edo interes-taldeen ordezkariak dira, eta herritarrek jakin behar dute nor dagoen atzean”.