Ulertugabearen mingotsa

2014/02/10
defendatu etorkizuna.jpg
Jon Fernandez, Berria 2014/02/09 / Gogorra behar du inork norbera ez ulertzeak. Adegik badaki zer den hori. Iazko eta aurtengo azterketa ekonomikoa egiteko prentsaurrekoan, zenbakiak eta iragarpenak izan beharrean gehien errepikatutako esaldia «gezurra da» izateak argi utzi du zein den mingotsa ulertugabearen rola. Gipuzkoako patronalak duela hilabete aurkeztutako lan harremanetarako ereduak sortutako polemikatik ez du babes sendo bakar batik ere jaso.

Jon Fernandez, Berria 2014/02/09

Bere bakardadean geratu da Adegi, eta kontrako erreakzioen atzean «gaizki-ulertua» dagoela dio behin eta berriz. Gezurra dela lan baldintzak banan-banan negoziatu nahi dituztela. Deigarria da, halere, adostasunetan urria den herrialde honetan Adegi ez beste eragile guztiak bat etortzea gaizki-ulertuan.

Deigarria da, halere, adostasunetan urria den herrialde honetan Adegi ez beste eragile guztiak bat etortzea gaizki-ulertuan.

Ez dira sindikatuak izan lan harreman eredu berria «ulertu» ez duten bakarrak. Gipuzkoako merkataritza ganberak ere ez dio erabateko babesik eman, Eusko Jaurlaritzak ere ez, eta Confebasken tirabirak sortu ditu Adegiren proposamenak. Bi aukera daude Gipuzkoako patronalaren bakardadea azaltzeko: txarto azaldu du mezua edo gainontzekoak ondoegi jabetu dira enpresa kultura berriak, lerro artean, ezkutatzen dituen helburuez. Lehen aukera berehala baztertu daiteke, urtarrilaren 17ko aurkezpeneko txostenean Adegik argi azaldu baitzuen: «Ahal den neurrian akordio kolektiboak bilatuko ditugu, baina akordio indibidualei uko egin barik».

Adegik txarto azaldu du mezua edo gainontzekoak ondoegi jabetu dira enpresa kultura berriak, lerro artean, ezkutatzen dituen helburuez

Zaila da esaldi hori txarto interpretatzea. Areago, horri gehitzen badiogu negoziazio kolektiboaren berezko atala desegin duela patronalak bere egituran. Neurri horrek, gainera, lan gatazka etxe barrura eraman dio patronalari, Juan Ramon Apezetxea negoziazio kolektiborako arduraduna zenak Adegiren aurkako auzibidea abiatu baitu. Nolanahi ere, sortutako kritiken burrunba ikusirik, patronalak orraztu egin du hasierako proposamena. Titulua aldatu dio: Lan harreman eredu berria izan ordez, Enpresa kultura berria deitzen da orain. Baina izena aldatu eta izanari eusteak ez dio inoren babesa irabazterik ekarri.

Lerro artean

Irakurtzekoa da patronalak sarean eseki duen enpresa kultura berriaren gida. «Norbaiti gaizki iruditzen al zaio gure langileei erabaki bat edo bestea zergatik hartu behar dugun azaltzea, horretarako informazioa emanda?». Galdera hori bota du airera Jose Miguel Aiertza Adegiko idazkari nagusiak. Seguruenik inori ez zaio gaizki irudituko, gardentasunera zabaldu nahi ez duten enpresari zenbaiti eta barrikadan goxo egon daitezkeenei izan ezik. Baina hori txanponaren alde bat baino ez da. Alde ona. Txostenean, ordea, txanponaren beste aldea ere aurki daiteke, alde ilunagoa.

Enpresak «malguagoak» izatea da helburuetako bat, eta «enpresariek malgutasun hori ezartzeko legeak eskura jartzen dizkion tresnak ezagutzea» — lan erreformaren erabilera, alegia—.

Enpresak «malguagoak» izatea da helburuetako bat, eta «enpresariek malgutasun hori ezartzeko legeak eskura jartzen dizkion tresnak ezagutzea» — lan erreformaren erabilera, alegia—. Lehiakortasuna handitzeko lan kostuak, soldatak, berrikustea gomendatzen du, eta nabarmentzen du Gipuzkoako soldatak Espainiako edozein probintziatan baino handiagoak direla, eta langile gipuzkoarrak direla lan ordu gutxien egiten dutenak. Adegik esaten dio enpresariari langileek eskuratutako eskubideak errespetatu behar dituela, baina gogoraraziz «lan itun kolektiboetan bildutako lan baldintzak ez direla eskuratutako eskubideak». Dena lehiakortasunaren izenean. Horrez gain, Aiertza entzutea esaten eredua ez dela berria zaharra baizik, eta duela 50 urteko lan harremanak dituela inspirazio iturri... Ulertzekoa da langileak dardarka jartzea.

Egia da lan baldintzez hitz egiteko enpresen iraunkortasuna bermatu behar dela lehenengo. Baina ezin da eskatu irri bat, entzun nahi gabe negarrik.